Eolikoen arlorako laguntzetan orain halako bi jarriko du EBk: 1.400 milioi

Europako Batzordeak enkanteak erraztu nahi ditu, eta prozedurak azkartu, bertako ekoizleei laguntzeko Txinako lehiakideei aurre egiten

joxerra senar
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Europako industria eolikoko hiru ekoizle handiek (Siemens Gamesa, Vestas eta Nordex) galera handiak dituzte, baina, azkenik, etorri zaie arnasa Bruselatik. Europako Batzordea prest da laguntzetan lehen halako bi emateko; baina, horrez gain, proiektuak bizkorrago zabaltzeko, tramiteak arintzeko eta kanpoko lehiakideen praktikak zaintzeko neurriak prestatu ditu.

Kadri Simson Energia komisarioaren arabera, bide luzea geratzen da berriztagarrien hedatzean, eta sektoreari ekarpen handia egitea dagokio: «Baina posizio irmo bat izanez gero soilik egin dezake hori. Baldintzak sortu behar dira sektore eolikoa indartzeko, eta laguntza planak hori hauspotuko du».

Siemens Gamesarentzat berandu izan liteke. Azaroaren 21ean bideragarritasun plana aurkeztuko du enpresak, eta sindikatuak oso kezkatuta daude orain arte zabaldutako informazioekin. Konpainia horrek 2.800 laguni ematen die lana Hego Euskal Herrian.

Enpresek nolako zailtasunak dituzten ikusirik, Batzordeak atzeman dituen arazoetako bat da ekoizleak ez daudela oso babestuta inflazio handitik eta lehengaien garestitzetik. Hain zuzen, Asiako lehiakideak, batik bat Txinakoak, lehengaien hornitzaile dira, eta estatuaren finantza babesa dute. Horri esker, abantaila atera dezakete. Izan ere, parke eolikoen enkanteetan preziorik merkeenak lehenesten dira, eta txinatarrek baliatu egiten dute hori.

Gida bat martxorako

Batzordea saiatuko da enkante horiek sinplifika daitezen, eta ez daitezen oinarritu preziorik merkeenean. «Helburua da prezioan oinarritzen ez diren irizpideak bultzatzea eta balio erantsi handiko industria berritzaile eta lehiakorra sostengatzea». Enkanteen diseinuak Europa osoan bateragarriak izatea ere nahi du, eta, irizpideen artean, aintzat hartu nahi dituzte iraunkortasuna eta segurtasun zibernetikoa. Batzordeak elkarrizketak bultzatuko ditu herrialdeen eta industriako eragileen artean, enkante horien irizpideak hitzartzeko.

Gainera, Bruselaren asmoa da atzerriko lehiakideei mesede egiten dieten «merkataritza praktika bidegabeak» zaintzea. «Halakorik baldin bada, merkataritza defentsarako instrumentuak aktibatuko ditu batzordeak».

Simsonek azaldu du EIB Europako Inbertsio Bankuak bermeak handituko dituela, «sektoreak baldintza hobeagoko maileguetara jo ahal izateko». Teknologia berdeen proiektuak finantzatzeko, berriz, Berrikuntzarako Funtserako «orain halako bi» jarriko dute: 1.400 milioi euro.

Baimenak, azkarrago

Bruselak atzeman duen beste arazo nagusia da Europako ekoizpen ahalmena «gutxiegi» erabiltzen dela proiektuekin ziurgabetasuna dagoelako. Industriak kalkulatu du 80 gigawatteko potentzia ahalmena duten proiektuak ez aurrera ez atzera daudela, baimenak lortzeko tramite luzeen ondorioz. Prozedurak azkartzeko, Accelere-RES programa jaulkiko dute. Urte amaierarako, estatu kideei laguntzeko online erreminta bat jarriko du abian, eta, apirilerako, energia berriztagarrien proiektuak azkarrago tramitatzeko gida prozedura eguneratu. Halaber, sektoreari ziurtasuna emateko asmoz, EBko kideei eskatuko zaie zehaztu dezatela zer asmo dituzten legediari eta proiektu eolikoen zabaltzeari begira.

Itsasoko proiektu eolikoak ere bizkortu nahi ditu Bruselak, «ezinbestekoa izango baita deskarbonizaziorako beharrezkoa izango den energia iturrien nahasketan». 2022ra arte, EBn 16,3 gigawatteko potentzia ahalmeneko proiektuak zeuden ezarrita, eta 111 gigawatt ezartzeko konpromisoa hartua dute herrialdeek: «Tarte hori betetzeko, urtean hamabi gigawatt ezarri beharko lirateke; iaz 1,2 gigawatt instalatu zirela jakinda, hamar aldiz gehiago, alegia».

EBn kontsumitzen den energiaren %16 eolikoa da, batez beste, eta egun askotan ia herena ere izaten da. 250 fabrika daude EBn, eta 42.000 milioi euro inguruko ekarpena egiten diote Europako barne produktu gordinari. Halaber, 300.000 enplegu kualifikatu ditu sektoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.