ELAko metalgintzaren arduraduna da Tolosaldean (Gipuzkoa) Mikel Zabaleta, baina azken hilabeteetan Zizurkilgo Huyck Wangnerreko langileen bozeramaile bihurtu da; langile batzordeko kide guztiak (bost) sindikatu horretakoak dira, eta erregulazio dosierra ELAren aholkularitzaz kudeatzen dute. Atzo ez zen beste egun bat izan, hilabeteetan luzatu den Perot ohiko auzian: 74 kaleratzeen jakinarazpena iritsi zen. «Baina hemen ez da ezer bukatu», ohartarazi du Zabaletak, «langileen batasunak eta borrokak» aurrera jarraitzen duela garbi utzita.
Joan den ostiralean bukatu zen legeak finkatzen duen epea dosierra negoziatzeko. Iritsi al dira kaleratzeak?
Ez dut ordenagailua piztu, oraindik, baina hor izango da mezu elektronikoa, seguru [Elkarrizketa amaitu aurretik berretsi du: mezu elektroniko hori iritsi da].
Eta orain, zer?
Orain, borroka berriro. Bagenekien hau iritsiko zela, eta zaila izango zela, baina hemen ez da ezer bukatu, hedabideren batean azaldu duten bezala.
Zergatik ez da bukatu?
Ditugun tresna guztiekin aurrera egingo dugulako. Auzitara joko dugu, batetik; eta administrazioarekin harremanetan jarraituko dugu, bestetik. Langileek auzia gizarteratzen jarraituko dute, enpresak bere plana kendu arte.
Ez zarete lehenak izango langileak kaleratzeko dosier bat auzitara eramaten. Zer espero duzue bide horretatik?
Salaketa jarriko dugu aurki EAEko Auzitegi Justizia Nagusia. Horrek bere bidea egin beharko du, eta bitartean guk lanean segitu, adibidez administrazioari laguntza eskatzen.
Zer nahi duzue administraziotik eta zein administraziotik?
Benetako laguntza nahi dugu, neurri zehatzak. Huyck Wangnerren kasua oso berezia da: ez da kiebra egin duen enpresa bat, ez da zulora joan; oso emaitza ekonomiko onak ditu, eta multinazionala lan erreformaz baliatu da kaleratzeak kalte-ordain txikiekin egiteko, Zizurkil hondoa jota balego bezala. Aurrekari oso arriskutsua jar dezake gure kasuak, eta, horregatik, administrazioak horren jabe izan behar du.
Nori eskatzen diozue neurri jakinak?
Jaurlaritza da ahalmen gehien dituena. Orain arte ez dugu laguntza jakinik izan, eta egia da esan digutena: zaila dela ezer lortzea aldeetako batek borondaterik ez badu. Aldundiarekin ere ari gara. Bitartekaritza lana nahi genuke salmenta bihur dadin itxiera; beste inbertitzaile bati saltzeko Huyck Wangnerren baimena bai baitugu. Erosleak ez luke inolako zulorik estali beharko; ez dago zorrik. Bestalde, administrazioek itxierari ahalik eta oztopo gehien jar diezaioten nahi dugu.
Orain, ordea, beharginak langabezian geratu dira. Epaileek aldatu ote dezakete hori?
Baliogabetzea iritsiko balitz, bai. Langileek lanera itzuli beharko lukete, eta ordu arteko soldata guztiak jasota.
Enpresak 45 eguneko kalte-ordaina eskaini zuen, 18 hilabeteko mugarekin. Orain, 20 egunekoarekin joan dira kalera langileak. Haien borrokarako erabakiak ez du zalantzarik.
Epaiketa hasten den artean harremanak gerta daitezke, eta gauzak aldatu, baina bai, ez dago zalantzarik borrokaren hautua egin dutela; azken eskaintza hori ez zuten bozkatu ere egin nahi izan. Enpresak dirua badauka eskaini zuena ordaintzeko eta gehiago ordaintzeko ere bai. Dirua ez da arazoa. Kalte-ordainekin jokatu dute langileen animoa apaltzeko, baina kontrakoa gertatu da, taldea inoiz baino sendoago dagoela. Gainera, dosierra baliogabetu dezakete auzitegian, edota kaleratzeak legearen aurkakoak direla ebatzi. Bigarren aukera aterako balitz, eskainitako kalte-ordainak baino askoz ere handiagoak eman beharko lituzke enpresak.
Azpeitiko Corrugados eta Laminaciones Arreguiren kasuen berri jakingo zenuten. Zer-nolako itxaropena duzue, salaketa juridikoa dela eta?
Haietan gertatu bezala, gurean ere enpresak ez du negoziatzeko borondaterik azaldu. Enpresak hasieratik hartu zuen enpresa ixteko erabakia, eta bilerak horren berri emateko izan dira, ez negoziatzeko. Xeriumen web orrian ere [plantaren jabea], dosierra aurkeztu baino lehen jarri zuten Zizurkilgo planta itxita zegoela.
Lan ikuskatzaileak ere, negoziatzeko borondate eza nabarmendu du.
Bai, hala da. Dosierra da arazo bati aurre egiteko tresna, berez. Irtenbideez ez dute hitz egin nahi izan, ordea. Dosierra erabaki estrategikoa izan da Xeriumentzat, oinarri subjektiboarekin, ez arrazoi objektiboekin.
Espainiaren merkatua aipatzen du dosierrak.
Norbaitek AEBetan baliatu du hemengo legeak baimentzen duela kaleratzeak merke egitea. Espainiaren krisiaz hitz egiten du dosierrak bai, aurreikuspen batzuk eginez. Horretan oinarritu dute erregulazioa, nahiz eta enpresak beti eman dituen irabaziak; 2011n 107.000 euro, eta iaz 96.000 euro, adibidez. Larriena hala ere, Zizurkildik multinazionalera bideratutako maileguak izan dira: 5,7 milioi euro, azken lau urteetan. Ez dute hemen inbertitu, eta desjabetze bat egin digute, gainera. Zukua atera diote Peroti, eta gero milioi bat euroren baino gutxiagoren truke langile guztiak etxera bidali dituzte.
Mikel Zabaleta. Huyck Wangnerreko langileen bozeramailea
«Enpresa hau ez dago kiebran; honek aurrekari arriskutsua jar dezake»
Zizurkilgo Huyck Wangerreko 74 langileak kaleratu ditu jadanik zuzendaritzak, erregulazio dosierra negoziatzeko epea amaitu ondoren. Auzitegietara joko dute aurki Perot ohiko beharginek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu