Eragile sozialek ere «itun duina» eskatu dute Bizkaiko metalean

Milaka pertsona atera dira kalera FVEMi lan baldintza hobeak exijitzeko. Bihar bilera bat dute sindikatuek eta patronalak, eta, akordiorik ez bada, bost greba egun hasiko dituzte hilaren 30ean

Metaleko sindikatuek batasun irudia eman zuten atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako langileek «hitzarmen duin bat» eskatzen jarraitzen dute kalean. Maiatzean eta ekainean sektoreko ekoizpena gelditzeko bost greba egun egin ondoren, eta beste horrenbeste egiteko bezperan —hilaren 30etik urriaren 4ra—, Bilboko kaleak bete zituzten atzo. Hilabete hauetan guztietan behin eta berriro mobilizatu dira, eta FVEM patronalarekin izandako azken bileretan aurrerapauso txikiren bat eman dela esan zuen Eulate Zilonizaurrekoetxea LABeko arduradunak: «Maiatzeko eta ekaineko greba egunen ondorioz, patronalak urrats bat egin du irailean, baina haren proposamena urrun dago eskatzen dugunetik». Horregatik, mobilizatzen jarraituko dutela argi esan zioten sindikatuek FVEMi.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak daude negoziazio mahaian, baina ESK-k, USOk, CNTk eta CGTk ere bat egin dute hitzarmena lortzeko mobilizazioetan. Atzo berriro islatu ziren atxikipen horiek, eta, gainera, eragile sozialen babesa gehitu zitzaien sindikatuei. Eragin gazte prekarioen plataforma, pentsiodunak, ikasle mugimenduak, mugimendu feminista eta Harro LGTBI plataforma metaleko langileen alde atera ziren kalera. Deigarria izan zen Harro plataformak manifestazioarekin bat egin zuen momentua: Arriagako zubian amaitu zen martxa, eta, metro batzuk lehenago, bide bazterrean zeuden plataformako kideak «Metalaren borrokaz harro! Gora borroken arteko elkartasuna» zioen pankarta batekin. Manifestazio buruan sartu ziren, eta metaleko langileek txalo eta Harroren aldeko oihuen artean hartu zituzten. Erantzun gisa, arratsaldeanLGTBI plataformak egin zuen mobilizazioan parte hartu zuten metaleko langileek.

Gauzak horrela, sindikatuek eta eragile sozialek batasun irudi argia eskaini zuten. «Hitzarmen duin baten alde, Bizkaiko metala greban» zioen pankarta bati eusten joan ziren sektoreko langileen ordezkariak, eta, horien atzean, sindikatu bakoitzeko bandera bana zeramaten kideak zeuden. Pankarta nagusiaren atzean, gainera, langileen aldarrikapen nagusiak biltzen zituzten lau pankarta gehiago zihoazen, honako lelo hauekin: «Subrogazioa», «Aberastasuna banatu», «Prekaritateari stop» eta «Hitzarmen duin baten alde». Pankarta horietako bakoitzaren atzean, langile gehiagok sindikatuetako bandera bana zeramaten. Batasun sintoniaren erakusle, eskaeretan ere bat egin zuten lau sindikatu nagusietako ordezkariek; patronalari beste behin euren eskaerei erantzuteko esan zioten: soldaten igoera erreala KPI gehi %1 izatea, azpikontraten subrogaziorako eskubidea, behin-behinekotasunaren aurkako neurriak hartzea, eta lan osasuna bermatzeko eta genero berdintasunean sakontzeko proposamen errealak, bideragarriak. Horiei erantzun ezean gatazkak piztuta jarraituko duela ohartarazi zien.

Manifestazioa giro lasaian egin zuten, aurreko batzuetan izandako tentsiorik gabe. Edozein modutan, martxaren ibilbide osoan Ertzaintzaren presentzia handia egon zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.