Erasoak eta kontraerasoak, su-etenak eta gatazkak, negoziazioak eta hausturak, eta, denen gainetik, Donald Trumpen txioak dira merkataritza gerraren egunerokoa. Txio horiek beste maila batera iritsi ziren atzo, Txinako Gobernuak jakinarazi ondoren muga zergak jarriko dizkiela AEBetako sojaren eta autoen inportazioari. Trumpek iragarri zuen AEBetako enpresei «agindu» egiten diela Txina ez den beste alternatiba batzuk bilatzeko beren produktuak egiteko eta saltzeko. Iragarpenak burtsak erorarazi zituen.
«Ez dugu Txina behar, eta, benetan, askoz hobeto geundeke haiek gabe. Amaitu behar du, eta amaituko da Txinak AEBn lepotik eta hari lapurtuz hainbat urtez eta hamarkadaz egindako diruarena. Honen bitartez agintzen diet AEBetako gure enpresa handiei berehala has daitezen Txina ez den beste alternatibak bilatzen, baita zuen konpainiak etxera ekartzen eta zuen produktuak AEBetan egiten». Ondoren, Etxe Zuriko maizterrak jakinarazi zuen FedEx, UPS, Amazon eta US Post banaketa enpresei eskatu diela azter ditzatela Txinatik iritsitako pakete guztiak, fentanil opiazeoaren aztarnak antzemateko. «Fentanilak 100.000 estatubatuar hiltzen ditu urtero. Xi presidenteak esan zuen amaitu egingo zela, baina ez da horrela gertatu».
Txinaren azken tarifei atzo bertan erantzungo ziela hitzeman zuen Trumpek, baina berri hau idazteko orduan oraindik ez zegoen iragarpenik. Trumpek ez du berez eskumenik AEBetako enpresa guztiei Txinarekin negozioak egitea debekatzeko, baina batzuei trabak jarri ahal dizkie, segurtasun arrazoiak argudiatuta.
Enpresaburuen aldetik, argudioak pragmatikoagoak izan ziren. «Trump presidentea agian etsita dago Txinarekin, baina erantzunak ezin du izan AEBetako enpresek 1.400 milioi biztanleko merkatu bati uko egitea. Tentsioak handitzea ez da ona merkatuaren egonkortasunerako, inbertitzaileen konfidantzarako, edo AEBetako enpleguentzako», erantzun zion Merkataritza Ganberako lehendakariordeak, Myron Brilliantek.
AEBetako lehendakaritzara iritsi zenetik, Trumpek behin eta berriro eskatu die AEBetako enpresei Txinara eramandako ekoizpena beren lurraldera eramateko. Berez, Asiako herrialdearekin hasitako merkataritza gerraren helburua hori da, muga zergen bitartez Txinatik AEBetara produktuak eramatea errentagarria ez izatea. Izan dira produkzioa AEBetan bildu duten enpresak, baina are gehiago dira beren produktu eta osagaietarako merkatu alternatiboak bilatu dituztenak, Vietnamen esaterako. Kostu txikiagoek agintzen dute.
Txinaren muga zergak
Txinak irailaren 1ean jarriko ditu indarrean tarifa batzuk eta abenduaren 15ean besteak. Data horiek ez dira ausazkoak, atzo gauean aldaketarik izan ezean, egun horiek hautatu baititu Trumpek Txinako produktuen inportazioa zergapetzeko. Neurrian dago aldea: 300.000 milioi dolarren inportazioak zergapetuko ditu Washingtonek, eta 75.000 milioi dolarren inportazioak, berriz, Pekinek. Arrazoia bien arteko merkataritza harreman desorekatuan dago, AEBek hiru aldiz gehiago inportatzen baitute Txinatik han saltzen dutena baino.
Datorren asteburuan indarrean jarriko direnen artean daude AEBetako sojaren eta petrolioaren gainekoak, %5ekoak. Tarifa horiek nahikoak izan daitezke produktu horien inportazioa eteteko, Txinako erosleek alternatibak aurki ditzaketelako.
Abenduan, berriz, autoen eta autoen osagaiei %25 arteko muga zergak jarriko dizkie Txinak. Neurri horrek batez ere Mercedes eta BMW alemaniarrei egingo die kalte. Izan ere, Txinak AEBetatik gehien inportatzen dituen hamar modeloetatik sei dira Alemaniako enpresa horiek AEBetako fabriketan egindakoak.
Enpresei Txinatik joateko aginduz erantzun die Trumpek azken tarifei
Pekingo gobernuak soja inportazioei muga zergak jarriko dizkie irailean, eta autoenei abenduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu