Mecanerreko enpresa batzordekokidea da Unai Mirasolain, eta, goizeko manifestazioaren ostean, Urdulizko Udaleko ordezkariekin bildu zen. Oso pozik dago greba deialdiak izan duen oihartzunarekin eta udalak eman dien erantzunarekin.
Zer-nolako erantzuna izan du grebak?
Langile guztiek bat egin dute, zuzendaritzako kideek izan ezik. Goizean, heldu garenean, eraikinaren barruan zeuden, eta uste dugu gaua ere bertan igaro zutela.
Zer eskatzen diozue Mecanerri?
Erabakiak hartu dituzten zuzendariekin hitz egin nahi dugu. Badakigu langileak kaleratzeko eta lantegia ixteko agindua Frantzian dagoen egoitzatik datorrela. Hango zuzendariek aurpegia eta azalpenak ematea nahi dugu, eta beste aukerarik dagoen jakin.
Enpresak azalpenik eman dizue orain arte?
Esan diguten bakarra da Urdulizko lantegia ez dela bideragarria. Iaz, ordea, 16.800 milioi euroren etekinak izan zituzten Mecaner eta Stellantis taldeek. Txinara, Indiara eta Marokora eraman nahi dituzte lantegiak, kostuak merkeagoak direlako eta etekin handiagoak lortu nahi dituztelako.
Negoziatzeko prest daudela uste duzue?
Negoziatzen hasteko sei hilabete falta dira oraindik. Guk ez dugu horrenbeste denbora itxaron nahi; lehenbailehen hitz egin nahi dugu zuzendaritzarekin, baina badirudi ez dutela bildu nahi gurekin. Badakigu, beraz, hori lortzea ez dela erraza izango. Horregatik antolatu dugu greba.
Urdulizko Udalari ere eskatu diozue laguntza.
Bai, eta esan digute hor egongo direla behar dugunerako. Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin nahi dugu, eta lantegien itxierak gelditzeko eskatu. Onartezina da Euskal Herriko industria amaiaraztea.
Epe luzera, grebak egiten jarraituko duzue?
Gaur izan da lehenengoa, eta ikusiko dugu hemendik aurrera zer erabakitzen dugun. Zuzendaritzak ez badu ezer erantzuten, guretzat egokiena dena egingo dugu.
Unai Mirasolain. Enpresa batzordeko kidea
«Enpresarekin negoziatzen hasteko sei hilabete falta dira oraindik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu