Nafarroako FCC enpresako garbitzaileek astean gutxienez 48 orduko atsedena izan beharko dute. LABen arabera, hala diote auzitara eramandako kasu bati buruzko bi epaik. Sindikatuak epaitegietara jo zuen FCCk ez zuelako oinarrizko eskubide hori errespetatzen. Aurreneko epaiketan, epaileak arrazoia eman zion, baina, sindikatuak azaldu duenez, enpresak langilearen lan baldintzak —lan txandak— aldatu zituen, epaia ez betetzeko. Hori salatu zuen, eta berriz ere lortu du epaitegiaren babesa.
«Astindu judiziala nabarmena da, eta, zalantzarik gabe, asteko 48 orduko atsedena errespetatzera behartzen du FCC, igandeetan ere bai, eta lan baldintzetan aldaketarik egin gabe», azpimarratu du LABek. Prentsaurreko batean, sindikatuak gogor salatu du enpresaren jarrera. Nabarmendu du langileen oinarrizko eskubideak «sistematikoki» urratzen dituela, bai kale garbiketan, bai Iruñeko eta Iruñerriko zabor-bilketa zerbitzuetan eta baita Nafarroan esleituta dituen gainontzeko kontratetan ere.

Hala, enpresari ez ezik, Iruñeko Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari ere eskatu die epai horiek kontuan hartzeko eta FCCk kontratazio agiriek diotena betetzen duen ala ez ikuskatzeko. Halaber, esleipen berrietan kontratua adjudikatzen zaion enpresak urratutako eskubideak errespetatzen dituen ala ez zaintzeko eskatu die.
«Presioak» eta «jazarpena»
Sindikatuaren iritziz, FCCren kasuan, hainbatetan jo behar izan du auzitara langileen oinarrizko eskubideak bete ditzala eskatzeko —atsedenerako eskubidea, antzinatasuna, lizentzia ordainduak, lan osasuna, berdintasuna…—, eta hori «onartezina» dela deritzo. Gainera, ATSU, CCOO eta UGT sindikatuen jokabidea salatu du, «borroka kolektiboa alde batera utzi eta sententziak ez betetzeko enpresako zuzendaritzaren aginduak itsu-itsuan betetzen baitituzte».
LABek azaldu duenez, halako kasuak salatzen dituzten langileek enpresaren eta sindikatu horien «presioak» jasaten dituzte, eta haren ordezkari sindikalak ere «jazarpena» jasaten ari dira; horrek «askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea urratzen du».