Adegik lan kostuen handitzearekin lotu du enpresen lehiakortasun galera

Patronalak dio kezka oso handia dela, eta «ariketa kolektibo» bat eskatu du. «Gehiegizko erregulazioa» salatu du.

Adegiko buruak, Donostian: Jose Miguel Aierza zuzendaria, Isabel Busto presidentea eta Patxi Sasigain lehiakortasuneko arduraduna. JON URBE / FOKU
Adegiko buruak, Donostian: Jose Miguel Aierza zuzendaria, Isabel Busto presidentea eta Patxi Sasigain lehiakortasuneko arduraduna. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko otsailaren 7a
13:10
Entzun

Gipuzkoako enpresak ez dira lehen bezain lehiakorrak, eta erakundeak ez zaizkio behar bezala heltzen ari arazo horri. Hala uste du behintzat Adegik, Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak. Mamuak kanpoan eta barruan ikusten ditu patronalak, nazioarteko ekonomian eta Europako Batasuneko eta horko kide diren herrialdeak hartzen ari diren neurrietan, eta babesa eskatu du enpresentzat. «Erantzukizun kolektiboko ariketa bat» egitea proposatu du, «industriaren lehiakortasuna sendotzen lagunduko duten beharrezko neurriei batera ekiteko». «Industria da gure ekonomiaren motorra eta, neurri handi batean, ongizate handiaren eragilea, eta, azkar eta sendo jarduten ez badugu, baliteke hori bermatuta ez egotea».

Egoera ekonomikoari buruz patronalak aldian-aldian egiten duen inkestaren berri emateko agerraldian, Jose Miguel Aierza zuzendari nagusiak azaldu du lehiakortasunaren galeran eragina izan duten faktoreak «kateatu» egin direla azken urteetan eta ezinbestekoa dela horiei lehenbailehen heltzea.

Guztien gainetik bat nabarmendu du: «Gehiegizko erregulazioa». Kritikatu du oso zurrunak direla trantsizio energetikoa gauzatzeko Europako erakundeek enpresei jarritako betebeharrak, baldintzak eta epeak, eta horren ondorioz geldialdi moduko bat gertatu dela.

«Azkar eta sendo jarduten ez badugu, gerta daiteke gure ongizatea bermatua ez egotea»

JOSE MIGUEL AIERTZAAdegiko zuzendari nagusia

Baina Adegiko buruaren arabera, arrazoi guztien bila ez da Bruselara bakarrik jo behar. Adierazi du enpresek nagusiki lan kostuen handitzeagatik utzi diotela lehiakorrak izateari. Hala, salatu du pentsioen sistema publikoa bermatze aldera langile bakoitzarengatik enpresek gizarte segurantzan kotizatu behar dutena «nabarmen» handitu dela 2023ko azken erreformatik, eta gogoratu du hori bihurtu dela Gipuzkoako enpresak gehien kezkatzen dituen faktorea: %53k aipatzen dute hori, 2006ko urtarriletik inoizko gehienek.

Adegiko buruak lehiakortasunarekin «estuki» lotu duen beste faktore bat ere badago, patronalak azkenaldian maiz aipatzen duena: absentismoa. Lurraldeko hiru enpresatik batek (%34) esan du arazoa dela beretzat. Hirugarren kezka faktorea bihurtu da, eta 3,5 puntu egin du gora iaztik.

Baina kezken artean, azkenengo urtean nazioarteko ekonomiaren egoeraren gaineko kezka handitu da gehien, haren «ahultasuna», Aierzaren hitzetan. Enpresen % 42k aipatu dute faktore hori, eta urtebetean sei puntu egin du gora. Adegiko buruak gogoratu duenez, Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batua dira Gipuzkoako enpresen merkatu nagusiak: esportazioen %40 herrialde horietara doaz.

Iaz, herrialde horiek oso hazkunde motela izan zuten, eta Alemaniak atzeraldiari aurrez aurre begiratu zion. Urte honetarako, antzeko egoera aurreikusten dute. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Alemania %0,3 handituko da; Frantzia, %0,8; eta Italia, %0,7. Bereziki kezkagarria da Alemaniaren industriaren egoera, Aierzaren irudiko, eta Alemaniako Industrien Federazioko presidenteak berriki egin dituen aurreikuspenak gogoratu ditu: %0,1 eta %0,5 arteko atzeraldia espero dute 2025erako.

Deslokalizazioaren mamua

Adegiko zuzendari nagusiak uste du lurraldeko enpresek lehiakortasun arazo bat dutela, baina hori ez dela Gipuzkoan soilik gertatzen; «Europa osoko fenomeno bat da». Horren harira, gogora ekarri du Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidente izandakoak iaz Europako Parlamentuan aurkeztutako txostena. Azterketa hartan, nabarmendu zuen Europako Batasuneko ekonomiek arazoak dituztela lehiakorrak izateko, bereziki beste ekonomia globalen aldean —batez ere AEBen eta Txinaren aldean—. Adegiko buruak azpimarratu duenez, denborak aurrera egin ahala arrakala hori «sakontzen» ari da, eta horri aurre egiteko neurriak galdegin ditu.

Autogintzaren egoera azpimarratu du. Sektore hori «krisi estruktural batean» murgilduta dagoela adierazi du, bereziki Alemanian, Frantzian eta Italian, eta hori euskal industrian ere eragin handia izaten ari dela gehitu du, sektorearekin zuzenean zein zeharka lotutako enpresa asko daudelako.

AEBetara begira ere jarri da Aierza; esan du Donald Trumpen bigarren agintaldiaren hasierak handitu egin duela merkatuetako ziurgabetasuna, «iragarritako hainbat neurrik nazioarteko arau ekonomikoetan aldaketak ekar baititzakete». «Zaila da zer gertatuko den aurreikustea; nolanahi ere, ez da positiboa izango».

Egoera horretan, Adegiko buruak gogoratu du Gipuzkoako enpresa askok ekoizpen plantak dituztela kanpoan, eta nabarmendu du hori dela-eta zenbait kasutan «baldintza hobeetan» ari direla aurre egiten lehiakortasun arazoari, «lurraldeko [Gipuzkoako] produkzio zentroen ahulezia posibleak edo lehia desabantailak konpentsatuz». Nabarmendu du herrialde horietan hemen ez dituzten «abantailak» izaten dituztela. Bestalde, ohartarazi du horrek atzera eginarazi diezaiekeela kanpotik Euskal Herrira etor litezkeen enpresei, eta kanpora joanaraz ditzakeela hemen daudenak.

INKESTAREN EMAITZAK

  1. Merkatuak. Hamar enpresatik zortzik uste dute beren merkatuak berriz normaltzen ari direla edo suspertzen ari direla; iaz baino lau puntu eta erdi gutxiago da hori. Gainera, industria alorreko hiru enpresatik batek uste du bere merkatuak atzeraldian daudela, eta iaz baino bost puntu gehiago da hori.

  2. Eskari zorroa. Ia hiru enpresatik batek dio eskari ahula duela. Azken urteetako maila handienetako bat da hori, eta bostetik batek baino ez dio eskari asko dituela; 2021eko urtarriletik izandako kopururik txikiena da hori.

  3. Fakturazioa. 2024ko azken hiruhilekoan %1,2 handitu zen aurreko hiruhilekoaren aldean: % 0,7 industrian, %1,3 eraikuntzan eta %3,3 zerbitzuetan.

  4. BPGa. Adegik espero du Gipuzkoako ekonomia %1 eta %2 artean haztea, iazkoaren pare.

  5. Enplegua. Hamar enpresatik bederatzik uste dute gaur egungo lantaldea mantenduko edo handituko dutela. Patronalaren aurreikuspenen arabera, aurten 2.500-3.500 enplegu garbi sortuko dira, batez ere zerbitzuen sektorean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.