Enpresa handiei «alfonbra gorria» kentzeko eskatu diote Sabin Etxeari

Euskal Herriak Kapitalari Planto plataforma berriarekin bat egin dute EH Bilduk, EAEko Ahal Dugu-k, ELAk eta LABek, beste hainbaten artean. EAJ, PSE eta PP «kapitalaren alde» ari direla salatu dute

Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformaren aurkezpena, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina betean eta kartelak pegatuz gizarteratu zuten atzo, Bilbon, alderdiak, sindikatuak eta eragile sozialak uztartu dituen ezkerreko plataforma berri bat. Euskal Herriak Kapitalari Planto taldeak salatu zuen alderdi batzuk «elkarlanean» ari direla «kapitalaren alde» Euskal Herrian, eta politika horiek egiteari uzteko eskatu zieten. EH Bilduk, EAEko Ahal Dugu-k, ELAk eta LABek bat egin dute plataforma berriarekin. Haiekin batera, Steilas, CGT, Hiru, Ekologistak Martxan eta beste hainbat eragile sozial eta sindikal daude. EAJk «Euskal Herrira datozen enpresa handien aldeko politika» egiten duela esan zuten plataformako bozeramaileek, Sabin Etxearen aurrean egindako agerraldi batean.

«Sarritan alfonbra gorria jartzen diete erakundeek, interes orokorren aurka». Hizlariak nori buruz ari ziren garbi zegoen, are gehiago haien atzean EAJren hainbat hautagairen argazki handi bat zegoela kontuan hartuta. Juan Mari Aburto Bilboko alkategaia, Unai Rementeria ahaldungai nagusia eta Izaskun Bilbao Europako parlamentarigaia azaltzen dira EAJk bere egoitzan jarritako hauteskunde kartel handi horretan.

«Botere korporatiboen ezarpenaren aurka gaude, edozein dela haren forma: nazioarteko itunen bidez, multinazionalen gehiegikerien bidez edota finantza ekonomiaren erasoen bidez». Plataformaren manifestua irakurri zuten bozeramaileek, tximino maskarak jarritako hiru pertsona Txinako hiru tximinoen mitoa keinuez gogoratzen zuten bitartean: ez ikusi, ez aditu, ez esan. Tximino horietako bakoitzak alderdi politiko bat ordezkatzen zuen gibelean zituzten kartelen arabera: EAJ, PSE eta PP.

«Kapitalismoaren oldarraldiari erantzun soziala emateko» jaio da Kapitalari Planto plataforma. Taldeak erantzun hori koordinatu, egituratu eta areagotu nahi du, «aniztasun politiko eta sozialetik abiatuta». «Kapitalismoak gizateria eraman du aurrekaririk gabeko egoera batera, desberdintasunari, agintekeriari eta jasangarritasunik ezari dagokienez», dio plataformak bere manifestuan. Eta azaldu du multinazionalek, «tokian tokiko oligarkiaren laguntzaz», oztopo geografiko eta politiko guztiak «aurrean eraman» nahi dituztela, merkatu globalaren mesedetan; «gure bizitzak mehatxatzen ditu larriki».

Plataformak dio gaur egun «dena» bihurtu dutela negoziorako gaia: «hezkuntza, osasuna, ura, energia, lurra, zaintza, inbertsioa...». Enpresa handien aldeko «teknokrazia» aipatu dute idatzian, Europako Batasunari eta merkataritza itunei erreparatuta. «Sasidemokrazia prekarizatu bat daukagu, herri subiranotasunak izan behar duenaren aurkakoa, hain zuzen». Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua moduko nazioarteko erakundeak gogor kritikatzen ditu taldearen manifestuak; «haiek desegiten lagunduko dugu Euskal Herritik, eta are gehiago beren ekitaldiak hemen egiten dituztenean».

Ongizatea, «arriskuan»

Etxera etorrita, EAJ alderdian jarri zuen mira berriro plataformak, «pribatizatzeko politikak egin dituelako». «Gehiengo sozialen ongizatea» arriskuan jartzen dituzte politika horiek, Kapitalari Planto taldearen arabera.Sinatzaileek esplikatu zuten «euskal korporazioen eragina» aztertzeko asmoa dutela, baita Euskal Herrian kokatzen diren nazioarteko konpainiena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.