Enpresetan euskara sustatzeko araudia egin du Baionako Ganberak

Ingurumen eta gizarte erronkei erantzuteko neurri batzuk proposatu ditu. Langileak enpresen barruan «inplikatzea» da helburua

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko berrogeita hemezortzi enpresa batu dira Lantegiak elkarteak bultzaturiko proiektuan. Baionako Merkataritza Ganberaren barruan abiatu dute dinamika berria. EGE Enpresen Gizarte Erantzukizunerako araudia plantan ezarri dute; enpresa bakoitzak izenpetu du eta «engaiamendu konkretuen bidez» egingo dela adierazi du Lantegiak elkarteko idazkari Pantxoa Bimboirek. Araudi horrek «tokian tokiko errealitatea» kontuan hartzea du helburu, gizartearen eta ingurumenaren erronkei erantzuteko. Atal ezberdinak dauzka, eta enpresa bakoitzak ahal duen heinean bete behar ditu neurri bereziak.

Gizarte arloan, euskararen tokiaz hausnartu dute eta hizkuntzaren erabilpena sustatu nahi dute EGEren bidez. Adibidez, Caroline Phillips enpresaburuak urte bateko formakuntza pagatzen die euskara ikasi nahi duten langileei. Emile Negeluak ere euskara sustatu nahi du Studio Waaz komunikazio enpresan: «Guk Seaskatik ateratzen diren bi ikasle enplegatu ditugu, adibidez. Gure langileen erdiek baino gehiagok euskaraz egiten dute, eta guretzat garrantzitsua da euskara lan hizkuntza izatea».

Enpresen elkarlana

Negeluarekin bat egin du Beñat Elkegarai enpresaburu zuberotarrak: «Aurten proposamen handi bat egin diegu gure langile guziei, jakiteko euskara ikasi edo arra-ikasi nahi zutenez: gehienak interesatuak dira». Elkar Robotika enpresaren buru da; Maulen du lantegi nagusia, baina Ordizian (Gipuzkoa) ere badu egoitza. Langileen artean euskaraz ari direla nabarmendu du: «Afektiboki eta kulturalki ontsa da sentitzea lurraldearekin lotuak garela, eta kanpoko jendeari erakusten dio euskara ikasi beharko duela».

Hizkuntzaren atalaz gain, «lurraldeko kapitalean inbertsioak» egitea eskatzen du EGEk. Enpresen arteko elkarlana bultzatu nahi du salerosketen bidez, eta tokiko ekinaldietan parte hartuz.

Enpresen «aberastasunen partekatzearen» alde ere agertu da Lantegiak dinamika. Enpresa bakoitzak ahal duen heinean lan sarien emendatzea segurtatu behar du; gutxieneko lansariaren %5, hasieran.

Enpresaren kapitala langileei irekitzea ere hobesten dute, langileak «aktiboago eta inplikatuago izan daitezen». Elkegaraik dio belaunaldi berriak erakartzeko balio duela horrek: «Erabakiak partekatu behar dira, langileek sentitu behar dute aktore direla. Gure arteko ezberdintasuna behar da txikitu. Uste dut gazteek dinamika hori sentituko dutela, horretarako ingurumenaren zaindari ere izan behar dugu».

EGE araudiak ingurumenaren zaintza ere sustatu nahi du. «Adibidez tokiko hornitzaileengana jo dezakegu» azaldu du Phillipsek. Bestalde, «eguneroko jestu txikiak zaintzeko» deia egin dute; birziklapena, energia gastuen apaltzea eta garraio publikoen erabilpena aipatu dituzte, besteak beste. Beste neurri batzuk nabarmendu dituzte, hala nola mezenasgo kulturala, preso ohien birgizarteratzea eta elbarrien laguntzeko egiturak segurtatzea.

Plana hiru urtekoa da, eta zikloaren amaieran, auto ebaluazio fase bat irekiko dute. Araberan, EGE xarta egokitzea pentsatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.