Kezka eta haserrea agertu dituzte sindikatuek Epta enpresaren jarrera dela eta. Otsail erdian jakinarazi zieten hemeretzi langile kanporatzeko prozesua abiatuko dutela; horietako hamabost, multinazionalak Hendaian (Lapurdi) duen gunekoak. Hungariara lekualdatzea da asmoa. Zuzendaritzarekin negoziazioak abiatu dituzte, eta abisatu dute fruiturik eman ezean bestelako ekintzak antolatuko dituztela. Hautetsiek egoera salatu eta elkartasuna adierazi diete.
Epta multinazionalak hozkailuak egiten ditu. Hendaian, 450 langile finko daude, eta beste 125 aldizkakoak. «2024an 278 euro fakturatu ditu Frantziako Eptak, eta 13 milioi euroko irabazi garbia izan du. Urte bukaeran 10 milioi euroko dibidenduak banatu zituzten akziodunen artean», esplikatu du Fernando Fernandez CFDT sindikatuko ordezkariak. «Lanpostu horiek Hungariara lekualdatuz gero, fiskalitate abantailatsuagoa izanen dute, eta lansari apalagoak, akziodunek are irabazi gehiago egiteko».
«Ulergaitza litzateke Frantziako eta Euskal Herriko enpleguak ezabatu eta Hungariara lekualdatzea onar dezaten»
FERNANDO FERNANDEZCFDTko ordezkaria
Azken asteetan elkarrizketak abiatu dituzte CGT, CFDT eta CFE-CGC sindikatuek enpresarekin, kaleratzeak oztopatzeko asmoz. Langileak bota ordez, erretiroa hartzear daudenei enpresatik joatea aurreratu diezaiotela proposatu dute, horretarako laguntza ekonomikoa emanez. Era berean, hala ere kanporatzeak egitea erabakiko balute, langile horiek enpresan beste postu batzuetara bideratzea eskatu dute, aldikako langileak hartu ordez. Apirilaren 7an dute hurrengo hitzordua zuzendaritzarekin.
Sindikatuek uste dute Frantziako Estatuko zerbitzuek ontzat emanen dutela kaleratze prozedura. Alta, ohartarazi dute Akitania Berria eskualdearen laguntzak eskuratu izan dituela enpresak; milioi bat euro inguru azken urteetan. «Ulergaitza litzateke Frantziako eta Euskal Herriko enpleguak ezabatu eta Hungariara lekualdatzea onar dezaten».
Parisera begira
Langileei babesa adieraztera joan dira Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza, Filipe Aramendi Urruñakoa (Lapurdi) eta Peio Dufau EH Baiko diputatua. Kezka eta haserrea erakutsi dituzte haiek ere, eta elkartasuna agertu diete kaltetutako langileei.
Ezenarrok ohartarazi du Hendaiako enplegatzaile handienetako bat dela Epta enpresa, eta hautetsi gisa lanpostuak atxikitzen saiatzeko indarra eginen duela hitzeman du. Ildo beretik jo du Aramendik ere, eta liberalismo ekonomikoaren logika salatu du: «Entseatzen gara gure ahal mugatuekin jarduera ekonomikoak atxikitzen gure lurraldean. Epta bezalako talde dirudunek ez dute gizartearen zentzurik; diruaren zentzua baizik ez dute, eta gizartea zapaltzen dute. Ez dugu onartzen ahal».
«Ni ere langilea naiz, eta gisa bereko egoerak ezagutu ditut. Badakit zer bizi duzuen. Ez litzateke legezkoa izan behar dirua irabazten duen enpresa batek langileak kaleratzea»
PEIO DUFAUEH Baiko diputatua
Dufauk erran du galdera idatzia eginen diola Frantziako Gobernuari eta presio politikoa eginen dutela Akitaniari begira. SNCFko sindikalista ohiari ez zaio arrotza egoera. «Ni ere langilea naiz, eta gisa bereko egoerak ezagutu ditut. Badakit zer bizi duzuen. Ez litzateke legezkoa izan behar dirua irabazten duen enpresa batek langileak kaleratzea», adierazi du. «Lurraldea ez dute akziodunek laguntzen; langileek laguntzen dute. Zuen kotizazioek ordaintzen dituzte ospitalea, eskolak... Zuek babestu behar zaituztegu lehentasunez, eta dena eginen dugu zuek defendatzeko».