Charlotte Lockhart eta bere lankideak lau eguneko lan astea bultzatzen ari dira Zeelanda Berritik, eta orain arte lortu dute proba pilotu hori munduko 1.000 enpresak egitea. Garbi dute etorkizunean lan gutxiago egingo dela.
Ikusi gehiago: Lan astearen murrizketa, proban
Zer dela-eta hasi zineten lau eguneko lan astea probatzen?
Andrew Barnesek eta biok 4 Day Week Global elkartea sortu genuen Zeelanda Berrian, Perpetual Guardian enpresan 2018an egin genuen lau eguneko lan astearen probaren ostean. Ordutik, gure elkarteak zenbait sektoretako 1.000 enpresa baino gehiagori lagundu die produkzioan zentratutako jardunaldi murrizketak aplikatzen. Soilik joan den urtean 200 elkarte inguru lagundu genituen halako probak egiten, eta aurten lan horrekin jarraituko dugu.
Uste duzu egungo gizarte kapitalistek aurrera egiten jarraitu dezaketela lanaldia gutxituz?
Bai. Lanaren eta bizitzaren arteko oreka osasuntsuari dagokionez, langileek itxaropen ezberdinak dituzte pandemiaren ostean. Batzuetan disruptore handi bat behar da gizartean eta kulturan oso errotuta dauden arau batzuk aldatzeko. Hori ikusten ari gara tradiziozko bost eguneko lan asteari buruz, pandemiak lanaren malgutzea ekarri baitu.
Non egin dituzue probak?
Mundu guztian dugu presentzia, eta azkar hedatzen ari gara. Erresuma Batuan, Europako Batasunean, Amerikako Estatu Batuetan, Kanadan, Australian, Zeelanda Berrian, Hegoafrikan eta Brasilen egin ditugu probak, eta egiten jarraitzen dugu.
Eta zer-nolako enpresetan?
Erresuma Batuan egin berri dugun proban, marketin eta publizitate arloko enpresak ziren gehienak: 61 enpresatik zortzi (%18). Zerbitzu profesionaleko zazpi enpresak hartu dute parte (%16), eta irabazi asmorik gabeko elkarteek osatu dute hirugarren taldea, %11.
Zenbat enpresak jarraitu dute lanaldi murriztuarekin?
Oraingoz, 91 enpresak egindako proba pilotuen emaitzak argitaratu ditugu, eta entseguaren ostean enpresen %91k lanaldi murriztuari eutsi diote.
Uste duzu posible dela lanaldia murriztea lan sektore guztietan?
Garbi dago lau eguneko lan astea zailagoa izango dela ezartzea sektore batzuetan, baina uste dugu lan aste murriztuaren edozein bertsio posible dela sektore guztietan. Edozein trantsizio progresibotan bezala, egongo dira azkarrago edo motelago moldatuko direnak. Enpresen arteko lehiaren ordez sektoreen arteko lehia egongo da, eta sektoreek lehiakor izan nahi badute eta talentu handiena duten langileak mantendu nahi badituzte, lau eguneko lan astea ezartzeko bidea aurkituko dute.
Ikusi gehiago: «Zerbait aldatzeko modua probatzea da»
Charlotte Lockhart. 4 Day Week Global elkartearen sortzailea
«Enpresen %91k lanaldi murriztuari eutsi diote»
Lockhartek uste du pandemiak lanarekiko eta bizitzarekiko ikuskera aldatu duela. Haren ustez, lanaldia murrizteko mugimendua hedatuz joango da, baina ziur da sektore bakoitzean ezberdin egingo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu