Enpresak azken bost urteetan utzi duten aztarna ekologikoaren berri ematera behartu nahi ditu ELAk. Aurrerantzean trantsizio ekosozialarekin harremana duten eskakizunak eramango ditu lan itunen negoziazio mahaietara, eta horietako bat da hori. Sindikatuak eta afiliatuek bide horretan «eragile aktiboak» izan behar dutela aldarrikatu du Mitxek Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. Halaber, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die trantsizio ekologikoaren eraginez desagertuko diren lanpostuak kudeatzeko legedi bat sor dezatela; izan ere, haren iritziz, gaur-gaurkoz ez dago egoera horiei aurre egiteko «planik».
«Enpresei azken bost urteetako informazioa exijituko diegu», horrela laburbildu du eskaera Mikel Noval sindikatuko azterketa bulegoaren arduradunak. Baina zer informazio? Berotegi efektuko gasen emisioa, hondakin motak eta haien tratamendua, energia berriztagarriak eta ur kontsumoa, eta ingurumen baimen integratuaren betetze maila. Eskaera hori lan itunetan sartu nahi du sindikatuak, horrela obligazio bilakatuko litzateke eta.
«Mugikortasun planak exijituko ditugu, garraio kolektiboa erabil dadin. Joan-etorriak gutxitu eta kostua enpresek bere gain har dezaten. Enpresa autobusak berreskuratu behar dira».
MIKEL NOVALELAren azterketa bulegoko arduraduna
Bost eskaera dira guztira, eta besteen artean «mugikortasun planak» exijituko dituzte, enpresaka, industrialde edo eskualdeka. Sindikatuak ikusi du azken urteetan asko murriztu dela langileak jaso eta eramaten dituzten enpresa autobusen kopurua, eta itunetara itzularazi nahi dituzte. «Kostua enpresek har dezaten nahi dugu, edo administrazioek garraio publikoa gehituz gero», azaldu du Novalek. Egun 100 langiletik gorako enpresak bakarrik daude behartuta mugikortasun planak egitera, eta, sindikatuan diotenez, ez dira bereziki zorrotzak.
Negoziazio mahaietara eramango dituzten beste hiru eskaerak hauek dira: energia eta lehengai kontsumoa doitzeko planak, erosketa politika berdeagoa, eta «elikadura burujabetza» exijitzea jangeletan. «Eskoletan eskatzen badugu, lantokietara ere zabaldu daiteke», gehitu du. Navalek azaldu du bost eskaera hauek orokorrak direla, eta gero sektore bakoitzera egokituriko asko dituztela, eta sindikatuko 750 afiliaturekin eginiko hiru bileraren ondorio direla.
Izan ere, ELA arduratuta dago trantsizio ekologikoak enpleguan izango duen eraginarekin, eta, Lakuntzaren ustez, Hego Euskal Herriko gobernuek ez dute erantzunik: «Orain arteko aurrekontuak eta erabaki politikak aztertuz gero, argi dago ez dutela planik, eta batzuetan hartzen dituzten erabaki batzuek trantsizio ekosozialaren aurkakoa eragiten dute». Argi utzi du beti langile klasearen aldeko neurriak bultzatuko dituztela.
Trantsizioa, enplegu iturri
Lakuntzak azaldu du trantsizioak lanpostu batzuk desagerraraziko dituela —autogintzan, siderurgian...—, eta beste batzuk sortuko, eta ondo kudeatzen bada «enplegu gehiago» eta kalitate hobeagokoa sor litekeela. Horretarako, baina, enplegu legeak aldatu behar direla aldarrikatu du. Alegia, enpresa batek trantsizio ekologikoaren eraginez enplegua deuseztatzen badu, legez hiru ate ireki beharko liratekeela: «Langile horiek beste enpresa batean jartzea, enplegua deuseztatu duen enpresa birmoldatzea, edota diru sarrera duinak bermatzea lanpostua galdu duen langilearentzat».
ELAk aurreratu du norabide horretan presionatuko duela, gaur-gaurkoz ez baitu «inolako borondate politikorik» ikusten horrelako arauak onartzeko. «Enplegu politikan jauzi bat egitea da, baina ezinbestean iritsiko beharko dena», gehitu du Novalek. ELAk argitu du dagoeneko enpresa batzuk hasiak direla enplegu erregulazioak aipatzen ingurumenarekin zerikusia duten obligazioak ezin dituztelako bete.
ELAk ez du erabaki oraindik Mecanerren helegitea jarriko duen
ELA sindikatuak oraindik ez du erabaki helegitea jarriko dion Stellantisek eta Mecaner trokelgintzako langileek sinaturiko akordioari —144 langileek sinatu zuten—. Akordio horretan, besteak beste, langileek diru sariak onartu zituzten enpresaren itxierari helegiterik ez jartzearen truke. Sindikatuak argitu zuen bere ustez akordio hori «iruzurra» zela, eta zehaztu zuen enpresako bere afiliatuek erabakiko zutela zer egin. Novalek onartu duenez, oraindik ez dute erabaki zer egin.
ELAk hiru aukera zituen mahai gainean: baga, akordioari helegitea jarri eta agian lan erregulazioaren negoziazioa berriz hastera behartzea; biga, bere afiliatuek salaketa indibidualak jartzea; eta higa, dagoen bezala uztea. Novalek, dena den, berretsi du sindikatuak argi dutela Mecanerren jardunetako batzuek etorkizun ona izan dezaketela, eta bere afiliatuak lan horrekin jarraitzeko prest daudela.