Innkiako zuzendari nagusia

Gorka Artola Beobide: «Enpresa batek ez badu adimen artifiziala erabiltzen, ondokoek egingo dute, eta lehiakorragoak izango dira»

Innkia 'start-up'-a sortu berri dute Ikerlanek eta Laboral Kutxak. Adimen artifizialaren bitartez, aukera ematen dute produktu merkeagoak eta berritzaileagoak egiteko, ChatGPTk, DeepSeek-ek eta halakoek ez duten fidagarritasuna bermatuta.

Gorka Artola, Innkiako zuzendari nagusia. BERRIA
Gorka Artola, Innkiako zuzendari nagusia. BERRIA
kristina martin
2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gorka Artola Beobide (Donostia, 1977) industria ingeniaria da ikasketaz, eta berrikuntza, teknologia eta ekintzailetza izan ditu ardatz bere ibilbide profesionalean. Ikerlaneko merkatu arduraduna izan da orain arte. Egun, Innkia start-up-aren zuzendari nagusia da. Duela gutxi aurkeztu dute enpresa berria: sei milioi euro inbertitu dituzte, eta espero dute lau urteren buruan 50 langile izatea eta 2030erako hamar milioiko fakturazioa lortzea. Ikerlan eta Laboral Kutxa dira sustatzaileak, eta Mondragon korporazioa eta Eusko Jaurlaritza babesleak, Basque Tek Ventures programaren bidez.

Ikerlanek eta Laboral Kutxak sustatutako start-up bat da Innkia. Zer ekarpen egingo du bakoitzak?

1980ko hamarkadan hasi ginen Ikerlanen adimen artifizialarekin lanean. Ezagutza eta gaitasun ikaragarria sortu eta metatu dugu 50 urteotan. Adimen artifizialarekin puntako garapenak egiteko gaitasuna du Ikerlanek. Hala ere, ezagutza eta teknologia soilik ez dira nahikoak. Zertarako erabiltzen den teknologia hori, horrek ematen dio zentzua. Eta Laboral Kutxa dago hor. Langile asko, bezero asko ditu, eta ezaugarri horiek dituzten enpresak dira, hain zuzen, adimen artifizialaren bidez onura gehien lor dezaketenak. Ikerlanek gaitasuna du, eta Laboral Kutxak, beharra. Mondragon Korporazioak, bestalde, lurraldetasuna ematen dio proiektuari. Ikerlan eta Laboral Kutxa Mondragonen gaude, eta gure helburua ez da negozio hutsa egitea: gure lurraldearentzako onurak lortu nahi ditugu, eta sinetsita gaude eredu kooperatiboa dela egokiena horretarako.

«Gure helburua ez da negozio hutsa egitea: gure lurraldearentzako onurak lortu nahi ditugu, eta sinetsita gaude eredu kooperatiboa dela egokiena horretarako»

Adimen artifizialeko beste software batzuk ere badaude. Zertan da berezia Innkia?

Bi arlo jorratuko ditu Innkiak: batetik, softwarea idazten dugu, eta, bestetik, softwarea balidatu. Sortzeari dagokionez, egun merkatuan dauden adimen artifizialeko tresnek ehun programatzaileren lana egin ahal dizu, erraz eta merke; balidazioa, ordea, ez dute egiten. Enpresak ezin du jakin programa horiei ematen dizkien datuak non eta nola erabiliko dituzten. Innkiak, ordea, informazio hori fidagarria eta konfidentziala izatea bermatzen du.

Zergatik da hain garrantzitsua balidazioa?

Segurtasun sistemak hutsegiterik ez izatea bermatzen duelako. Balidazioa oso lan zaila da. Programazioa idazten baino zortzi aldiz gehiago gastatu behar du enpresa batek balidazioan. Gaitasun handiko adituak behar dira lan hori egiteko, eta gabezia handia dago mundu osoan. Balidazioa adimen artifizialaren bidez egiteak nabarmen murrizten du prozesu horietarako behar den denbora, eta produktua merkeago egin daiteke. Adibidez, tren baten garatzeko balidazioa modu tradizionalean egiten bada, Adimen artifizialarekin eginda baino baino hiru edo lau urte gehiago behar dira. Adimen artifiziala baliatuta, produktuak merkeagoak eta berritzaileagoak izango dira, eta enpresak, beraz, lehiakorragoak.

Zer-nolako enpresek baliatu dezakete Innkiaren teknologia?

Softwarea sortu eta eguneratzen duten enpresa guztiak dira gure bezero potentzialak. Banketxeak, erakunde publikoak, unibertsitateak, ospitaleak, giza baliabideetako enpresak, industria enpresak eta, oro har, erabiltzen dituen datuak babestu nahi dituen enpresa oro. ChatGPT, Deep Seek eta merkatuan dauden adimen artifizialeko beste produktuek ez bezala, Innkiak bermatzen du datu eta informazio horiek konfidentzialak izatea. Horretaz gain, Europak ezartzen dituen araudiak errespetatzen direla bermatzen du —besteak beste, datuen babeserakoa eta kode etikoa—. Aurten, Laboral Kutxa izango da gure teknologia praktikan jarriko duen lehen enpresa. 2026an, gure produktua merkaturatzen hasiko gara.

«Tren bat egiteko softwarearen balidazioa modu tradizionalean egiten bada, adimen artifizialarekin eginda baino hiru edo lau urte gehiago behar dira. Adimen artifiziala baliatuta, produktuak merkeagoak eta berritzaileagoak izango dira, eta, enpresak, beraz, lehiakorragoak»

Zer lotura du Orbik Cibersecurity kooperatibak Innkiarekin?

Orbik Ikerlanetik atera zen kimu bat da. Start-up teknologiko gisa sortu zen, eta aitzindaria da, kooperatiba bihurtu den lehen start-up teknologikoa baita. Ezohiko ibilbidea da arlo horretan. Eredu anglo-saxoia imitatzeko joera horren barruan, ohikoena izaten da sustatzaileek start-up-ak sortzea, dirua sartzea, denbora laburrean izugarri haztea, eta, enpresak balio handia duenean hura saldu, eta dirua irabaztea. Orbik kontakizun horren aurkako adibidea izan da: Orbik ez dago salgai. Euskal Herrian geratu, eta hemengo enpresentzat eta gizartearentzat onuragarri izatearen alde egin genuen. Innkia bide beretik joatea nahi dugu. Gure ezagutza ez da Silicon Valleyra edo Txinara joango.

Teknologiaren alorrari dagokionez, aipatu izan duzu menpekotasun handia dagoela AEBekin eta Txinarekin. Horri aurre egiteko urrats bat al da Inkkia?

Oraindik mendeko izango gara, adimen artifizialeko eredu indartsuenak hangoak baitira. Europan ari dira pauso batzuk ematen, eta gurea ere bide horretan doa, kontrapisua egitea da asmoa, baina oraindik ere hangoetan oinarritutakoak dira gureak. Espero dugu etorkizunean mundu osora zabalduko dela adimen artifiziala egiteko gaitasuna.

Adimen artifizialak errezeloa pizten die batzuei. Sare sozialekin gertatu bezala, azkenean denek erabili beharko dute?

Badaude enpresa oso kontserbadore batzuk, eta ez dute adimen artifizialaren beharrik ikusten. Baina etorkizunean jarrera horrek ez du ibilbide luzerik izango. Zuk ez baduzu erabiltzen, zure ondokoek egingo dute, eta zu baino lehiakorragoak izango dira.

Zeregin batzuk automatizatzeak ez al du eragingo lanpostuak galtzea?

Gure ustez, ez. Software fidagarria egiteko gaitasuna handituz gero, eta, baten ordez bost egin baditzakezu, bost diseinatzaile gehiago beharko dituzu. Diseinatzaileak izan daitezke, edo software horren inguruan behar diren beste lanpostuak; horien beharra handitu egingo da. Adimen artifizialaren bitartez, hobeto eta merkeago egin dezakegu gaur egun egiten dugun hori. Uste dut aberastasuna ekarriko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.