Bigarrenez eseri da akusatuen aulkian Joan Villadelprat Epsiloneko buru izandakoa, enpresaren porrota dela eta. 900.000 euroko isuna ordaintzera eta hiru urteko inhabilitaziora zigortu zuen Gasteizko merkataritza arloko epaitegi batek, 2013ko azaroan, Epsilon porrota eraman zuen deskapitalizazio baten erantzule zelakoan. Orain, zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen du Arabako Lurralde Auzitegiko fiskaltzak, deskapitalizazio horren auzi penalean.
Villadelpratekin batera Mark Payne britainiarra ari dira epaitzen Gasteizen. Payneren Epic Racingi saldu zion Villadelpratek Epsilonen lasterketa adarra, 200.000 euroren truke. Operazio hori Epsilonen hartzekodunei ez ordaintzeko trikimailu bat izan zela uste du fiskalak, gertatu zenean —2011ko apirilean—, Villadelpratek eta Paynek bazekitelako Epsilon porrotera zihoala. Are gehiago, Paynek ez zuen diru hori inoiz ordaindu. «Horrek erakusten du akusatuek delitu bat egiteko borondatea zutela».
Auto adarra Epsilonen «euskarria» zenez, hura saltzeak zorrei aurre egiteko kapitalik gabe utzi zuen Epsilon, enpresaren ondasunen %80 baitzuen. Gainera, salmenta prezioa oso apala izan zen, perituen arabera 1.100 milioi balio zuelako.
Operazioa zorrak ez pagatzeko egin zela ukatu zuen atzoko saioan Villadelpratek. Kontrara, hartzekodunei —Jaurlaritza, Miñaoko parke teknologikoa, Kutxa eta Vital Kutxa— komunikatu zitzaiela eta inork ez zuela eragozpenik jarri azaldu zuen. Epic Racing trikimailu bat egiteko sozietatea zenik ere gezurtatu zuen, baizik eta lehiatzen uzteari zekartzan galerak saihesteko sistema bat zela, eta Epsiloneko 23 langilek lanean jarraitzeko proiektua zela. «Oso jende ona zen, eta haietako batzuk 1 Formulan dabiltza orain».
48 milioiko galera publikoa
Politikoki zein ekonomiko soka luzea ekarri duen auzia da Epsilonena, diru publikoaren galera handia ekarri duelako, 48 milioi eurokoa. 2007. urtean abiatu zen Epsilon. Proiektu handinahia zen: autogintzari lotutako goi mailako zentro berritzaile bat sortu nahi zuten Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon. Proiektuak laudorio handiak jaso zituen, eta gero txalo bilakatu ziren 1 Formulan lehiatzeko ametsa plazaratu zutenean.
Teoria, ordea, alde batetik joan zen, eta errealitatea beste alde batetik. Gurpil zulatuko proiektua zen Epsilonena, puztutako aurreikuspenetan eraikitakoa. Negozio planaren arabera, 2009. eta 2011. urteen artean 64 milioi euroren diru sarrerak lortu behar zituen Epsilonek; horren erdia ere ez zuen patrikaratu. Are gehiago, diru horren zatirik handiena publikoa zen: negozio plan erakargarriak deituta, ia 40 milioi jaso zituen. Zatirik handiena Espainiako Gobernuak jarri zuen —16,8 milioi—, EAJk PSOEren gobernuari ateratakoa.
Haren porrotak eta Hirikorenak diru publikoaren ia 60 milioi euroren galera ekarri zuen. Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzorde batek frogatutzat jo zuen diru laguntza oparoetan oinarritako egitasmo hutsalak zirela. Zehatzago, Epsilon diruz laguntzea irregularra izan zela ziurtatu zuten diputatuek, «industrialki, komertzialki, eta enpleguaren sorreraren aldetik oinarri sendorik gabeko proiektua» zelako. Ikerketa batzordeak orduko Jaurlaritza —EAJren esku— egin zuen dirua desegoki erabili izanaren erantzule, baina ez zuen izenik aipatu nahi izan, EH Bilduren eta UPDren haserrerako.
Epsilon nahita hondoratu zuela ukatu du epaiketan Villadelprat akusatuak
Fiskalak uste du zorren ordainketari izkin egiteko saldu zela enpresaren lasterketa adarra, eta zortzi urteko zigorra eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu