Inbertsio funtsek eta bankuek Rubiralta familiaren aurkako epaiketa irabazi dute, eta haiek hartuko dute Celsa altzairu multinazionalaren kontrola. Bartzelonako merkataritza arloko 2. salako epaileak ebatzi du Celsaren hartzekodunek euren zorraren zati handi bat akzio bilakatu dezaketela, eta, horrenbestez, enpresaren akziodun nagusi bilakatuko dira. Deutsche Bank bankua eta Anchorage eta Capital Group funtsak dira, besteak beste, hartzekodun horiek, eta erabaki hori da haien bideragarritasun planaren oinarria. Orain enpresaren berregituraketa prozesua hasiko dute, eta epaileak «lanpostuak» eta «erabakiguneak» mantentzera behartu ditu, tartean, Euskal Herriko hiru plantak.
Celsa 7.000 langileko enpresa multinazional bat da, eta horietatik 650ek Euskal Herriko hiru altzairutegitan dihardute: 329k Nervaceron (Trapagaran, Bizkaia), 98k Celsa Atlanticen (Gasteiz) —lehen Laminaciones Arregui zena— eta 200 inguruk Celsa Francen (Bokale, Lapurdi). Azken hori da oparoena; izan ere, Celsaren datuen arabera, bere fakturazioaren %9k Bokaleko plantan du jatorria, eta Baionako portuko zama mugimenduaren %40k altzairutegiarekin harremana du.
Azken asteak urduriak izan dira lantokietan, eta korapiloa atzo argitu zen: finantza erakundeek hartuko dute enpresaren lema. Celsak 3.500 milioi euroko zorra du pilatuta, eta 2020az geroztik zorraren hainbat epe ordaintzeko utzi ditu. Egoera ikusita, epaileak zor hori kapitalizatzeko eskubidea eman die bankuei eta funtsei. Baina nola? Zati bat, 1.300 milioi euro inguru, akzio bihurtzeko eskubidea eman die, titulu guztien erdia baino gehiago izateko adina. Trukean zorraren beste zati handi bat amortizatuko dute, eta, horrela, enpresaren egoera arinduko.
Operazioaren galtzaile nagusia Rubiralta familia da, enpresaren aurreko jabea, eta, hein handi batean, enpresaren egoera ekonomiko txarraren erantzulea. Funtsek bideragarritasun plana aurkeztu zutenean helegitea jarri zuten, kontrola gal zezaketelako, eta ekainean egin zen epaiketa, Bartzelonan. Rubiraltarren argudioa zen funts horiek zorra oso merke erosi zutela, eta gehiago ordaindu behar zutela —enpresak 6.000 milioi euroko balioa duela esan zuten epaitegian—. Eta argudio hori egia zen, Celsak hasieran zorra Espainiako hainbat bankurekin pilatu zuelako, eta haiek, bideragarritasuna ezinezkoa zela iritzita, oso merke saldu ziotelako 2017an putre funtsei.
Uko erreskateari
Funtsek altzairutegia putzutik atera behar dute orain. Zorra murriztu ondoren, ordaintzeko gelditzen diren 925 milioi euroen epeak luzatuko dituzte. Xehetasunak epaitegian aurkeztu zuten bideragarritasun planean daude. Alvaro Lobato epailearen arabera, funtsena zen «aukera bideragarri bakarra»; hala ere, kate motzean lotu ditu: «Konpromisoak zorrotz bete behar dituzte, konpainiaren balioa zainduz eta handituz, enpresaren osotasunari eutsiz, lanpostuak mantenduz, eta hori guztia ekonomia osoarentzat hain garrantzitsuak diren erabakigune estrategikoak aldatu gabe».
Horrelako aginduak ohikoak izaten dira, eta gero etortzen dira bideragarritasuna egia bihurtzeko hartu beharreko erabakiak. Oraingoz, funtsek jakinarazi dute ez dutela erabiliko Espainiako Gobernuak iaz eskainitako 550 milioi euroko erreskatea. SEPIk—Espainiako Industria Partaidetzarako Sozietatea— inoiz eskainitako erreskate handiena izan zen, eta enpresaren erabakiguneak Espainian mantentzeko aingura bat.
Jaurlaritzak ere nahiago zuen Rubiralta familia, behintzat horrela ondoriozta daiteke Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuaren jarduna ikusita. Haiek deituriko akziodunen azken batzarrera joan zen, eta babes keinu bezala interpretatu zen. Kutxabank ere Celsaren hartzekodunetako bat da, baina uztailean irten zen enpresaren kontrola hartu nahi zuten finantza erakundeen multzotik.
Epaileak arrazoia eman die inbertsio funtsei, eta Celsa kontrolatuko dute
Bideragarritasun planak egungo lanpostuak eta «erabakiguneak» errespetatu behar dituela zehaztu die altzairu multinazionalaren akziodun nagusi berriei. Hiru planta eta 650 langile ditu Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu