Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak gaur aurkeztu du Jaurlaritzak prestatu duen plan berria zerbitzu publikoak indartzeko asmoz. EKI izena jarri diote planari, eta honako hau da helburua: «Langile publikoen gaitasun profesionalak indartzea, administrazio berritzaileago, malguago, dinamikoago eta euskaldunago baterantz urratsak egiteko». Horretarako, enplegu publikorako hautaketa prozesuak ez dira buruz ikasteko gaitasunean oinarrituko, orain arte bezala; horren ordez, garrantzia emango diete lidergoari, komunikazioari, teknologia berrien ezagutzari eta taldean aritzeko gaitasunari.
Gaur egun, 8.000 pertsona inguruk egiten dute lan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean. Ubarretxenak lan publikoei buruzko datu batzuk eman ditu: bitartekotasun tasari dagokionez, martxoan %14koa izatea aurreikusten dute, eta urte amaieran, %8 ingurukoa. Abenduaren 31rako 3.400 plaza egonkortu zituzten, eta aurreratu du beste 1.000 plazen deialdiak egingo dituztela LEP Lan Eskaintza Publiko berrien bidez. Absentismo tasa, berriz, %7,52koa da.
8.000Zenbat langile publiko dauden Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean. Urte amaieran 3.400 plaza zeuden egonkortuta. Beste 1.000 plazen deialdiak egingo dituztela esan du Jaurlaritzak.
Gobernuaren bozeramaileak nabarmendu du administrazioak erronka eta eraldaketa handiei egin beharko diela aurre: digitalizazioa, absentismoa, belaunaldien arteko erreleboa, etengabeko prestakuntza edo profil eta talentu berriak txertatzeko beharra.
EKI planean zenbait tresna proposatu dituzte erronka berriei aurre egiteko. Horietako bat da LEPetako hautaketa prozesuak aldatzea: «XXI. mendeko euskal administrazioak gaitasun berriak dituzten profesional balioaniztunak behar ditu».
Horretarako egungo hautaketa prozesuak nahitaez aldatu behar direla iritzi dio Ubarretxenak. Hala, «prozesu berriak definitu eta diseinatuko dira langilerik onenak hautatzeko administraziorako».
Formakuntza da EKIren beste ardatz bat. Jaurlaritzaren bozeramaileak esan duenez, trebakuntzarako bideak hobetu eta ugarituko dituzte, «bai langile berrientzat bai dagoeneko administrazio publikoan beren ibilbide profesionala egiten ari diren langileentzat».
Belaunaldi aldaketaren erronka era badu esku artean funtzio publikoak. Ubarretxenak jakinarazi duenez, datozen lau urteetan erretiroa hartuko dute 80ko hamarkadan administrazioan lanean hasi ziren langileen ia %20k. Halaber, esan du tresnak txertatuko dituztela erretiratuko direnek urteetan pilatutako ezagutza langile berriei transmititzeko. Bestalde, lider izateko modu berriak eta taldean aritzea ere sustatuko dituzte.
Sindikatuen inplikazioa
Ubarretxenak aitortu du Jaurlaritzak bidelagunak beharko dituela nahitaez administrazio publikoaren eraldaketa prozesu konplexu eta garrantzitsu horri aurre egiteko. «Langile publikoen laguntza behar dugu, eta sindikatuen konplizitatea eta konpromisoa ere bai». Hala, konpromisoa adierazi du gogor lan egin eta sindikatuekin akordioak lortzeko: «Administrazioa hobetzeko bidea elkarrekin egin behar dugu, formula berriak bilatzeko absentismoa, arrisku psikosozialak eta jazarpen egoerak murrizteko, besteak beste».
EKI planaren proiektu batzuk jadanik martxan daudela esan du bozeramaileak. Hasitako bidea datozen hiru urteetan osatzea espero dute.