Maiatzaren Lehenean langileak kalean izango dira berriz aurten, iazko erreibindikazio eguna etxeko balkoietan eta sare sozialetan igaro ondoren. Alabaina, kaleko manifestazioetara joateko langileek zenbaterainoko askatasuna izango duten, hor dago 2021eko Maiatzaren Leheneko atariko eztabaida. Eusko Jaurlaritzak itxiera perimetralei eutsi nahi die, pandemiari aurre egiteko neurrien barruan daudenez, eta eremu gorrian dauden udalerrietatik ez ateratzeko eta udalerri horietara ez sartzeko debekua ezarri die sindikatuen ekitaldietan parte hartuko duten herritarrei.
Segurtasun Sailak helarazi dien erabaki horrek sutan jarri ditu sindikatuak. LABen arabera, «pandemia hasi denetik», Jaurlaritzak «ez du ahaleginik egin enpresetan» segurtasun neurriak bete daitezen: «Egunero, milaka langile beharrera joaten gara, lepo dauden garraio publikoetan sarritan, ez delako zerbitzu nahikoa ematen. Eta, garraio horiei begiratu beharrean, Ertzaintzak kalean egingo diren mobilizazioei begiratzen die, segurtasun neurri guztiekin egitekoak diren arren».
Sindikatu abertzaleak, gainontzeko sindikatuek bezala, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta beste herri handietan aurreikusitako mobilizazioetan itxiera perimetralaren baldintzak bermatzeko eskaria jaso du Ertzaintzarengandik. 27 manifestazio antolatu ditu Euskal Herrian, martxa bateratu handirik ez egiteko. Garbiñe Aranburu idazkari nagusi duen sindikatuak gogorarazi du jarduera sindikala «salbuespen gisa jasoa» dagoela itxiera horien baldintzetan, eta sindikatuen betebehar bakarra dela segurtasuna bermatzea ekitaldietan. «Lanera joateko itxitako herrietatik atera daitekeen bezala, gauza bera egin daiteke Maiatzaren Lehenekoaren moduko jarduera sindikaletara joateko ere », LABen ustez, eta ez dago ados Jaurlaritzaren erabakiarekin: «Ematen du koronabirusak baino gehiago mobilizazio sozialak kezkatzen duela».
CCOO eta UGT ere bai
CCOO eta UGT sindikatuak ere ez daude ados Maiatzaren Lehenean parte hartzeko itxiera perimetralak indarrean leudekeela dioen tesiarekin. Izan ere, Euskadiko CCOOk EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo du helegite batekin, «langileen ahotsa isiltzeko saio» gisa hartu duelako Segurtasun Sailaren debekua: «Ez du inolako oinarririk, ez osasun arloan, ez logikan», esan du Loli Garcia idazkari nagusiak. CCOOk UGTrekin batera deitu du ekitaldietara egun horretako. Garciaren ustez, «langileak eta pandemia osoan herritarrei sostengua eman dieten pertsonak isilarazteko saio bat» dago Jaurlaritzaren erabakiaren atzean.
ELAk herenegun egin zuen Maiatzaren Lehenerako deialdia, eta Ertzaintzak jarri dituen mugekin kexu azaldu zen hura ere. Hegoaldeko lau hiriburuetara deitu ditu langileak Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak. Uste du manifestatzeko eskubidea nahikoa arrazoi dela itxiera perimetrala hausteko, eta iragarri du helegitea jarriko diola Ertzaintzaren ebazpen horri, «gehiegizkoa delako eta manifestaziorako eskubidea urratzen duelako».
Eusko Jaurlaritzak, berriz, ukatu egin du hiritarrak manifestazioetara joatea eragotziko duela, «Espainiako Konstituzioak jasotzen duen oinarrizko eskubide bat delako», baina, Lakuarentzat, «logikoena» da herritar bakoitza bizi den herrian aritzea. Gasteizko gobernuak gogorarazi du langileen egunaren auzia emakumeen egunarenaren parekoa dela, Martxoaren 8aren parekoa. Edonola ere, Bingen Zupiria bozeramaileak garbi utzi du justiziak erabakiko duela langileak herri batetik bestera joan daitezkeen edo ez manifestatzera, sindikatuek jarritako helegitearen ondoren. Alegia, Jaurlaritzak udalerrien itxierei eutsi nahi die Maiatzaren Leheneko manifestazioetara joan nahi dutenenentzat, eta epaitegiek erabakiko dute debeku hori egongo den ala ez.
Epaileen esku geratu da Maiatzaren Lehenerako itxiera perimetrala
Eusko Jaurlaritzak eremu gorriko udalerrietatik ateratzeko debekuari eutsi dio langileen egunerako. Sindikatuek auzitara jo dute, «jarduera sindikala salbuespen gisa jasoa» dagoela argudiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu