Enpresaren itxiera «ate joka» dagoela ikusten dute Lasaoko Corrugadosen

Madrilen hilabete barru duten epaiketan lan erregulazioa «fartsa hutsa» izan dela salatuko dute

Urnieta eta Irungo IAT lantegietako langileek atzo egindako elkarretaratzea. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Urola Kostako Hitza
2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Alfonso Gallardo Taldeak uztailean Azpeitiko Corrugados enpresa itxi zuen, langile guztiak kaleratuta. Abuztuaren 7an, berriz, Lasaoko Corrugadoseko 68 langileetatik 38 kaleratu zituen. 30 langile baino ez dira gelditzen Lasaon, eta horiek enpresaren itxiera «ate joka» dagoela ikusten dute. Hala azaldu zuten atzo langileek enpresan egindako agerraldian. «Ikusten duzue gure egoera, lantegiko ataria garai batean lehengaiez beteta egoten zen, gaur egun huts-hutsik dago. Lan egiteko lehengairik ez digute ekartzen», esan zuten plantaren atzeko aldea erakutsita; «datorren urte hasierara iritsiko ez garen susmoa dugu». Enpresaren itxiera «inoiz baino gertuago» ikusten dute, «ate joka» ei dago. Egoera salatzeko, urriaren 19rako manifestaziora deitu dituzte herritarrak, 12:00etan, Azpeitiko plazatik irtenda.

Urriaren 29an, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Gallardo enpresak aurkeztutako enplegua erregulatzeko dosierraren gaineko epaiketa dute Lasaoko eta Azpeitiko Corrugadoseko langileek. Gallardok dosierra aurkeztu eta langileek lehen agerraldia egin zutenetik bost hilabete pasatu direla gogorarazi zuten beharginek. Erregulazioaren gaineko negoziazioa «fartsa hutsa» izan zela berretsi zuten; «Madrilen negoziatzera behartu gintuzten, negoziazio esparru naturala duguna baztertuz, eta negoziazio luze, antzu eta neketsu baten parte izan ginen».

Erregulazioak ez du balio lantegiari irtenbidea emateko, langileen arabera. «Langileak kaleratuta ere ez dute bermatu lantegiaren etorkizuna, ez Gallardo Taldeak ezta egoeraren txosten teknikoa egiteko kontratatutako erakundeak ere. Bideragarritasun plana eskatu dugunean ere, euren bideragarritasuna neurri horiek hartzea dela erantzun digute, lehor».

Beharginek ahal zuten guztia egin dutela uste dute. «Gure esku egon diren ate guztiak jo ditugu, baina, zoritxarrez, Gallardo Taldeak bere jarrera itxiari irmo eutsi dio, eta Lasaoko lantegitik 38 langile kalean daude jada». Erregulazioa enpleguaren suntsiketa hutsean oinarrituta dagoela adieraztera joango dira langileak Madrilen izango duten epaiketara; «horrez gain, Gallardok negoziatzeko borondaterik ez duela azaldu eta jarrera itxia izan duela salatuko dugu. Honen atzean eraiste industriala dagoela azaltzera joango gara».

Ehun eguneko greba

Lan gatazkak asko eta askotarikoak dira Euskal Herrian gaur egun. Urnieta eta Irungo IATko lantegietako beharginek ehun egun bete dituzte greban lan itunaren alde eta erreformaren aurka. Ekainaren 22an hasi zuten lanuzte mugagabea, eta oraindik ere tinko eusten diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.