Medef patronalak bilkura egin du Angelun (Lapurdi) dagoen L'Hermione fragatan, eta han izan da Patrick Martin Frantziako patronaleko burua ere. Frantziako enpresen egitura nagusiko buruak enpresaburuen ahotsa entzuteko eskatu du. «Ukaziotik eta inkontzientziatik» atera, eta «erabaki ausartak» hartzeko eskatu die Frantziako politikariei, zor publiko «kolosala» ikusirik gastu soziala apaldu behar dela aldarrikatuta. «Ez dago gehiago dirurik». Kazetari bat baino gehiagoren galderei erantzunez eman du elkarrizketa.
Zer egin beharko litzateke AEBei erantzuteko?
AEBetako herritarrak kontzientzia hartzera sustatu behar ditugu, ohar daitezen Donald Trumpek aurreikusten duena kaltegarria izango dela haientzat. Dagoeneko ikusten da: inflazioa gora doa AEBetan, lan merkatua moteltzen ari da, burtsak asko jaitsi dira, finantza merkatu globalak asko jaitsi dira. Beraz, neurri horien lehen biktimak estabatuarrak eurak dira, eta hori nahiko lasaigarria da nolabait. Aurre egin behar zaio, baina AEBetako presidenteak nahi duen ukabil borrokara iritsi gabe. Eta gogorarazi behar zaio Europa 450 milioi kontsumitzaile direla, AEBetako enpresen kanpo merkaturik handiena dela. Beraz, AEBetako Gobernuari esan behar zaio bere agresibitate komertzialaren politikan urrunegi joanez gero Europak erantzun egingo duela; proportzioan, baina erantzun egingo duela.
Enpresentzat ziurgabetasun garaia dela erran duzu.
Frantziako Asanblearen desegitearekin hasi zen, laster beteko da urtebete, eta ordutik hona beste gertaera larri batzuk izan dira, bereziki AEBetako iragarpenak, baina baita txinatarren jarrera ere. Enpresak beren oskoletan sartu dira, gutxiago inbertitzen dute, gutxiago kontratatzen dute, gutxiago berritzen dute, eta hori da egin behar den azkena; oso azkar mugitzen den mundu bat dugulako, oso azkar mugitzen diren teknologiak. Alderantziz, gure enpresek etorkizunera proiektatu beharko lukete, eta, bereziki, askoz gehiago inbertitu beharko lukete. Erabakirik gabeko glaziazio aldi hau kaltegarria da. Medef lanean ari da irtenbideak bilatzeko, merkatu berriak irekitzeko: Latinoamerika, Asia, India, Indonesia, Filipinak... Kezkatuta gaude, baina ez gaude geldiarazita.
«Etxe batean edo negozio batean diru gehiago ez dagoenean, aurreztu egiten da. Estatua, erregimen sozialak, gure ondasun kolektiboa dira, ondasun baliotsua, eta, beraz, gorde nahi badira, berriz mailakatu behar dira»
Beraz, Frantzia indartu eta Frantziaren aldeko kontsumoa bultzatu ordez, munduari irekitzearen aldekoak zarete?
Politikariak horretaz jabetu baino askoz lehenago ere, Europa eta Frantzia berrindustrializatzearen oso aldekoak izan gara, munduko beste eremu batzuekiko menpekotasunak daudelako, subiranotasun eta etekin ekonomiko aldetik kaltegarriak direnak. Orain ez diogu elkarri istoriorik kontatu behar. Europa eta Frantzia ezin dira erabat beren baitara bildu, ezen Europako lurretan existitzen ez diren materialak daude, eta, beraz, nazioarteko interdependentziak daude. Oreka egokia aurkitu behar da. Munduko merkataritza hausteak atzeraldi izugarria eta biztanleriaren pobretzea eragingo luke Frantzian ere.

Gastu soziala apaldu behar dela erran duzu.
Egoera larria da. Oroitarazi behar da gure babes sozialeko sistema batez ere enpresek eta langileek finantzatzen dutela beren kotizazioen bidez. Beraz, oso adi egon behar dugu jarduera ekonomikoak eta enpleguak bere horretan jarrai dezaten. Erregimen sozial gehienek kasik porrot egin duten egoera batera iritsi gara, eragile sozialek kudeatzen dituztenek izan ezik —pentsio osagarrietan pentsatzen dut—; horrek ezin du iraun. Medefen jarrera zera da: osasun asegurua babesteko, langabezia asegurua babesteko, erretiroak babesteko, halako batean beharrezkoa da egiaren ariketa hori eta eginahalak egitea, bestela erregimen horiek lehertu egingo baitira.
Konkretuki zer erran nahi du? Lan geldialdietan kalte ordain gutxiago, medikamentuentzat ordainketa gutxiago, erretiro adina atzeratzea? Beldurra ematen du horrek guziak.
Ez, konponbideak badaude; gainera, gure inguruan herrialde asko daude egoera berari aurre egin diotenak; beraz, ez gaude teoria hutsetan. Baina ia paradoxikoa da esango dizudana: hain zuzen ere pentsio plan, langabezia, osasun eta familia aseguru horiek zaintzeko, zenbait gehiegikeria zuzendu behar ditugu. Iruzurrak gogor zigortu behar dira, eta baliabiderik gabe geratzen ari gara; beraz, seguru asko, tratamendu batzuk gutxiago itzuli beharko dira, eta bakoitzak bere gain hartu beharko du erantzukizuna. Etxe batean edo negozio batean diru gehiago ez dagoenean, aurreztu egiten da. Estatua, erregimen sozialak, gure ondasun kolektiboa dira, ondasun baliotsua, eta, beraz, gorde nahi badira, berriz mailakatu behar dira.
«Gehiago zergapetu nahi baditugu, hau da emaitza: inbertsio gutxiago, hazkunde gutxiago, kontratazio gutxiago, postuen ezabatzeak, eta soldatak igotzeko gaitasun gutxiago»
Enpresek ere ez ote dute indarrik egin behar? Enpresa handietan sekulako dibidenduak banatzen dituzte.
Dibidendu banaketa handiak izan dira, baina ohartarazten dut enpresa handi horiek, Frantziakoak izan arren, gehienak atzerriko akziodunen esku daudela; zorigaiztokoa da. Enpresa horiek banatzen dutenak ez du batere islatzen enpresek oro har dibidenduetan banatzen dutena. Sindikatuekin akordio bat sinatu zen duela bi urte pasatxo, eta horrek argi eta garbi dio Frantzian soldaten eta dibidenduen arteko banaketa munduko bidezkoenetakoa dela. Azkenik, zenbakiak aldez eta moldez azter ditzakezu, baina Frantziako enpresak dira munduan zerga gehien ordaintzen dutenak. Beraz, gehiago zergapetu nahi baditugu, hau da emaitza: inbertsio gutxiago, hazkunde gutxiago, kontratazio gutxiago, postuen ezabatzeak eta soldatak igotzeko gaitasun gutxiago. Guk ideiak argi ditugu. Enpresak gehiago zergapetzea hutzegite sozial, politiko eta ekonomikoa litzateke.
Gastu soziala apaltzeak langileen bizi baldintzak apalduko ditu.
Ez, esaten dizudana ez baita karikaturizatu behar. Badaude pertsonak lau mediku ikustera doazenak komeni zaien ordenantza eskuratu arte; badira bat, bi, hiru, lau erresonantzia magnetiko edo eskaner egiten dituztenak. Hori guzia biziki garestia da, eta kolektibitateak ordaintzen du. Halako batean, zentzuduna izan behar da. Baliabiderik ez dagoenez, gehiegikeriazko jokabide horiek zuzentzen hasi behar da. Azkenik, gogorarazi nahi dut enpresek babes sozialaren kostuaren %60 ordaintzen dutela. Minaren eta tolerantziaren mugan gaude.