Epaileak ez du oinarririk ikusi epaiketa egiteko

Fagor Etxetresnen porrotean, borondatezko ekarpenak, maileguak eta erretiro osteko ordainketak galdu zituztenek beren dirua berreskuratu nahi dute Mondragon taldearen bidez: kiebra horretan gehien galdu zuenari eskatuta, alegia. Ordainduko 959 kidek 47,8 milioi eskatu dizkiote Arrasateri.

Ordainduk eta Eskuratuk egindako protesta bat, Arrasaten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2017ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ordaindu eta Eskuratuplataformek ez diote erakutsi epaileari Mondragonen aurkako epaiketa egiteko oinarririk. Fagor Etxetresnen porrotean galdutako ekarpenen demandaren epaiketa aurreko entzunaldia egitekoak ziren atzo, Bergaran, baina apirilaren 11ra atzeratu zuen epaileak. Salaketa kolektiboa aspaldianjarri zuten arren, demandatzaileek ez dute «funtsezko dokumentazioa» aurkeztu prozedurarekin jarraitu ahal izateko. Hala ere, epaileak beste aukera bat eman die demandaren auzia zehazteko, eta erreklamazioa justifikatzen duten agiriak aurkezteko.

Horiek horrela, oraindik badago aukera etxetresnagile zenaren hartzekodun nagusiak, Mondragonek, epaiketa batean erakutsi behar izateko berari utzi diotela kiebra horren zor handiena eta, besteak beste, horregatik «ez duela zentzurik» bere gain hartzeak enpresa horren jabeek galdu zutena. Mondragon taldeari 47,8 milioi euro eskatzen dizkiote Ordaindu eta Eskuratu taldeetako 959 kidek —Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibetako bazkide ohiak eta haien gertukoak gehienak—; galerak izan zituzten partikularren %94 inguru dira. Borondatezko ekarpenak, maileguak eta erretiro osteko hainbat ordainketa eskatzen dizkiote Arrasateko talde industrialari.

Konkurtso ordenatua

Demanda kolektiboa aintzat hartu izana ezustea izan zen orain hilabete batzuk, epaitegiek garbi utzia dutelako kooperatiba zenaren izaera juridiko independentea, baina prozesu judizialak bizirik jarraitzen du atzokoaren ostean. Apirilaren 11n egingo den epaiketa aurreko saioan, eguna jar diezaiokete epaiketari, baldin eta demandatzaileek erreklamazioak oinarria duela erakusten duten agiriak aurkezten badituzte; atzo ez ziren gai izan.

Mondragon taldeak aho bilorik gabe azaldu du salaketaren jartzaileek zer nahi duten: «Mondragoni atxikitako kooperatiba guztiek eta, ondorioz, haien bazkideek ordaintzea Fagor Etxetresnetan eta Edesan inbertitutako kapitalaren galera». Hau da, porrot egin zuen kooperatiba horren jabeak eta inbertitzaileak kontuak eskatzen ari zaizkio hondamendi horrek utzi duen hartzekodun nagusiari, hark «engainatu» egin zituela argudiatuta.

Ez alferrik, Ordaindu eta Eskuratuko taldeen abokatuak dio Mondragonek bazekiela «zer gertatuko zen [Fagor Etxetresnek] porrot egin baino bi urte lehenago». Kooperatibistei, hau da, enpresaren jabeei gezurra esan ziela azaldu zuen orain hilabete batzuk Sunion abokatu bulegoko kide Raul Tenesek. Demanda kolektiboa kudeatzen ari den bulegoaren ustez, «konkurtso ordenatua» nahi zuen korporazioak. «Gauzak prestatu egin zituzten, konkurtso desordenatuak eragin handiagoa izango zuelako; adibidez, Lagun Arori dagokionez».

Mondragonen inbertsioak

Mondragonek Fagor Etxetresnetan egindako inbertsio handiak ez datoz bat teoria horrekin. Esaterako, 2013ko maiatzean, korporazioak 70 milioi euroko funtsa sortu zuen Fagor Etxetresnei laguntza emateko. Kooperatiba guztien elkartasunari esker, etxetresnen enpresak aurrera egin zuen hilabete batzuk gehiago. Diru funts solidarioarekin batera, Fagor Etxetresnak enpresak plan estrategiko bat diseinatu zuen 2013-2016rako. Handik hilabete batzuetara, konkurtsora jo behar izan zuen, ordea: azaroan, hain zuzen. Mondragonek bi urte lehenago baldin bazekien hori gertatuko zela, zaila da ulertzea zergatik inbertitu zituen 70 milioi euro —eta aurretik beste hainbat— porrotaren atarian.

«Ez du zentzurik Mondragon taldearen barruan erantzule bat bilatzeak kooperatibaren jarraipenaren inguruan hartutako erabakien inguruan. Erantzukizun horiek erabakiak hartu dituenarenak izan daitezke bakarrik», esan zuen Mondragonek aspaldian. «Ez du zentzurik bere kooperatibari bazkide banakoek egindako ekarpenak itzultzeko Mondragoni eskatzeak».

Arrasateko taldeak argi azaldu du «demandatzaileek une oro izan zutela kooperatiben egoera ekonomiko-finantzarioaren berri», eta bazkideek dituzten arriskuak eta onurak gogoratu ditu. «Bazkide guztiok dakigu, kooperatibaren jabe izanik, arriskuak eta onurak ditugula». Pedro Malagon Fagor Etxetresnen konkurtsoa gidatu zuen epaileak ere Mondragoneko kooperatiben izaera juridiko independentea berretsi zuen 2014ko ekainean. Ebatzi zuen elkartasun mekanismoak ez direla enpresa oso baten erakusle.

Pedro Malagonen ebazpena

FED, Edesa eta Grumaleko hirurehundik gora langileren erregulazio espedientearen harira eman zuen autoa epaileak. Langileen ordezkariek enpresa unitatea bazegoela argudiatu zuten, erregulazioa baliogabetu nahian, baina Malagonek ez zuen aintzat hartu helegite hura.

Taldearen barruan dauden kooperatibak juridikoki «independenteak eta autonomoak» direla esan zuen, erabaki estrategikoak hartzen dituen kooperatiba talde baten barruan egon arren. «Arautegiak hauspotzen dituen» kooperatiben arteko elkartasun mekanismoak ez dira enpresa unitate baten «erakusle», esan zuen bere ebazpenean Malagon epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.