Enpleguak aspaldiko abuzturik kaskarrenetako bat izan du aurten

Hego Euskal Herrian, guztira 147.161 pertsona daude langabezian, uztailean baino 3.075 gehiago. Langabeen erdiek ez dute saririk jasotzen. Gizarte Segurantzak 13.642 afiliatu galdu ditu

Irune Lasa.
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Abuztuak ez dira onak izaten enpleguarentzat, ezer apartekorik gabe ere opor garaian hainbat sektoretako jarduna apaldu egiten delako. Baina, aurten, abuztuak kezkarako datuak ekarri ditu, besteak beste, langabe kopuruaren igoera handiagoa izan delako iazko hilabete berekoa baino, mila pertsona inguru handiagoa. Krisi osteko enpleguaren suspertzea indarra galtzen has daitekeela: hor dago kezka.

Gauzak horrela, Hego Euskal Herrian uztailean baino 3.075 pertsona gehiago daude orain langabe gisa zerrendatuta, eta horietatik ia erdiak (1.554) Bizkaian erregistratu dira. Langabe kopuruaren igoera handiena zerbitzuen alorrean gertatu da, hor 2.525 pertsona gehiago erregistratu baitira langabezian. Apalagoak izan dira igoerak industrian (+680) eta eraikuntzan (+332).

Guztira, SEPEren arabera, langabeen kopurua 147.161 pertsonakoa da Hego Euskal Herrian, eta %58 emakumezkoak dira. Langabeen %31k soilik jasotzen dute langabezia saria, eta beste %15,69k subsidioa. Aldiz, langabeen erdiek (%50,83k) ez dute jasotzen ez saririk ez subsidiorik.

Afiliatuek ere behera

Kontratuen ikuspegitik ere, aurtengo emaitzak kaskarragoak dira iazko abuztukoak baino, kopuru osoa %2,64 txikiagoa izan baita. Kontratu guztietatik mugagabeak %6,4 izan dira, eta horrek esan nahi du gainerakoak—kontratazioen %93,6—, aldi baterakoak izan direla.

Gizarte Segurantzarako afiliazio zenbakiak ere kaskarrak izan dira, uztailean 13.642 afiliatu gutxiago zenbatu baitira. Jaitsiera handiena soldatapekoetan izan da (-12.239), baina baja eman duten autonomoak ere ez dira gutxi izan (-1.342).

Iraileko jardun eta kontratazio berriek zenbaki hobeak ekartzea espero da. Gero, oraindik ere, eta urte osoko bilakaerari begira, langabeziari buruzko datuak positiboak dira. Iazko abuztuan baino 8.029 langabe gutxiago daude erregistratuta.

Datu positibo horiei begiratu nahi izan die Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak, eta azpimarratu du azken hiru urteen ondoren 27.000 langabe gutxiago daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Era berean, Artolazabalen ustez, merezi du begiratzea langabezian denbora asko daramaten pertsonen kopuruak behera egin duela abuztuan —687 pertsona— eta urte baten bueltan(-%12,47). «Epe luzeko langabeziaren bilakaera onak erakusten du susperraldi ekonomikoa ari dela aukerak ematen haiei ere».

Maria Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilari berriak ere urteko kopuru positiboenei begiratu nahi izan die. Hala ere, haren ustez, «nahiko argi dago langabeziaren murrizketan moteltze bat» antzeman dela. Horregatik, «lehentasuna» eman dio foru erkidegorako Enplegu Plan berria onartzeari.

Sindikatuek, berriz, uste dute langabeziaren datu orokorrak «kezkatzeko modukoak» direla, eta haiek ere zenbaki jakin batzuei begiratu diete, horren positiboak ez direnei.

ELAk, adibidez, salatu du langabeen erdiek ez dutela langabezia prestaziorik jaso abuztuan, eta kotizaziopeko langabezia sarien batez besteko zenbatekoa jaitsi egin dela maiatzetik. Gaitzetsi egin du iaztik kontratazio mugagabea %12,5 murriztu izana ere. ELAren ustez, «langabeziak eta prekaritateak lotura zuzena dute».

«Lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuak aurrera darrai Euskal Herrian», LABen ustez, eta «ematen du instituzioen papera datu estatistikoak ematea soilik dela, prekaritatearen notario balitz bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.