Epaitegi txiki bat, plaza handi bat, eta uraren eta olioaren eztabaida

Bergarako epaitegia txiki geratu da lehen auzi saioan. Akusazioak adierazi du Mondragoneko kooperatibak ez direla autonomoak

Lekurik ez zegoelako, Bergarako epaitegi kanpoan geratu ziren atzo dozenaka pertsona. JUANAN RUIZ / FOKU.
Xabier Martin. Jon Fernandez
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Txikia da Bergarako auzitegiko aretoa. Txikiegia, aukeran, epaitzen den salaketa 957 pertsonak sinatutakoa bada, eta horietako askok prozesu judiziala jarraitu nahi badute. Mondragon taldearen kontrako akusazioak Donostian nahi zuen epaiketa, baina epaileak Bergaran egitea hobetsi zuen, Gipuzkoako herri horretan egin zelako jatorrizko salaketa. Ondorioz, auzitegiko leku arazoak zirela eta, giro berezia sortu zen atzo: jende gehiago zegoen kanpoan, barruan baino. Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako ehundik gora lagunek lau ordu eskas igaro zituzten atarian. Barrura, berriz, berrogei bat pertsona baino ezin izan ziren sartu, tartean kazetariak, eta arazoak izan zituzten beren lana egiteko, azpiegitura faltagatik.

Lau egun iraungo du epaiketak, eta, lehenengoa amaituta, Ariznao plazan egin zituzten adierazpenak bi aldeetako abokatuek. «Gustura» atera zen Arantxa Estefania, Mondragon taldearen abokatua: «Uste dut agerian geratu dela engainuaren teoria ez dela egia, ez datorrela bat errealitatearekin». Lekukoen adierazpenek horixe erakutsi dutelakoan dago Estefania. «Argi baieztatu dute egoerari buruzko informazio gehiago zeukatela Fagorreko bazkideek Mondragonek berak baino. Argi utzi dute, halaber, Mondragonek ez zuela ekimenik hartu 2011tik 2013ra bitartean Fagorren hartu ziren erabakien inguruan».

Kontrakoa deritzo akusazioaren abokatuak, Raul Tenesek. Pentsatzen du lehen auzi saioan bidea jorratu dela agerian uzteko Mondragonen erantzukizuna. Tenesen ustez, lekukoen adierazpenek baino gehiago, Mondragoneko hainbat estamentutako kontseiluetako eta batzarretako aktek utzi dute agerian taldearen erantzukizuna. «Aktak kronologikoki jarriz gero, jarduera erabat koordinatu bat ikusten da».

Horixe da, hain zuzen, akusazioaren tesia, Mondragon taldeko kooperatibak ez direla ez bereiziak, ez autonomoak, ez independenteak, eta, beraz, taldeari dagokiola Fagor Etxetresnen zorrak ordaintzea. «Hemen esaten dute batzuk ura direla, eta besteak olioa. Guk diogu hau entsalada bat zela, eta gatzozpinduta zegoela», adierazi zuen Tenesek.

Auzi jartzaileen ahotsa

Akusazioaren abokatuak ahots baten falta sumatu zuen atzo: auzi jartzaileena, Ordaindu eta Eskuratu plataformetako kideena. «Ez dute deklaratu, Mondragon taldeak pentsatu duelako bere intereserako hobea zela epaileak ez entzutea auzi jartzaile bakarra ere».

Mondragonek zeukan aukera haien deklarazioa eskatzeko, baina ez du beharrezkotzat jo. Estefaniak esplikatu zuen Tenesek aurkeztu duela auzi jartzaileei egindako inkestaren agiri bat. «Zertarako zen beharrezkoa jende horrek deklaratzea, idatziz azaldu badiote abokatuari?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.