Enpresen sorrerak gutxitzen ari dira aurten Ipar Euskal Herrian; itxierak, emendatzen

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren barometroaren arabera, «osasuntsu» daude enpresak, baina arazoak izan ditzakete ondoko hilabeteetan

Andre Garreta MIGeko presidentea —erdian—, ekonomia barometroaren aurkezpenean, atzo goizean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Datu baikorrak, baina etorkizunari begirako kezkak. Honela laburbildu liteke Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberak Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoaz eman duen argazki orokorra. Urriko barometroa aurkeztu zuen atzo Andre Garreta presidenteak, uztailean jasotako datuak oinarri hartuta. Ipar Euskal Herriko 213 enpresak erantzun dute telefono bidezko inkesta. Horren arabera, enpresaburuen %74 baikor edo oso baikor dira bere negozioaren etorkizunari begira, eta Garretak uste du hori ekonomia «osasuntsu» baten erakusgarri dela. Baina, datu «kezkagarriago» bat ere aurkeztu du: sortzen ari diren enpresen kopuruak beherantz segitzen du, eta enpresen itxierak, gorantz. Urte hasieratik 1.770 enpresa berri sortu dira, garai bererako iaz sortu zen baino %14 gutxiago; itxierak, berriz, 1.093 dira, iaz baino %34 gehiago. «MIGeko lehendakari naizenetik ez dut sekula halako ratiorik ikusi». COVID-19aren pandemia garaian Frantziako Gobernuak emandako laguntza ekonomikoekin lotu du hori Garretak, partez; haren hitzetan, ixtear ziren enpresa batzuei bizirik segitzeko manera eman zien.

Hala ere, lehen seihilekoan urteko negozio zenbatekoa emendatu dutela diote enpresaburuen %40k, eta egonkor dagoela %38k. MIGen arabera, %6,2koa da langabezia tasa Baionako lan eremuan.

Ondoko hilabeteetan gerta daitekeenak sortzen dio kezkaMIGeko buruari. Enpresek dituzten eskaerak beherantz ari direla adierazi du, eta irabazi garbiak apaltzen ari direla. Ukrainako gerlaren ondorioz lehengaien prezioan izan den gorakada aipatu du. Energiaren kostuaren emendatzeak ere eragin negatiboa du.

Horrez gain, langile berriak enplegatzeko dauden zailtasunak ere azpimarratu ditu Garretak. «Enpresen %72k langile beharra dute, baina hiru laurdenek zailtasunak dituzte». Eraikuntza, industria, kontularitza eta ostalaritza dira arazo gehien dituzten sektore eta lanbideen artean. Hor ere pandemiaren ondorioak ikusten ditu, baina iradoki du langabeziarako eskubidea izateko baldintzak gogortu beharko liratekeela, aditzera emanez batzuek langabeziaren hautua erosotasunez egiten dutela. Halaber, «lansari duinak» eskaintzeko beharra eta etxebizitzaren «arazoa» aipatu ditu.

Baina kazetarien galderei erantzunez, ez ditu lansarien emendatzearen alde azken egunetan antolatu diren mobilizazioak sostengatu, eta erran du tokiko enpresek lansariak emendatzeko gaitasunik ez dutela. «Ez gara Total eta halako enpresez ari; ez da hori gure lurraldeko errealitatea; hemen enpresa txikiak eta ertainak dira denak». Era berean, haren hitzetan, Ipar Euskal Herrian ez dago berehalako irabazi handirik egin duen enpresarik —horiei zerga gehigarria jarri behar ote zaien eztabaida piztu da azken asteetan Frantzian—.

Etxebizitzari buruz ere, «bustitzera» animatu da—luxuzko higiezin agentzia baten buru da Garreta—. Ontzat eman du irabazi apalak dituztenek hilabete bukaerara iristeko bigarren etxebizitza Airbnb-ren bidez alokatzea, eta instituzioengana bideratu du erantzukizuna: «Hautetsiek ez dute aski bizitegi sozial eraiki». ESTIA ingeniaritza eskolako ikasleak aterpetzeko lur eskaera egina duela erran du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.