Enpresen irabaziak lanaren errentak baino gehiago handitu dira Nafarroan

Soldatapekoen sariak BPGaren %42,8 dira, eta enpresen eta autonomoen errentak, berriz, %47,2.

Nekazaritzako langileak, Martzillan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nekazaritzako langileak, Martzillan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 26a
15:00
Entzun

Hirugarren urtez jarraian, Nafarroan kapitalaren errentak gehiago handitu dira lanarenak baino. Nastatek gaur zabaldutako datu ekonomikoetan agertzen denez, soldatapekoen sariak (lanaren errentak) %5,8 handitu dira, eta ustiapeneko soberakin gordina (kapitalaren errentak), berriz, %6,1. Aldea, dena den, 2021ekoa eta 2022koa baino txikiagoa izan da, bi urte horietan kapitalaren errenta bestea halako bi handitu baitzen.

Urteko bigarren erdian joera hori aldatu egin da, soldatapekoen sariak gehiago igo baitira enpresen irabaziak baino. Azken hiruhilekoan, esaterako, lehenengoak %5,8 handitu dira, eta bigarrenak, berriz, %3,6.

Urte osoan, soldatak Nafarroako BPGaren %42,8 izan dira, eta enpresen eta autonomoen mozkinak, berriz, %47,2. Gainontzeko %10a zergei dagokie. 2012az geroztik, lanaren errentak enpresen soberakinen azpitik daude.

Nastaten datuetan azaltzen denez, soldatapekoen sariak batez beste %4,5 handitu ziren iaz.

BPGa %1,9 handitu da

BPG osoari dagokionez, estatistika erakundeak aldaketa txiki bat egin du urtarrilaren amaieran aurreratutako datuetan: hamarren bat igo du urteko azken hiruhilekoko hazkundea, %0,6ra hiruhileko artekoa, eta %1,5era urte artekoa. Igoera hori ez da nahikoa izan urte osoko datua handitzeko, eta %1,9 izan dela berretsi du Nastatek.

Sektoreka, bilakaera ona izan dute nekazaritzak (+%3,4) eta zerbitzuek (+%2,6), eta pattalagoa eraikuntzak (+%0,9) eta  industriak (+%0,4). Azken horrek, gainera, langileak galdu ditu, Nastatek ziurtatu duenez: -%0,7. Enpleguak, oro har, %1,5 egin du gora, eta nagusiki zerbitzuetan (+%2,3) eta nekazaritzan (+%2,8) antzeman da igoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.