Aldaketak gertatu dira berrikuntzaren esparruan. «I+G arloko inbertsio mailak berreskuratzen ari diren garaiotan, aldatu egin da testuingurua krisi aurreko egoerarekin alderatuta». Innobasqueko buruek errealitate berri bat irudikatu zuten atzo Donostiako Kursaalean egindako Berrikuntza Egunean. 2018ko berrikuntzaren txostena aurkeztu zuten, eta errealitate berriaren sei alderdi jaso zituzten bertan. Bestek beste, joera berri bat dago: lehenengo aldiz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek (ETE) enpresa handiek baino pisu handiagoa izan dute berrikuntzan egindako inbertsioetan; zehazki, enpresa ertainek I+G arloko inbertsioen %35 pilatu zituzten 2016an —ordukoak dira Innobasqueren azken datuak—, eta enpresa handiek, %34.
Manu Salaberria Innobasqueko presidenteak eta Leire Bilbao idazkari nagusiak esplikatu zuten aldaketa horren zergatia. «I+G arloan inbertitzen duten enpresa handien kopurua esanguratsua zen, baina krisiak murriztu egin du enpresa handien kopurua». Hau da, enpresa handi gutxiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, horregatik, enpresa ertainak berritzaileagoak dira proportzioan. 50 eta 250 langile bitarteko enpresak dira ETEak, eta 250 langiletik gorakoak enpresa handiak.
Dena dela, Salaberriak azpimarratu zuen ETEek «ahuleziak» dauzkatela oraindik ere berrikuntzari dagokionean, EB Europako Batasuneko beste eskualde batzuekin alderatuta. Nagusiki, bi arlotan dira ahulak: batetik, berrikuntza gutxi egin dituzte enpresaren antolaketan eta merkaturatzean edo marketinean. «Zehatz-mehatz esanda, Europako enpresen %35,9k egin zuten era horretako berrikuntzaren bat 2012 eta 2014 bitartean; aldiz, Euskadiko enpresen %21,5ek baino ez zuten egin».
Edonola ere, Innobasqueko buruek azaldu dute txikitzen ari dela bertoko eta EBko berrikuntza mailaren arteko tartea. Horren adibide, Bilbaok azaldu du 2016an inbertsioak handitu egin zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2012tik lehen aldiz. Bilbaok nabarmendu zuen EAE dela «berrikuntza handiko eskualde gisa kalifikatutako [Espainiako] estatuko eta ia Europa hegoaldeko eskualde bakarra».
Inbertsio eraginkorragoak
I+Gren inbertsio publiko eta pribatuen baturak 2012an jo zuen goia Euskal Herrian, eta EBko batez bestekoa ere gainditu zuen: BPGaren %2,09 (EBn, %2,01), Gaindegiaren arabera. Harrezkero, baina, ehunekoa apalduz joan da. Azken datu osatua 2015ekoa da: urte hartan, Euskal Herriko barne produktu gordinaren %1,81 hartu zuen I+Gan egindako inbertsioak (%2,04 zen EBn).
Innobasqueren txostenak beste lau puntu ere nabarmendu ditu. Lehenik, susperraldi ekonomikoan egon arren, berrikuntzako inbertsioa EBkoa baino txikiagoa dela BPGari dagokionez: 2016an, enpresen I+G gastua %1,03koa izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, EBn, aldiz, %1,32koa. Bigarrenik, ohartarazi zuen goia jo dutela nazioarteko berrikuntzako inbertsio publikoek: 2015ean, nazioarteko I+G inbertsioa 85 milioi eurora iritsi zen, eta 2016an behera egin zuen, 82 milioira. Hala ere, eta hirugarrenik, Innobasquek uste du handitu egin dela EAEko inbertsio sistemaren eraginkortasuna, nahiz eta krisia hasi zenetik berrikuntzako inbertsioak gutxitu. Azkenik, gaineratu du hobea delaberrikuntza arloko langileen prestakuntza, eta emakumeen presentzia, handiagoa: I+G arloko langileen %22 doktoreak dira, eta %36, emakumeak.
Berrikuntzaren Eguneko topaketan, seiehundik gora enpresak parte hartu zuten atzo, Kursaalean, eta urteko batzar nagusia ere egin zuten, 2020rako plan estrategikoa aurkeztuta.
Enpresa ertainek handiek baino pisu handiagoa daukate I+Gn, lehen aldiz
Innobasquek Berrikuntzaren Eguna egin du Donostian, eta 600 enpresak parte hartu dute. EAEko enpresek Europako Batasuneko batez bestekoa baino gutxiago inbertitzen dute I+Gn oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu