Industriaren promozioa du bokazio Jose Ignacio Zudairek (Bilbo, 1962), eta egiteko horri lotuak ikusten ditu gaur egun dituen hiru karguak: Hidrogenoaren Euskal Korridorearen presidentea da, baita Bizkaiko Merkataritza Ganberaren presidentea eta Petronorreko kontseilari ordezkariaren albokoa ere. Hori bai, elkarrizketa honetan korridorea izan du hizpide nagusi BERRIArekin.
Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortzeko garaian asko hitz egin zen gaiaz, eta itxaropen handia piztu zuen; baina hidrogeno berdearenak distira pixka bat galdu du azkenaldian, ezta?
Izan zen garai bat non gehiegizko espektatiba bat sortu zen; hidrogeno berdeak mundua salbatu behar zuela ia. Baina gauzak neurrira ekarri behar dira; teknologia berri batez ari gara, eta edozein teknologia berrik denbora behar du garatzeko.
Horren adibiderik onenak eolikoak eta eguzki plakak dira: 20 urte behar izan dituzte. Gaur egun, hidrogeno berriztagarria hidrogeno grisa [gas naturaletik ateratakoa] baino lau aldiz garestiagoa da, eta urrun dauka lehiakor izatea. Europak helburu oso handinahiak ditu, are handiagoak Ukrainako gerra hasi zenetik.
Errusiarekiko menpekotasunarengatik.
Azkenean, garestia izanagatik ere, zergatik du halako zentzua hidrogeno berdeak? Arrazoi bat deskarbonizazioa da. Ezin dugu ekonomiaren %100 deskarbonizatu hidrogenorik gabe, erabilera batzuen elektrifikazioa ezinezkoa delako.
Gero, Europa jabetu da ere zenbaterainoko menpekotasuna duen energian. Alemaniaren lehiakortasunerako oso inportantea zen energiaren kostua, Errusiatik merke zetorkion gasa. Gerrarekin, Repower Europe etorri zen, eta gas naturala bertako energia berriztagarriarekin sortutako hidrogeno berdearekin ordezkatzeko xedea.
Labana suitzarraren irudia erabili izan da hidrogeno berdearen erabilerak azaltzeko; alegia, aplikazio mordoa dituela. Baina egia da ere horietako askotan ez dela aukerarik onena. Zertan erabili eta zertan ez aztertzeko garaia iritsi da?
Bai, bai. Lehendabizi, pentsatu behar da gaur bertan zertarako behar den hidrogeno berdea. Munduan gutxi gorabehera 73 milioi tona hidrogeno sortzen da; soilik %4 da berriztagarria. Oso gutxi da, ze elektrolisi ahalmena gaur egun %0,3 gigawattekoa da.
Orain, oso hidrogeno gris gutxi egiten da [gas naturaletik], erabilera oso zehatzetarako. Findegietarako erabiltzen da %28, erregai fosilei sufrea kentzeko; %45 ongarriak sortzeko da, eta beste %18 metanola egiteko, kimika sektorerako. Beraz, erabilera oso industriala dauka.
«Europak dio industrian erabilitako hidrogenoaren %42k berriztagarria izan behar duela 2030erako»
Eta horiek deskarbonizatu egin behar dira.
Hidrogeno berdearen lehen erabilerak horiek izango dira: hidrogeno grisa ordezkatzea, munduko karbono isurien %2,5 direlako. Europak dio industrian erabilitako hidrogenoaren %42k berriztagarria izan behar duela 2030erako. Beraz, Petronorrek erabili beharko du. Hori beteko da; bestela, itxi beharko dugu [kar-kar].
Eta beste industriak?
Industria batzuek gas naturala erabiltzen dute, eta horien artean bi mota daude: gasa elektrizitatearekin ordezkatu dezaketenak eta ezin dutenak. Gure diskurtsoa argia da: gasa elektrizitatearekin ordezkatu dezaketenek erabil dezatela argindarra. Petronor bera ere zati handi batean elektrizitatearekin deskarbonizatzen da.
Zein dira ezin dutenak? Oso tenperatura handiko prozesuak dituztenak. 1.000 graduko labeetan gas naturala behar duzu, edo, haren ordez, hidrogenoa. Siderurgiari gertatzen zaio hori.
Altzairu berdea hemen egitea litzateke.
Hori da. Automozio sektoreak altzairu berdea eskatzen du, karbono aztarnarik gabeko autoak saldu ahal izateko, eta, ez baduzu haiei saltzeko altzairu berderik, galduta zaude. Alemaniarrak beren siderurgia deskarbonizatzera doaz, hidrogeno berdea inportatuko dute eta altzairu berdea esportatu. Eta guk zera esaten dugu: esportatu behar badugu, izan dadila altzairu berdea, ez hidrogeno berdea.
Egiaz betetzen badira Espainiarako aurreikusitako berriztagarrien helburuak eta lortzen badugu argindar merkeagoarekin hidrogeno berriztagarria merkeagoa izatea, erabil dezagun hidrogeno hori gure industria indartzeko, ez gure lehiakideen mesedetan esportatzeko.
«Deskarbonizazioa ondo dago, baina ordaina ezin da izan hau basamortu industriala bilakatzea»
Horretan ari dira hemengo altzairugileak?
Ez da soilik siderurgia; tutugileak eta beiragileak ere hor daude. Euskal korridorearen barruan badago proiektu bat, saiatzeko industria nola deskarbonizatu. Baina arazoa prezioa da.
Hidrogeno berdearen prezioa.
Gasa baino hiru aldiz garestiago da hidrogenoa. Zure altzairua garestiagoa bada, ezin zara lehiatu, eta ekoizpena Txinara joango da, non isuriekin jarraituko duten. Azkenean, CO2 esportatzen ari zara, eta enplegu industrialak ere bai. Deskarbonizazioa ondo dago, baina ordaina ezin da izan basamortu industriala bilakatzea.
Hidrogeno berdearen erronka handienetakoa eskaria da, eta zuek baduzue oinarri hori, eskaria.
Pentsa, Euskadiren karbono emisioen %60 inguru 70 kilometroko eremu batean daude. Meatzaldetik hasi eta Aiararaino, eta Basauritik Zornotzara. Lehen eskaria hor dago, hasteko. Petronorren elektrolizagailu handiak jarriko ditugu, eta hidrogenoa izango da gure produktuetako bat. Nori salduko dio? Aipatu ditugun horiei. Alegia, gai gara espazio txikian proiektu integratu bat izateko, ekosistema bat, hidrogeno ekoizle handi batekin eta zenbait sektoretako 10-12 kontsumitzaile handirekin.
Eta gehiago ere sartuko dira hor.
Kontua sofistikatuagoa da, bai. Hodi horretan hiru tutu joango dira: bat hidrogenoarentzat, beste bat oxigenoarentzat eta beste bat CO2arentzat. Elektrolizagailuak [argindarrarekin uretik] hidrogenoa eta oxigenoa sortzen ditu, eta, orain, oxigeno hori airera botatzen da. Balia daiteke, ordea, industriako labeak oxigenoz aberastu eta prozesuak hobetzeko, eta baita CO2a harrapatzea errazteko ere. Beraz, oxigenoa produktu bat da; eta CO2a ere bai, baliatu daitekeelako, adibidez, Petronorren Bilboko portuko lantegian erregai sintetikoak egiteko.
Nork izan dezake CO2 sobera? Zementu fabrikek. Gainerako industriek ordezkatu dezakete gas naturala hidrogenoarekin, baina zementu fabrikek ez, haietan prozesuak berak isurtzen duelako CO2a. Haiek deskarbonizatzeko modu bakarra CO2a hartzea da. Azkenean, korridorearen helburuetako bat da gasak baliatuko dituen ekosistema bat osatzea hidrogenotik abiatuta, gure industria lehiakorragoa egiteko.
Oztopo handiena oraingoz prezioak dira. Elektrolizagailuen prezioa...
Eskalatu egin behar dute, eta gaur egun lagundu egin behar dituzu. Petronorren 2,5 MWekoa dugu jada. Portuan orain hondeamakina sartuko dugu, 10 MWekoa egiteko, eta gero etorriko da 100 MWekoa, findegian bertan.
Haren oinarrizko ingeniaritza egin dugu, eta laguntzaren zain gaude. [Asteartean iritsi da Espainiako Gobernuaren laguntza, 160 milioi euro]. Garrantzitsua da; Europan gaur egun ez dago 100 MWeko elektrolizagailurik. 30 MWeko bat dago. Eta 200 MWekoak bi daude munduan: bat AEBetan eta bestea Txinan.
Argindarraren prezioa ere garrantzitsua da.
Garrantzitsuena. Hidrogeno berdearen kostuaren %70 inguru argindarraren uneko prezioa da. Hala ere, argindar berdearekin, Espainian PPA energia erosteko akordio nahiko lehiakorrak lor daitezke.
Izango da nahikoa argindar berderik?
Europak behartzen zaitu argindarra beti instalazio berri batetik kontratatzera. Ez du balio jada ezarrita dauden instalazioetako argindarra erabiltzea hidrogenoa egiteko.
Argindar berriztagarri kopuruak eta hidrogeno kopuruak baldintzatuko ditu hidrogenoaren erabilera posibleak. Adibidez, erabilerara itzuliz, garraioan non da zentzuzkoa erabiltzea eta non ez? Zentzuzkoa da ibilbide luzeko merkantzien garraioan erabiltzea, eta ibilbide luzeko autobusetan.
«Ez badaukat nahikoa hidrogenorik industrian sartzeko, bada, pentsa autoetan»
Autoetan hidrogenorik ez, ezta?
Um, bueno... esan dezaket epe motzera ezetz. Soilik Petronor deskarbonizatzeko 400 MW behar dira. Eta beste 200-300 industriarako. 700 MW elektrolisi behar dituzu Euskadiko industria astunena deskarbonizatzeko. Eta noiz izango ditugu? Ez badaukat nahikoa hidrogenorik industrian sartzeko, bada, pentsa autoetan.
Hasieran, hidrogenoa esportatzearen ideia aipatu zen, baina hemen ez dago horretarako asmorik, ezta?
Euskadin ikuspegi industrialagoa dugu. Esportatu nahi dugun beste gauza hidrogenoarekin egindako erregai sintetikoak dira, eta hori Amsterdamekin hitzartu dugu.
Hegazkinetarako erregaiaz ari zara.
Bai, hegazkinek arazo handia dute deskarbonizatzeko. Edo bioerregaiekin egiten duzu, edo erregai sintetikoekin. Eta jada badituzte obligazioak: 2025erako erregaiaren %2 SAF izan behar dute, Sustainable Aviation Fuels, hegazkinetarako erregai jasangarriak, eta %6 2030erako; hortik %1,2 erregai sintetikoak.
Keroseno sintetikoa egingo dugu, eta hori bai, hori esportatuko dugu, balio handiagoko produktu bat delako. Amsterdamgo portura eramango dugu, haiek tutu bat dutelako Schipholeko aireportura. KLMk izan nahi du lehen aire konpainietako bat deskarbonizatzen.
Zalantza handiagoa sortzen dute beste erabilera batzuek; esaterako, etxeko kontsumorako blending-a, hidrogenoa gas naturalarekin nahastea. Badaukazue hori probatzeko proiektu bat.
Bai, ari da. Hala ere, lehendabizi gogoeta bat: zer da argindar berdea? Izan daiteke eguzki plaketatik edo eolikotik zurera eramatea argindarra, baina berez ez da hori gertatzen, sarera joaten delako eta hor elektroiak beste jatorrietako elektroiekin nahasten direlako. Berez, ez duzu argindar berdea erosten. Zergatik ezin dezaket nik hori egin hidrogeno berdearekin? Kontzeptua bera da: nik gasaren sarean hidrogenoa injektatzen dut, eta zuk hidrogenoa erosten didazu. Zergatik tratu okerragoa molekulari elektroiari baino?
«Balio bat atera behar duzu hidrogenoaren kontu honetatik guztitik. Industria mentalitatea hori da»
Baina argindarrarekin zuzenean aukera hobeak daudenean, bero punpekin-eta...
Bueno, industriarako ere balio dezake, nola eraman dezaket nik hidrogenoa Sidenorrera? Gas naturalaren hoditik. Etxebizitzetan, aukera elektriko merkeagoa baduzu, azkenean argindarra ezartzea errazagoa gertatuko da, galdaretan eta abarretan. Baina trantsizio batean halako gauzak egon daitezke.
Hidrogenoaren inguruko teknologiak garatzea da korridorearen beste alderdi bat.
CAFen trena, Irizarren ibilbide luzeetarako autobusak... Urte gutxian saiatuko gara Bizkaibuseko flota hidrogenozkoa izatea; posible bada, Irizarrekin. Eta horrela ekonomia bat sortzen zoaz. Irizarrek bere autobusak funtzionatzen erakutsi ahal izango ditu; guk, nola funtzionatzen duten hidrogeno kargagailuek...
Enpresak ere sortzen ari dira, H2Site, adibidez.
Bai, start-up bat da, eta ondo dabil, gainera. Tokian hidrogenoa sortzeko da, baina ez elektrolisi bidez, mintz bidez baizik. Hidrogeno gutxi behar baduzu zure prozesuetan, zentzu handia dauka haien eskaintzak. Eta, adibidez, Sarralle ere hor dago hidrogenozko labeak garatzen.
Azkenean, garapen industrialerako proiektu bat da korridorea, hemengo enpresa batzuek beren jarduera deskarbonizatzeko, beste batzuek teknologiak garatu eta erakutsi ahal izateko. Ezer egiten ez baduzu, gaizki, eta hidrogenoa esportatzera mugatzen bazara ere, gaizki. Balio bat atera behar duzu hidrogenoaren kontu honetatik guztitik. Industria mentalitatea hori da.