Urte eta erdi darama karguan Itxaso Berrojalbizek (Zornotza, Bizkaia, 1986), eta tarte horretako jardun nagusietako bat izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek aurkeztu berri dituzten neurri fiskalak diseinatu eta taxutzea. Egokiak direla azpimarratu du, Bizkaiko Ogasunaren egoitzan duen bulegoan, euskaraz. Ekonomian lizentziatua da, eta euskaraz egin zituen ikasketak, EHUk Sarrikon duen campusean.
Zerga erreforma, arauen berrikuspena, eguneraketa... Zuk nola deitzen diozu aurkeztu berri den zerga neurrien sortari?
Nik berrikuspena esaten diot. Zergatik berrikuspena eta ez erreforma edo kenkarien katalogoa, beste batzuek esan duten moduan? Gure zerga sistemaren oinarria sendoa delako. Haren osasuna aztertu, eta ikusi genuen bere helburu nagusiak betetzen zituela eta, beraz, ez geniola buelta eman behar. Alegia, ez dugula erreforma bat behar: gizartearen beharrak aztertu behar dira, kasu honetan etxebizitza, pentsioak, trantsizio berdea... Eta horiei fiskalitatetik abiatuz erantzun eta pizgarriekin lagundu.
Patronalak eta sindikatuek kritikatu dute berrikuspena. Hori ona ala txarra da?
Inozoa nintzateke horrek harrituko banindu. Berrikuspen hau ez da kolektibo edo pertsona multzo jakin baten beharrei erantzuteko. Gure gizartearen beharrei erantzutea da helburua. Gero, trantsizio energetikoan esaterako, enpresak egongo dira identifikatuta, baina baita pertsonak ere.
Kritika gehienak ez dituzte harturiko erabakiengatik egin, hartu gabekoengatik baizik. Elkarteek, alderdiek... beste zerbait espero zuten.
Jendeak beti espero du egiten ez duzun hori. Gure estimazioen arabera, 450.000 zergadun hobarituko ditu berrikuspen honek, eta kontuan izan aurreko kanpainan 630.000 zerga aitorpen egin zirela Bizkaian. Gauza gehiago behar direla? Baliteke, badugu talentua erakartzeko erronka, enpresa kapitalizatzearen eta Bizkaian errotzearen erronka... Horiek hurrengo urtean jorratuko ditugu.
«Gure zerga sistema aztertu, eta ondorioztatu genuen helburu nagusiak betetzen dituela, eta, beraz, ez geniola buelta eman behar. Eginikoa ez da erreforma bat, berrikuspen bat baizik»
Hori izango da hurrengo atala? Zerbait aurreratzerik?
Bai. Orain baditugu sustapen ekonomikoko laguntzak, talentua erakartzeko... Baina uste dugu beste bultzada bat eman behar zaiela. Mundu globalizatu batean gaude, eta nahi dugu horiek hemen errotzea.
Gozoki bat enpresa elkarteentzat?
Erantzun bera: ez gabiltza kolektibo jakin batzuk asetzen. Bizkaiak erronka batzuk ditu, eta enpresen lehiakortasunak, enpresen aberastasunak... Bizkaia bera aberastuko dute, eta kalitatezko enplegua sustatu.
Bizkaiko Batzar Nagusietan onartu egingo da berrikuspena, EAJren eta PSEren babesarekin, Araban eta Gipuzkoan, aldiz, airean daude. Harmonizazio faltaren arriskua ikusten al duzu?
Penagarria litzateke hiru lurraldeetan ez onartzea. Oposizioarentzat oso zaila litzateke azaltzea Araban eta Gipuzkoan zergatik ez dauden Bizkaian badauden baldintzak. 19.000 euro irabazten dituen pertsona batek, errenta apalekoa edo zaurgarria denak, zergatik ordainduko ditu zergak Gipuzkoan edo Araban, eta Bizkaian ez? Ni Bizkaiko diputatua naiz, baina herri ikuspegia dut, eta nik nahi dut gure herriak, Euskadik, hiru lurraldeetan izatea berrikuspen fiskal hau. Buruan ez dut beste agertokirik.
19.000 euroen langari buruzko xehetasun bat. Hortik behera daudenek jasoko al dute aitorpenaren zirriborroa? Agian batzuei komeni zaie aitorpena egitea.
Aztertzen ari gara. Orain arte, bidali egiten zaie, nahiz eta ez izan obligazioa aitorpena egiteko, eta ez dugu irizpide hori aldatuko. Berdin jarraituko dugu. 19.000 eurora igoko dugu langa, baina ez hori bakarrik, hobariak ere igoko ditugu zenbateko horretara egokitzeko, eta baita atxikipenen zenbatekoa ere.
«Oposizioarentzat oso zaila litzateke azaltzea 19.000 euro irabazten dituen pertsona batek zergatik ez duen zergarik ordainduko Bizkaian, eta bai, aldiz, Gipuzkoan eta Araban»
Berrikuspenaren eraginez diru gutxiago bilduko duzue. Zenbat gutxiago?
Orain ari gara memoria ekonomikoa egiten. Bultzatzeko egina, pizgarriduna eta jendearen jokabidea aldatu asmo duen berrikuspen bat bada, argi dago diru bilketa jaitsiko dela. Nik esan nahiko nizuke berrikuspen honek eragin ekonomiko handia izango duela, zer esan nahiko luke horrek? Deskarbonizazio prozesu asko abiatu direla, kontziliazioa gauza normala dela, pentsioekin arazorik ez dagoela jendeak ekarpenak egiten dituelako... Baina hasieran gaude, eta berrikuspenak ez du eragin handirik izango diru bilketan. Datu bat emango dizut: estimatu dugu 19.000 euroen langak 77 milioi euroren eragina izango duela.
Gizartea gero eta zaharragoa da, behar publiko handiak ditu... Nola azaldu gizarteari gutxiago bilduko dela ehun publikoan inbertitzeko?
Epe laburrean diru gutxiago bilduko da, baina horrek ez du esan nahi epe ertain eta luzera gutxiago bilduko denik. Argi luzeak ipini behar ditugu. Etxebizitzaren arazoa konpondu nahi dugu, enpresak lehiakorragoak bihurtu... Horrek diru bilketa handituko du epe ertain eta luzera.
Neurri asko etxebizitzarako ezarri dituzue, baina etxebizitza merkatuak badu horrelako neurriak asimilatzeko ahala. Zenbateko eragina izatea espero duzue?
Merkatuak eraman behar gaitu oreka edo emaitza hobea lortzera. Guk dugun tresna ahaltsua fiskalitatea da. Erakunde guztiek —Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek— neurri batzuk ezarri ditugu etxebizitza lortzea errazteko. Hala maizterrei, nola jabeei. Guk eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka lortu nahi dugu, eta, horretarako, etxebizitza hutsak merkaturatzea sustatu behar dugu.
Etxe bat alokairuan duen jabeak orain badaki maizterrak diru gehiago jasoko duela aitorpena egitean. Ez al zarete prezioak garestituko dituzten beldur?
Beldurrak ezin zaitu blokeatu eta ezin zaitu bultzatu ezer ez egitera arazo bat duzunean. Guk arazo bat detektatu dugu, eta fiskalitatetik abiatuz erantzun. Saiatu behar dugu alokairuan etxebizitza gehiago izan daitezen lortzen, eta eskaintza handitzeak orekatuko du prezioa.
Etxebizitza laguntzak jasotzeko salbuespena 85.000 eurotik gorako errentei ezarri zaie, baina Bizkaian %2 baino ez dira horiek. Langa ez al da goregi jarri? 60.000 euro irabazten dituenak ez du kenkaririk behar etxebizitza merkatuan murgiltzeko.
Pauso garrantzitsu bat da aldaketa hori: orain arte ez zegoen inolako langarik, eta muga bat jarri diegu. Beste bat izan daiteke? Bai, baina guk hor ezarri genuen. Orain, eztabaida politikoa dugu oposizioarekin, eta planteatu daitezke beste zenbateko batzuk. Goregi dagoen? 60.000 euroan jarri izan bagenu, egongo zen esango zuenik ez dela zenbateko egokia.
«Etxebizitza eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka lortu nahi dugu. Horretarako, etxebizitza hutsak merkaturatzea sustatu behar dugu. Eskaintza handitzeak orekatuko du merkatua»
BGAEak indartzeko asmo argia nabari da berrikuspenean. Pentsio sistema publikoa arriskuan ikusten al duzue?
Ez. Guk pentsio sistema publikoaren aldeko apustu irmoa egiten dugu, baina BGAEak ere hor daude, ez indibidualak, enplegukoak baizik. Bizkaitarrek, erretiroa hartzean, erretiro sariaz gain errenta gehigarri bat izan dezaten nahi dugu. Enpleguko BGAEak orokortzea da helburua, eta langileen eta enpresaren arteko harremanean ohikoak izatea. Oso gutxi daude egun, horregatik uste dugu eragin txikia izango duela diru bilketan.
Bankuen eta energia zergen auzia zertan da? Ez da erraza hariari jarraitzea.
Abenduaren amaieran ikusiko dugu, auzia Espainiako Senatuan dago eta. Nik esan dezakedan gauza bakarra da zerga horiek Kongresuan onartzen badira, nahi eta nahi ez, ez dagoelako beste aukerarik gure autogobernuaren arabera, zerga horiek itunduak izango direla eta foru ogasunek ahalmen normatibo osoa izango dutela.
Ituntzea eta biguntzea sinonimoak al dira?
Ez. PFEZa ere itundua daukagu, eta Nafarroaren ostean guk dugu marjinalik handiena, %49koa. Hor duzu erantzuna. Gure gizartearen egoera aztertu, eta hurbildu egiten gara, jendearen premiak entzuteko. Ituntze hori baldin badugu, hobeto erantzungo diegu.
«Tiketa QR kode horrekin emateko sistemaren bat erabili beharko dute txosnek. Jada ikusi ditugu saltokietarako terminalak txosna batzuetan. Bankuak askotariko formulak eskaintzen ari dira»
ELA sindikatuak salatu zuenez, onartu egin zenioten ez zenutela nahikoa baliabide zerga iruzurrari aurre egiteko. Hala al da?
Bizkaiko Aldundiak baliabideak jartzen ditu urtez urte, eta ekintza gehiago egiten ditu urtez urte. Urte batean iruzur fiskal gehiago detektatzea ez da baliabideen araberakoa, espediente bakoitzean aurkitzen duzun horren araberakoa baizik. Guk iruzurrari aurre egiteko batzorde bat dugu, eta Bizkaiko Ogasunean lan egiten dugun mila langileok dugu iruzurra amaitzeko helburu argia. Iruzurra amaitzeko plan bat da Batuz.
Udan piztu ohi da txosnak Batuz-en sartzeari dagokion auzia. Zertan daude negoziazioak? Zer eskatuko zaie zehazki 2026an?
Gurekin lan egitea. Guk ez ditugu zerga gehiago ordaintzera behartuko. Batuz ez da horretarako: txosnak eta konpartsak ez dira gure helburua. Ni txosnazalea naiz, eta jarraitu nahi dut kultura hori sustatzen; haien elkarlana nahi dut, iruzur fiskala amaitzeko. Inguruan badute hornitzaile kate bat tresna asko erabiltzen dituena zergarik ez ordaintzeko. Ziur nago txosna, konpartsa eta elkarteetan dauden guztiak nirekin bat etorriko direla iruzur fiskalari aurre egin behar zaiola.
Saltokietarako terminalak, diru kutxak eta antzekoak ikusiko ditugu txosnetan? Hori eskatuko zaie?
Jada ikusi ditugu saltokietarako terminalak txosna batzuetan, orain dela hilabete batzuk. Uste dut egin daitekeela. Halako zerbait eskatuko zaie, edo ahalik eta sistema egokiena jartzea, baina tiketa QR kode horrekin emateko sistemaren bat edo analogo bat erabili beharko dute. Bankuak askotariko formulak eskaintzen ari dira. Bidelagun izango gaituzte horretan.
Txosna handiak, agian, egokitu ahal izango dira, baina neurriak kalte egingo die auzoetako txosna txikiei, eta baliteke haien bitartez antolatzen diren ekitaldiak arriskuan egotea.
Badago aukera saltokietarako terminalak egun bakarrerako alokatzeko, eta telefono bat baino ez da behar. Horrekin egiten da guztia: tiketa sortu, erregistro liburuan sartu, eta guk egiten dizugu aitorpena. Beraz, ez dut uste halakorik egongo denik, eta baldin badago, salbuespenak-eta aztertuko ditugu beharrizan bereziak daudenetan. Aldundikoak laguntzeko prest gaude. Gure kultura ez galtzea, hori izango da beti gure apustua.