Bere afiliatuei etxeko lanak jarri dizkie Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak: beren enpresen neurria handitu egin behar dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronaleko buruaren arabera, enpresak hazteko prozesua «ezin da gehiago atzeratu», beharrezkoa baita merkatu globalean lehiatzeko. Confebasken erreferentzia Alemania da, nola ez. Hango enpresa eraldatzaile handi eta ertainetan aritzen dira sektoreko langileen %76,3, baina %59 baizik ez Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoetan. Kontrakoa gertatzen da mikroenpresetan (10 langiletik beherakoak): langileen %13 dira EAEn, eta %7,4 Alemanian.
Enpresen neurriari buruzko txostena aurkeztu zuten atzo Lujuak eta Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiak.Alboan izan zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkari bat, Juan Ignacio Motiloa Industria sailburuordea. Haren presentzia ez zen doakoa, erakunde publikoen inpli- kazioa ere eskatu baitzuten enpresaburuek. Confebaskek txostenaren bigarren parte batean azalduko du zehazki zer eskatuko dion, baina bat behintzat aurreratu zuen Lujuak: zerga kenkariekin laguntzea bat egitea erabakitzen duten enpresak.
Zehaztasunetan ez zen sartu Motiloa, baina hark ere egin zuen enpresak handitzearen alde. Apirilaren 29an bere 2014-2016 industria plana aurkeztean Jaurlaritzak ez zuen bat egiteak laguntzeko neurririk espresuki aipatu, baina klusterren eta aliantzen garrantzia aldarrikatu zuen. Plan horren helburua da azken urteotan krisiak ekonomian eta enpleguan izan duen pisu galerari buelta ematea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %22 ari dira industrian, INEren azken inkestaren arabera, mendearen hasieran baino bost puntu gutxiago. Besteak beste, proiektu estrategikoei lagunduta, eskulaguntza aurreratua sendotuta eta langileek enpresetan duten parte hartzea indartuta lortu nahi du hori Jaurlaritzak, eta 575 milioi jarriko ditu hurrengo hiru urteotan.
Enpresaburuei eskaera
Erakunde publikoen laguntza gorabehera, enpresaburuen zeregina da enpresek neurri handiagoa hartzea, bat egiteen bidez edo elkarlanaren bidez. Ildo horretatik hankamotz daudela onartu zuen Lujuak, eta pentsaera aldaketa bat eskatu zien enpresei: «Elkarri lehia egin baino gehiago, batu egin behar dugu».
Batuketa horrek enpresa sendoagoak eta nazioartean lehiatzeko egokiagoak sortuko lituzkeela nabarmendu zuen Lujuak. Patronalaren arabera, enpresa handiagoak lehiakorragoak dira, eta berrikuntzan gehiago inbertitu dezakete. Bere txostenak dio 99 langiletik gorako enpresen %55,6 direla berritzaileak, eta txikien %29,8 eta mikroenpresen %11,8 baizik ez. Horri esker, krisiari hobeto eutsi diotela eta enplegu gutxiago suntsitu dutela ziurtatu zuen.
Finantzaketa ere enpresa handien aldeko faktorea da, merkeago finantzatzen direlako neurri handia dutenak. Espainiako datuen arabera, milioi batetik gorako fakturazioa dutenek %3,86ko interesak ordaintzen dituzte batez beste, eta %5,17koa, berriz, milioi batetik beherako salmentak dituztenek.
Enpresen neurria handitzeko erabakiak ez atzeratzeko eskatu du Confebaskek
Bat egiteak zerga kenkariekin laguntzeko eskatu die erakunde publikoei, eta mentalitatea aldatzeko enpresaburueiEnpresa handiak mundu globalean lehiatzeko egokiagoak direla esan du Lujuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu