Gerra Ukrainan. Arazoak euskal enpresentzat

Enpresak, gerraren lokatzetan

Jarduera gelditzen hasi da zenbait enpresatan, eta jadanik argi dago gerraren ondorioek «egoera dramatikoa» ekarriko diotela industriari. Mondragon Taldeak bere «mekanismoak» aktibatuko ditu

Arcelor Mittalek ABEE bat ezarri du Sestaoko plantan, argindarraren prezioari aurre egin ezinik. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Xabier Martin - Jokin Sagarzazu
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun

«Nork esan behar zigun horrela egon behar genuela aurten!». Gipuzkoako enpresa ezagun bateko arduradun baten esaldi soil horrek labur dezake euskal industrian dagoen kezkaren neurria. Ez du adierazpen publikorik egin nahi izan, baina izua nabari zaio. Ukrainako gerrak globalizazioaren morrontzak agerian utzi ditu inoiz baino gehiago, eta jardueraren geldialdiak iristen hasi dira, enplegua erregulatzeko espedienteekin batera. Sestaoko (Bizkaia) Arcelor Mittal eta Olaztiko (Nafarroa) Cementos Porland dira neurri bereziak hartu dituztenetako batzuk. Joera baten hasiera izango delako susmoa hedatzen hasi da, ordea, eta kezka baino gehiago, izua dago euskal industrian, hain da neurrigabea energia kostuen garestitzea.

«Kostuen igoera horrek eragina izango du enpresen emaitza ekonomikoetan», esan dio BERRIAri Fagor Arrasateko komunikazio arduradun Edorta Mendietak. «Kostuen gorakada gure prezioetan jasotzea oso zaila da, eta, azkenean, askori gertatuko zaigu irabazi tartea gehiegi estutuko zaigula». Arrasateko makina-erremintako konpainia hori ez da argindar kontsumitzaile handia, altzairutegiak eta porlanaren sektorekoak bezala, baina gerraren lokatzak zikinduko du. «Burdin asko behar dugu gure makinak egiteko, eta lehengaiak izugarri igo dira; adibidez, kobrea. Itsasoko garraioa modu ikusgarrian garestitu da. Gure salmentak mundu zabalean mugitu behar ditugu, eta kontainerraren prezioa ez da sekula egon orain bezain garesti».

Zer egin mehatxu erraldoi horren aurrean?  Fagor Arrasate kooperatiba bat da, eta horrek krisiei erantzuteko abantailak dakartzala gogorarazi du Mendietak. «Baditugu babes mekanismo batzuk, eta aktibatu beharko ditugu, zalantzarik gabe». Langile gehienak bazkide dira Arrasateko enpresa horretan, eta horrek aldea egin dezake gerrikoa estutzeko erabakiak hartu behar badira: «Enpresaren jabeak gara, eta sakrifizio batzuk egitea egokituko zaigu. Soldatan nabaritu dezakegu, esaterako. Ez da erraza, baina okerragoa da enpresa arazo handietan sartzea». Mendietak erantsi du «denen artean» erantzun beharko diotela inor gutxik espero zuen egoera bortitzari. «Lehen ere egin ditugu ahalegin bereziak, eta orain ere egingo dugu behar den guztia».

Errubloetan ez

Mondragon taldeko enpresak, gainontzekoak bezala, adi-adi erreparatzen ari zaizkio lehertu den egoerari, lokatza noraino helduko den aurreikusi nahian, baina ez da erraza: «Ziurgabetasun handiko egoera da, eta, gainera, oso dinamikoa, egun batetik bestera aldatzen ari baitira gauzak», esan dio korporazioak BERRIAri. «Argi dago egoera honek eragin negatiboa edukiko duela gure ekonomian eta gure enpresetan, eta ez sektore jakin batean, baizik eta jarduera gehienetan». Salmentak handitzeko, globalizazioa abantaila handia izan da euskal industriarentzat, baina bumeran baten gisa gertatzen ari da orain. «Egungo mundua oso txikia da, eta oso lotua dago; ondorioz, gertatzen ari dena eragin globala edukitzen ari da», esplikatu du Arrasateko taldeak.

2020. urtean, pandemiaren gordineneko urtean, 10.865 milioi euroren salmentak egin zituzten taldeko enpresek, eta 80.000 enplegu inguru eman zituen. Bada, Mondragonek argi iragarri du neurri bereziak hartzeko prest dagoela, bazkide guztien artean eusteko enpresei. «Gure mekanismoak aktibatu beharko ditugu, berriro».

Errusian fabrikak dituztenek, berriz, arazo erraldoi bat dute. Zer egin enbargoaren aurrean? «Fagor Arrasatek ez du fabrikarik Errusian, baina ordezkaritza komertziala bai. Salmenten %3 baizik ez ditugu egiten han, eta horren kaltea ez da hain handia ere. Baina baditugu bezeroak han, eta, gure makinak dituztenez, zerbitzua eman behar diegu; orain ez dago argi, ordea, nola egin dezakegun hori». Ordainketak egiteko arazo handiak daude, izan ere, eta «momentuz» kontratu berririk ez egiteko erabakia hartu dute. «Errusiak baimendu egin du errublotan pagatzea dolarretan egindako kontratuak, eta bistan da: hori ezin dugu onartu».

Energia, lehengaiak eta garraioa, hirukote hori enpresa askoren amesgaizto bihurtu da, baina gehien sufritzen ari direnak energia kontsumitzaile handiak dira: adibidez, galdategiak. Ukrainako gerrak «ezin eutsizko» egoera batera eraman ditu, Marcial Alzaga AFM Euskadiko eta Nafarroako Galdatzaileen Elkarteko presidenteak dioenez. «Epe motzean denok gelditu beharko dugu. Hilabeteak daramatzagu eusten, baina honaino iritsi gara: egoera dramatikoa da», ohartarazi du. Laurogei enpresa ordezkatzen ditu, eta horietan 20.000 langilek egiten dute lan.

Argindarraren eta gasaren prezioak iazkoak halako zortzi dira orain, eta, energia konpainiekin epe luzerako kontratuak adosten saiatu diren arren, enpresei «ezinezkoa» izan zaie «kiebrara kondenatuko» ez dituzten prezioak lortzea, Alzagak dioenez. Izan ere, energien garestitzeari lehengaien prezioen igoera batu zaie; bereziki, burdin lingotearena, gehienbat Ukrainatik inportatzen dena. «Stocka duena horrekin ari da lanean; amaitzean, gelditu egin beharko dute».

Elikagaien sektorea

Elikagaien sektorea ere hasi da nabaritzen ondorioak. Ukraina da ekilore olioaren munduko produktore nagusia, eta gerrak eten egin ditu inportazioak. San Adriango (Nafarroa) General Mills multinazionaleko lantegiak, zeinak janari mexikar eta dietetikoak ekoizten baititu (Old El Paso eta Nature Valley), enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat aurkeztu du bere 800 beharginentzat. Enpresak azaldu du 80 tona ekilore olio erabiltzen dituela fabrikak astero, guztia ukrainar jatorrikoa; olio hori gabe ezin omen ditu bere produktuak egin.

Gozogintza industrialak ere piztu du alarma. Lazkaon (Gipuzkoa) egoitza duen Arruabarrenako lantegian «tonaka» ekilore olio kontsumitzen dute; zuzendaritzako kide batek azaldu dutenez, beste mota batzuetakoak erabiliko dituzte: palmondo olioa, bereziki. «Gozogintza industrialean asko erabiltzen da palmondoarena. Guk, erdia eta erdia, gutxi gorabehera». Beste aukera batzuk ere badaude: arbi olioa edo koltzakoa, eta koko olioa. Dena den, Arruabarrenak argi du palmondoarena nagusituko dela, eta gezurtatu egin du olio horren ospe txarra. «Hemendik aurrera produktu askotan ikusiko dugu, eta ez bakarrik gozogintza industrialean».

Arrain kontserbak

Arrain kontserbetan ere adi begiratzen diote Ukrainako gerrari. Haien produkzioaren %60 inguru ekilore olioarekin egiten dute, eta, besteak beste Moldavian, Frantzian eta Argentinan ere produzitzen den arren, %70 Ukrainatik ekartzen dute. Horiek hala, sektoreak ekoizpenen murrizketak jarraitzea espero dute —iaz%8koa izan zen—, eta enpresa batzuetan hasi dira kontingentzia planak prestatzen. Gobernuei, halaber, eskatu diete premiazko neurriak hartzeko, hala nola muga zergak eteteko.

«Guk %8 inguru igo ditugu gure produktuen prezioak, baina %40ko igoera izan da produkzio kostuetan», azaldu du Bermeoko (Bizkaia) Serrats kontserbetako arduradun Esperanza Serratsek. Haiei ekilore olioaren prezioaren igoerak ez die zuzenean horrenbeste eragiten, erabiltzen duten olioaren %80 oliba olioa delako. Dena den, beste lehengai eta material batzuetan ari dira igartzen gerraren ondorioak: aluminiozko laten prezioan, garraioan... Eta nola ez, arrainarenean. «Kostera honetan asko igoko dira prezioak, erregaien garestitzegatik».

Sektore horiei ez ezik, ekilore olio faltak beste enpresa askori ere eragiten die: janari izoztua egiten dutenei, esaterako. Zestoako (Gipuzkoa) Ameztoiko arduradun Alberto Angurelek adierazi duenez, hornitzaileek aurreko astean jakinarazi zieten martxoaren amaieran ezin izango zietela ekilore olio gehiago saldu, eta ez zuela merezi beste hornitzaile batzuk bilatzea, ez delako egongo. Hilero 3.000 litro inguru erabiltzen dituzte. Ekilore olioa oliba olioarekin ordezkatzea aurreikusi dute, baina horrek produkzio kostuetan eragin handia izango luke, olibarenak bikoitza balio duelako. Angurelek azaldu duenez, ekilore olioa produktu «gutxi» batzuetan erabiltzen dute, baina gehien saltzen direnetako batzuetan; kroketetan, esaterako. Ekilore olioaz gain, Angurelek ez du uste beste osagairik faltako zaienik. «Dena den, egoera dagoen moduan, nork daki. Prezioen igoera lehengai guztietan nabarituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.