ITP Aeroren salmentaren harira, Espainiako Gobernua harremanetarako iragarkiei ukitu propioa ematen ari da azken asteotan: gobernu bat enpresa serio baten bila dabil, harreman luze baterako. Enpresa horrek ezaugarri batzuk behar ditu, hala nola industria alorrekoa izatea, sendoa eta «espainiarra». Hautagaien artean hasieratik agertu izan dira Aernnova eta Sener; lehenengoa, aeronautikan aritzen delako, eta bigarrena, ITPren sortzaile izan zelako. Orain, beste bi euskal enpresa batu zaizkie hautagaien kinielari, aeronautikarekin zerikusirik ez dutenak, gainera: CAF eta Gestamp.
Cinco Dias-ek atzo argitaratu zuen Beasaingo trengilea «aztertzen» ari dela ITP erosteko eskaintza egitea. «Beste industria espresa espainiar baten bila» legoke, eskaintza bat aurkeztu aurretik. Are gehiago, Madrilgo egunkari ekonomikoak dio CAF «faboritoa» dela.
BERRIA-k CAFeko iturri ofizialekin hitz egin du, baina ez diote informazioa baieztatu ezta gezurtatu ere, albistearen jatorria haiek ez direla argudiatuta. Eusko Jaurlaritzako iturriek ere ez dute beren iritzia azaldu nahi izan, hitza enpresarena delakoan. Edonola ere, baliteke Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak balorazioren bat egin behar izatea gaur, agerraldia baitu gobernu kontseiluaren amaieran.
Eusko Jaurlaritzak badu zeresana operazioan. Batetik, CAFen akzioduna da, 2018ko urtarrilean akzioen %1,24 erosi zizkionetik Kutxabanki. Bestetik, Tapiak eta Pedro Azpiazuk argi esan dute gobernua prest legokeela ITP Aero erosi nahiko lukeen euskal enpresa bati laguntza emateko, Finkatuz funtsaren bitartez, partaidetza txiki baten bidez.
ITP Aero erosteko operazioan sartzea urrats handia izango litzateke CAFentzat. Lehenik, orain arte ez delako aeronautikan sartu eta ez direlako erraz ikusten sor dakizkiokeen sinergiak. Bigarrenik, koska egiteko arrain handia da ITP Aero: Rolls Roycek gutxienez 1.500 milioi euro nahi ditu Zamudioko enpresaren truke, eta hori CAFek gaur egun burtsan balio duena baino gehiago da—1.360 milioi euro—. Diru asko mugitzen duen enpresa bat da—2.762 milioi euroren salmentak egin zituen iaz—, baina nahiko irabazi apalak ditu —10 milioi, iaz—.
Egia da, ordea, azken urteetan CAF negozioa dibertsifikatzen aritu dela, errentagarritasuna handitzeko. Lehenik, Vectia enpresa sortu zuen autobus elektrikoak egiteko, eta 2018an arlo horren aldeko apustua biderkatu zuen, Europako liderra erosita, Poloniako Solaris. Apustua ongi atera zaiola dirudi, Solarisek egin baitzituen iaz taldearen kontratazio berrien heren bat: 713 milioi autobusetan, eta 1.410 milioi trenetan. Tren sektorearen barruan ere esparru gehiago betetzeko asmoarekin, 2019an Suediako Euromaint enpresa erosi zuen, Eskandinaviako liderra mantentze lanetan.
Rolls Royce 2016an egin zen ITP osoaren jabe, Sener Bizkaiko ingeniaritza enpresari bere zatia erosita. Iaz, ordea, Zamudioko enpresa salgai jarri zuen, diru freskoaren beharra baitu beste negozio batzuetan izaten ari den galerak estaltzeko. Iaz, esaterako, 4.660 milioi euro galdu zituen.
Prezioa ez da, ordea, operazioa zailtzen duen elementu bakarra. Kontua da Espainiako Gobernuak beto eskubidea duela, ITP «sektore estrategiko bateko enpresa» delako, hegazkin militarrentzat ere egiten dituelako motorrak. Hain zuzen ere, joan den astean zabaldu zen ITPk parte hartu egingo duela Europako hurrengo belaunaldiko ehiza hegazkina izan behar duenaren motorraren garapenean.
Hegazkingintza, larri
Madrilek ez du nahi ITP Espainiatik kanpoko inbertsio funts baten esku geratzea, funts horien helburua izan ohi baita enpresa kosta ahala kosta errentagarri egitea eta urte gutxiren buruan saltzea, prezio handiago baten truke. Horregatik, luzera begirako inbertsio bat egingo luketen industriak sondeatzen ari da, eta eskaintzak aurkeztera animatzen.
Arazoa da, turismoaren amiltzearen ondorioz, oso une zailean dagoela hegazkingintza, eta sektoreko enpresa guztiak beren lan taldeak txikitzen ari direla, galerak txikitzeko. Gainera, suspertze handirik ez dute espero, gutxienez, 2024 arte. Hau da, ez daude operazio handiak egiten saiatzeko unerik onenean.
Horren ondorioz, orain arte eskaintza egin duten bakarrak kanpoko inbertsio funtsak dira. Cinco Dias-ek zehaztu duenez, bost eskaintza daude orain: Bain, KKR,Cinven, Platinum, eta Towerbrook. Azken funts horrek faktore bat bere alde: Aernnova hegazkinentzako osagaien Arabako enpresaren akziodun nagusia da. Gainera, sektorean inbertsioak dituen beste funts batekin batu da eskaintza egiteko, Onex izenekoarekin.
Enpresa serio baten bila
CAF azaldu da ITP Aero erosteko hautagaien artean, baina enpresak ez du baieztatu interesa duenik. Bost funtsen eskaintzak badaude, baina Espainiako Gobernuak industria bazkide bat nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu