Arau gutxiago eta betetzeko errazagoak izatea. Burokrazia gutxitzea da, labur batean esanda, Bruselak Europako Batasunaren lehiakortasun arazoei aurre egiteko proposatzen duen neurri nagusia. Era berean, Europako Batasunean biltzen den aurrezkia, 1,4 bilioi euro urtero, bertan inbertitzeko erraztasunak ere eman nahi ditu Europako Batzordeak.
Urte hasiera pneumoniak jota igaro ondoren, bere bigarren agintaldiari benetako hasiera eman dio gaur Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak. Stephane Sejourne Ongizaterako eta Industria Estrategirako lehendakariordearen laguntzarekin, Von der Leyenek hurrengo urteetarako helburu nagusiari heldu dio: EBk azken urteetan galdutako lehiakortasuna berreskuratzeko bide orria aurkeztu du, Lehiakortasunaren Iparrorratza izen ponpoxoarekin.
Berak eskatuta Mario Draghik egindako txostena gida gisa hartu du batzordeak bere proposamena osatzeko. Europako Banku Zentraleko presidente izandakoak ziurtatu du EB «agonia luze batean» erortzeko bidean dagoela, eta erreformak egin ezean ezingo duela aurrerantzean AEBekin eta Txinarekin lehiatu. Konponbide gisa, produktibitatea hobetzeko, ekonomia digitalizatzeko eta deskarbonizatzeko eta defentsa gaitasuna izateko urtero 800.000 milioi euro inbertitzeko proposatu zuen Draghik.
Bruselaren planak ez du halako kopururik ematen, azken finean hurrengo urteetan egingo dituen proposamenak biltzen dituen aterki bat delako. Hiru helburu dituen aterki bat. Honako hauek:
1
Lehiakortasuna berreskuratzea
Von der Leyenek onartu du EBko ekonomikoa «estatikoegia» dela eta ez dela nahiko enpresa berritzaile azaltzen. Arazoa ez dago ideietan —patente kopuruan paretsu dabil AEBekin eta Txinarekin—, baizik eta ideia horien herenak baizik ez direla gero enpresa bihurtzen. Hori konpontze aldera, start-up-en sorrera errazteko bi estrategia jarriko ditu indarrean, eta haiengana kapitala iristea bultzatuko du. EBko merkatu bakarra 27 estatukideen arau propioekin funtzionatu duenez, beste erregimen bat sortu nahi du, 28.a, nahi duenak «EB osorako balioko duen arau sinple eta bakar bat» eskura izan dezan.
Gainera, adimen artifizialean inbertsio handiak egin nahi ditu EBk, bai gigafaktoriak eraikitzeko, bai AA garatzeko eta hura enpresetan aplikatzeko, eta sektore batzuetan indarra jarriko du: material aurreratuak, bioteknologia, teknologia kuantikoa, robotika eta espazioa.
2
Deskarbonizazioa
Von der Leyenek argi utzi nahi izan du arazoak arazo EBk ez diela uko egingo bere ekonomia deskarbonizatzeko helburuei. Horrela, 2030erako gas kutsagarrien emisio garbia 1990ekoa baino %55 txikiagoa izatea eta 2050erako zerora jaisteko xedeari eutsiko dio, «harrian zizelkatuta daudelako». Adierazi du epe horiek betetzea ona dela bai planetarentzat eta bai enpresentzat, inbertsioak egiteko testuinguru bat ematen dielako. Baina onartu du trantsizio energetikoak arazoak ere sortzen dituela, eta horietako bat dela energiaren prezioa «oraindik oso handia dela».
Aste gutxi barru Industria Garbiaren Araua aurkeztuko du Bruselak, lehiakortasunean oinarritutako deskarbonizazio estrategia. Prezioak jaisteko neurriak eta trantsizioan dauden industrientzat baimenak bizkor emateko beste plan bat ere aurkeztuko ditu.
EBko industriaren gaur egungo euskarriek —altzairua, autogintza eta kimika industria— beren plan propioak izango dituzte. Hain zuzen ere, bihar bilduko da Von der Leyen auto industriako ordezkariekin, eta ez dute baztertzen orduan iragartzea bertan behera geratuko direla CO2 emisio muga berriak aurten betetzen ez dituzten autogileentzat.
3
Menpekotasunak txikitzea
Von der Leyenek gogorarazi du EB lehena dela beste batzuekin merkataritza itunak egiten —76 herrialderekin ditu gaur egun— eta horretan jarraituko dute, «hori baita menpekotasunak txikitzeko modurik onena». Beste akordio mota berri bat proposatuko du orain, «lehengaien, energia garbiaren, erregai jasangarrien eta teknologia garbiaren hornidura bermatzeko».
Baina, aldi berean, protekzionistatzat jo daitekeen neurri bat ere proposatuko du: sektore eta teknologia kritikoetan EBko produktuei lehentasuna ematea lehiaketa publikoetan. Hori da, hain zuzen ere, EBko industria eolikoak eskatzen duena, ez gertatzeko fotovoltaikoari gertatutakoa —praktikoki Txinaren menpe geratu da—.
Lehiakortasunerako tresnak
AEBetatik datorren haizea baliatuta, EBn ere araudiak sinplifikatzeko eskatzen ari dira azkenaldian enpresa handiak. Presio horrek fruitua eman du: Europako Batzordearen asmoa da tramite burokratikoak %25 arintzea enpresa handientzat, eta %35 gutxienez txikientzat. Datorren hilean aurkeztuko du proposamena.
Inbertsioak egiteko kapital publikoa izango da, baina Bruselaren asmoa da kapital pribatua ere erakartzea; Von der Leyenen arabera, egon badagoelako. «Ez zaigu kapitala falta. Urtean 1,4 bilioi euroren aurrezkia pilatzen da EBn, baina finantza merkatu eraginkor bat behar da aurrezki horren zati bat inbertsioetara bideratzeko». EB osorako balio duten aurrezki eta inbertsio produktu berriak aurkeztuko ditu Batzordeak.
Merkatu bakarrari jartzen zaizkien barne trabak kentzeko estrategia bat izango da.
Gaur egun EBk funts asko ditu, eta Von der Leyenek aitortu du enpresentzat zaila dela jakitea nora joan behar duten beren inbertsiorako laguntza eskatzeko. Horregatik, funts horietako batzuk Lehiakortasun Funtsa izenekoarekin ordezkatuko dituzte.