Enpresa handiei gutxieneko %15eko zerga ezarriko diete 136 estatuk

Multinazionalik handienek salmentak egiten dituzten lekuetan ere ordaindu beharko dute zerga

Iker Aranburu.
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
OCDEk beste urrats bat egin dunazioartean gutxieneko sozietate zerga bat ezartzeko saioan. Mundu osoko 136 estatuk oniritzia eman diote enpresa handiek gutxienez beren irabazien %15eko zerga ordaintzeko akordioari. Uztailean lehen adostasun bat lortu zuten 130 estatuei beste sei gehitu zaizkie orain —haien artean EBko hiru kide: Irlanda, Hungaria eta Estonia—, eta Pakistanek atzera egin du. Sinatzaileek munduko BPGaren %90 ordezkatzen dute, eta haien artean daude G20ko eta OCDEko kide guztiak. Espero dute horren bitartez enpresa erraldoiek urtean 125.000 milioi euro gehiago ordainduko dizkietela kutxa publikoei.

Uztaileko oinarrizko itunaren xehetasun teknikoak negoziatzen aritu dira azken hilabeteetan, eta atzo OCDEren bitartekaritzarekin egindako bilera telematikoan lortu zuten adostasuna.

Bi zutabe ditu itunak. Lehenengoaren arabera, 20.000 milioi eurotik gorako salmentak eta %10etik gorako errentagarritasuna duten multinazionalek%10 horretatik gora irabazten duten diruaren %25 banatu beharko dute lan egiten duten beste lurraldeetan. OCDEk kalkulatu duenez, horren bitartez 130.000 milioi euroren mozkinak modu bidezkoago batean banatuko dira. Itunak ez die eragingo bankuei eta araututako beste finantza erakundeei, ezta hidrokarburo eta meatzaritza enpresei ere.

Lehen zutabe horretatik etekin gutxi aterako dutela salatu dute garabidean dauden herrialde askok, eta horregatik ez dute bat egin Nigeriak, Kenyak eta Sri Lankak.

Bigarren zutabea

Bigarren zutabea deitutakoak, berriz, finkatzen du 750 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresen sozietate zergaren gutxieneko tasa %15ekoa izango dela akordioarekin bat egin duten eremuetan. Aurreko testuak «gutxienez %15eko tasa» aipatzen zuen, baina erreferentzia hori kendu diote, besteak beste, Irlandaren presioaren ondorioz.

Hilaren 30ean eta 31ean G20ko buruzagiek emango diote azken oniritzia, Erromako goi bileran. Hor erabaki behar dute nola egingo duten akordioa 2023tik aurrera ezar dadin.

Hainbat urte daramatza OCDEk sozietate zergaren gutxieneko kopuru baten atzetik, ohartutaenpresa handienek gero eta zerga gutxiago ordaintzen zutela, dela inbertsioak erakartzeko tasak jaisteko lasterketa zegoelako munduan, dela enpresa horiek erraztasun handiak dituztelako dirua paradisu fiskaletara desbideratzeko, baita irabaziak gutxitzeko legezko trikimailuak egiteko. Inbertsio gisa saldutakoaren %40, funtsean, zergak txikitzeko egindako diru mugimenduak bide dira.

Helburua lortzeko oztopo ziren AEBak, haren multinazional boteretsuak —batez ere teknologikoak— iaioak baitira zerga ihesean. Baina Joe Bidenek jokoa aldatu du, bere inbertsio planak finantzatzeko dirua behar duelako.Trukean, exijitu du Frantziak, Espainiak eta beste batzuek enpresa teknologikoei jarritako Google tasak kentzeko. Edonola ere, Bidenek lanak izango ditu ituna Kongresutik pasarazteko, eta bi urteko luzapen bat lortu du bere enpresa teknologikoentzat.

Irlandaren baietza

Uztaileko itunaren kontrako botoa eman zutenen artean zeuden Irlanda, Hungaria, Estonia. Ospe txarra ez hartzeko beldurrak eta korrontearekin bat egin beharrak aldarazi zuten Dublingo gobernu kontserbadorearen jarrera, ostegun arratsean. 2003az geroztik %12,5eko sozietate zerga izan du Irlandak, eta kopuru hori totem bat bihurtu da, faktore garrantzitsua izan baita AEBetako multinazional gehienen EBrako sarbidea bilakatzeko eta herrialde aberatsa bilakatzeko.

Irlandak amore eman ondoren, gauza bera egin zuten Estoniak eta Hungariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.