Energia enpresek sortzen duten «ongizatea» nabarmendu du EAJk haien gaineko zergaren aurka egiteko

Iñigo Ansola BBBko presidentearen ustez, salbuespen egoera batean sorturiko zergapetze bat izan zen, eta egoera hori igarota ez dago hari eusteko arrazoirik. Hilaren 22an bozkatuko dute berriz Espainiako Kongresuan.

Iñigo Ansola BBBren presidentea, elkarrizketa batean. GORKA RUBIO (FOKU)
Iñigo Ansola BBBren presidentea, elkarrizketa batean. GORKA RUBIO (FOKU)
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urtarrilaren 9a
13:15
Entzun

Energia enpresen irabazien gaineko zerga bereziak soka luzea ekarriko du oraindik, eta EAJk orain arteko jarrera berretsi du. Iñigo Ansola BBB Bizkai Buru Batzarreko presidente hautatu berriak zerga hori indargabetzea defendatu du, energia enpresek sortzen duten «ongizatearen» izenean. Haren arabera, ongizate horren oinarrian foru ogasunei ordaintzen dizkieten zergak daude. 

Ansolak oso ondo ezagutzen du energia enpresen jokalekua, irailera arte Energiaren Euskal Erakundeko presidentea izan baitzen. BBBko presidenteak Radio Euskadin emaniko elkarrizketa batean eman ditu orain bere argudioak. Batetik, azaldu du enpresa horien irabazien gaineko zerga «salbuespen egoera batean» sortu zela, Ukrainako gerraren ondorioz gasa oso garesti zegoenean, eta, haren ustez, egoera hori amaitu egin da. 

«Zerga berezirik gabe ere, gure ogasunei gehien ordaintzen dieten enpresak dira energia enpresak»

IÑIGO ANSOLAEAJko BBBko presidentea

Bestetik, gehitu du Iberdrola eta Petronor energia enpresa handiak badirela bestela ere «foru ogasunei diru gehien ordaintzen dieten enpresak» eta «ahalegin handia» egiten ari direla deskarbonizazio prozesuetan. Beste alderdiei eskatu die «demagogiarik ez egiteko gaiarekin», enpresa horien ingurumariak 20.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituelako; «janariarekin ez da jolastu behar».

Ezkerra alde, eskuina aurka

Iazko abenduan, EAJk —PP, VOX eta Juntsekin batera— zerga bereziaren aurka bozkatu zuen Espainiako Kongresuan, baina, ondoren, Espainiako Gobernuak EH Bildurekin eta beste batzuekin adostu zuen urtebetez luzatuko zuela dekretu bidez. Dekretu horrek Kongresuaren berrespena beharko du, eta, ezustekorik ezean, hilaren 22rako deituko duten ezohiko osoko bilkura batean eztabaidatuko dute berriz gaia. 

Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidenteak data hori jakinarazi die alderdietako bozeramaileei iazko abenduan azken ministro kontseiluan adosturiko erabakiak berresteko. Gaur-gaurkoz, dekretuak ez du nahikoa babesik, eta Espainiako Gobernua haren aplikazioa leuntzen saiatu zen deskarbonizazioaren bidean eginiko inbertsioei kenkari batzuk erantsiz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek kenkari horiek handitu egin dituzte azken zerga berrikuspenean.  

EAJ, bere garaian, zerga mantentzearen alde agertu zen baldin eta Hego Euskal Herrian itundutako zerga baten moduan kudeatzen bazen, hau da, foru ogasunek nahieran moldatzeko ahalmena bazuten. Jaurlaritzaren diru-sarrera aurreproiektuaren arabera, zerga horrekin 67 milioi euro gehiago bilduko lituzkete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Iaz 19.100 milioi euro bildu zituzten guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.