PERTSONAIA. Xabier Iturbe

Epaile baten esku dauka kargua

Iker Aranburu - Xabier Martin
2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Donostiako zortzigarren epaitegiaren esku dago erabakitzea legezkoa izan ote zen 2012ko azaroan Xabier Iturbe Kutxako presidente izendatu zuen prozesua. Ezetz diote salatzaileek, EH Bilduko Ainhoa Beolak eta Jesus Mari Larrazabalek: Iturbek eta haren taldeak Kutxaren barne araudia bihurritu zutela Gipuzkoako finantza erakundearen buruzagitzari eusteko. Baietz diote Iturbek eta Kutxaren abokatuak: irregulartasunik ez zutela egin eta kutxaren estatutuak nahierara erabiltzen dituena EH Bildu bera dela.

Iskanbilatsua izan zen 2012ko azaroaren 21eko Kutxaren administrazio kontseilua. Bezperan, Kutxako hauteskunde batzordeak baliogabetu egin zuen eragile sozialen hautagaitza, Paul Bilbao Kontseiluaren ordezkariaren ordezkoak —Xabier Irazusta Alcer-eko ordezkariak— 70 urteko muga gainditzen zuelako. Iturberen taldeak uste zuen Bilbaok Antton Izagirre EH Bilduren presidentegaiaren alde egingo zuela. Haren ordez, Iturbek zuzenean DYAko Javier Barazea izendatu zuen eragile sozialen ordezkari. Kutxako presidentea izendatzeko bozketan, zazpi boto lortu zituen Iturbek —EAJ, PSE eta CCOO eta Pixkanaka sindikatuen ordezkarienak—, eta beste zazpi Izagirrek; Barazea abstenitu egin zen. Bigarren bozketan hautsi zen berdinketa, Iturberen aldeko kalitatezko botoa eman baitzuen mahaiko kide zaharrenak, Jacinto Hernandez PSEko ordezkariak (69 urte).

Epailearen aurrean lekuko gisa egindako deklarazioan, Iturbek zehaztu zuen ez zuela parte hartu Bilbaoren hautagaitzaren baliogabetzean, eta hauteskunde batzordeak aho batez hartu zuela erabaki hori. Barazea, berriz, erakundea ongi ezagutzen zuelako izendatu zuen, hainbat urtez izan zelakoutxako giza baliabideetako arduraduna. Kutxaren abokatuak, Joanes Labaienek, Iturberen izendapena inpugnatzeko «legezko argudiorik ez izatea» egotzi zion EH Bilduri.

Koalizioaren izenean, Oscar Padura abokatuak frogatutzat jo zuen «irregulartasunak» izan zirela. Esaterako, ez abisatu izana Bilbaori bere ordezkoak ezin zuela hautagai izan, eta Hernandezi kalitatezko botoa aitortu izana, «arauek halakorik aurreikusi ez arren».

Labaienek oroitarazi duenez, epaileak salatzaileei arrazoi emanez gero, baliorik gabe gera litezke Iturbek Kutxako presidente gisa hartu dituen erabakiak, baina baita Kutxabankeko presidenteorde gisa hartutakoak ere, aurreko izendapenari lotuta baitaude. Kontua da, ordea, dagoeneko ez dela existitzen 2012ko Kutxa: hura aurrezki kutxa bat zen, finantza erakunde bat. Oraingoa, berriz, finantza erakunde baten —Kutxabanken— akzioen %33 dituen banku fundazio bat da. Hori bai: Iturbe da fundazio horren burua, sortu zenetik —2014ko urritik—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.