Enpresa bat zigortu dute bajan zegoen langile bati jarraitzeko detektibe bat kontratatzeagatik

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baieztatu du langilearen intimitaterako eskubidea urratu zutela, eta haren jarduerek ez zutela gaixo agiriaren aurka egiten.

Estibaliz Navarro Argaz
2024ko azaroaren 12a
15:30
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak zigorra ezarri dio detektibe pribatu bat kontratatu zuen enpresa bati. Langile batek gaixo baimena hartu zuen, eta hari lanetik kanpo jarraitzea erabaki zuten. 

Auzitegiak azaldu duenez, kasua 2023ko irailean hasi zen; langilea ezinduta zegoela, enpresak jakinarazi zion enplegua eta soldata 60 egunez eteteko zigorra ezarri ziotela, golfean jokatzera joateagatik. Detektibe enpresa batek egindako txosten batean oinarritzen zen zehapena. Txosten horretan, jaso zuten langileari jarraitu ziotela, eta golf pribatuko klub batean egon zela eta egonaldia egin zuela bigarren etxe batean.

Donostiako epaitegiak zigorra baliogabetu zuen, enpresak kontratatutako detektibeak lortutako frogak Segurtasun Pribatuaren Legearen 48. artikulua urratu zuela argudiatuz. Artikulu horren arabera, «ezin da inola ere ikertu beren etxean edo leku pribatuetan —golf klubean, esaterako— dauden pertsonen bizitza intimoa». Gainera, langileari 15.000 euroko kalte ordaina ordaintzera behartu zuten enpresa. 

Orain, Auzitegi Nagusiak atzera bota du enpresaren helegitea, eta gogorarazi du langileari golfean jokatzen ateratako argazkiak sarbide publikorik gabeko eremu pribatu batean egindakoak direla. Hortaz, ebatzi du enpresak emandako frogak legez kanpokoak direla eta horrekin demandatzailearen intimitaterako eskubideak urratu zituztela aldi baterako ezintasun prozesuan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.