Bilboko Guggenheim museoan egin du Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresarien konfederazioak 40. urteurren ekitaldia, eta, han, Confebaskeko presidente Tamara Yaguek «gizartearen aitortza» eskatu du enpresaburuentzat: «Ziur gaude enpresarien zereginak, haien lanak eta konpromisoak gaur egun dugun baino onarpen sozial handiagoa merezi dutela». Yaguek goraipatu egin du enpresen «ongizate kolektiboari» egindako ekarpena, eta erantsi du gaur egungo gizartea ezin dela ulertu enpresarik eta enpresabururik gabe.
Laurehun gonbidatu inguruk parte hartu dute Confebasken urteurren ekitaldian. Besteak beste, han izan dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Jaurlaritzako sailburu ugari eta erakundeetako beste zenbait ordezkari. Espainiako errege Felipe Borboikoa ere egon da ekitaldian.
Bideo baten bidez, konfederazioak 40 urte hauetan egindako ibilbidea laburbildu dute, eta omenaldia egin diete Confebaskeko sortzaile eta kide Adegi, Cebek eta SEA elkarteei, bai eta 1983tik hona Confebasken aritu diren zortzi presidente ohiei ere. Yaguek ere gogoan hartu ditu bere hitzaldian konfederazioaren zuzendaritzan aritu direnak, eta «terrorismoaren urte amaiezinetan» haiek erakutsitako «ardura» goraipatu du. Haren esanetan, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen «ongizatea» enpresarien lanari zor zaio hein handi batean, eta haien «ekimena, lana eta konpromisoa» nabarmendu ditu: «Gizarte batek ez du aurrera egiten lehiakorrak izan, zergak ordaindu ahal izateko etekinak lortu eta enplegua sortzen duen enpresarik gabe».
«Barkamena»
CEOE Espainiako enpresarien elkarteko presidente Antonio Garamendik ere atzera begiratu du, eta gogora ekarri du Deustuko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera ETAk 49 enpresaburu hil eta 52 bahitu zituela: «Egoera zail eta gogor hartan, euskal enpresariok argi erakutsi genuen zer den konpromisoaren eta askatasunaren aldeko lana». Haren ustez, komenigarria litzateke «norbaitek barkamena eskatzea» orduan gertatu zenagatik.
Gaur egungo egoerari ere erreparatu dio Garamendik, eta esan du enpresaburuak «elkarrizketaren aldekoak» direla: «Penagarria da Euskadin elkarrizketaren aldeko giro hori ez topatzea». Nabarmendu du Espainian hamasei hitzarmen sinatu dituztela langileen ordezkariekin: «Hemen, aldiz, [Espainiako] Estatuko grebarik handienak daude, eta ez dut uste hori harro egoteko modukoa denik».
Urkulluk ere 1983ra jo du Confebasken hastapenak gogora ekartzeko, eta esan du hura «garai zail eta gogorra» izan zela: «Urte hartan uholdeak izan ziren, baina hura ez zen izan gure arazo bakarra: krisi ekonomikoa, industriaren moldaketa eta terrorismoaren urte gogorrenak ere pairatu genituen». Hala ere, nabarmendu du «Euskadik aurrera» egin zuela «sektore, elkarte, enpresa eta erakunde askoren ekarpenari esker».
Aurrera begira, «arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana» jo du Urkulluk aurrerapenaren giltzarritzat.
Espainiako Ekonomia eta Enpresa ministro Nadia Calviño egotekoa zen ekitaldian, baina azkenean ez du bertaratzerik izan, eta Gonzalo Garcia Andres Ekonomia Estatu idazkaria bidali du bere ordez.
Enpresariek «gizartearen aitortza» eskatu dute Confebasken ekitaldian
Confebaskek 40. urteurrena ospatu du Bilbon. «Ongizateari» egindako ekarpena goretsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu