Elektrifikazioa izango da zero isuriko neutraltasun klimatikorako bide nagusia, betiere argindarra iturri berriztagarrietatik badator, jakina. Horretarako, derrigorrezkoa da berriztagarrien kapazitate instalatua izugarri handitzea urte gutxitan.
Hain zuzen helburu horrekin, Espainiako Gobernuak berriztagarrien enkanteen dekretu berria onartu du, eta abendu honetan iritsiko dira lehen enkanteak. Sistema berriaren nondik norakoak aletu dizkio BERRIAri Peru Muniainek (Erandio, 1991), EHUko irakasle eta BERT (Basque Energy Research Team) ikerketa taldeko kideak.
Akatsak konpontzeko
Besteak beste, argindarraren merkatuko akatsak konpontzeko prestatu dira Espainiako Gobernuaren enkante berriak. Baina nondik datoz akats horiek?
2014. urtera arte, laguntza zuzenak edo sariak ziren berriztagarrien ezarpena sustatzeko modua. Espainiako Gobernuak ekoizleak diruz laguntzen zituen, errentagarritasun jakin bat ziurtatuz. Haien argindarra, berriz, zero prezioan sartzen zen merkatuan. Peru Muniainen ustez, «bere garaian, errentagarritasun horrek bazuen zentzua, baina denborarekin zentzu hori galduz joan zen. Errentagarritasuna handiegia zen».
Mauka zen argindar berriztagarriaren ekoizleentzat, abiapuntuko merkatuko prezio haren araberakoa zutelako saria, nahiz eta ekoizpen kostuak denborarekin jaitsi egiten zitzaizkien, eta nahiz eta argindarraren merkatuko prezioa denborarekin txikitu egin den. «Atzerriko konpainia mordoa agertu ziren». Batzuentzako mauka zena, hori bai, besteentzako zama zen, hortik sortu baitzen tarifa defizit delakoa, zeina oraindik ere ordaintzen duten argindar kontsumitzaileek.
Alemanian ere ekoizleentzako sariak erabiltzen dira berriztagarriak sustatzeko, baina sistema Espainiakoaren oso desberdina dela azaldu du Muniainek: «Alemanian, errentagarritasuna txikituz doa, eta, teknologiaren arabera, jaitsiera hori handiagoa izan daiteke. Horrez gain, jada ekoizten ari zen enpresaren bat sartzen bada enkantean, momentu horretako merkatuko errentagarritasuna ordaintzen diote. Eta sari horiek merkaturatzaileek hartzen dituzte bere gain, ez gobernuak».
Ziurtasun bila
Ezin horrela jarraitu, eta, 2014. urtean, Mariano Rajoyren gobernuak aldatu egin zuen berriztagarriak sustatzeko sistema: enkanteak egiten hasi zen. Haietan, berriztagarrien proiektuetan instalatuko zen kapazitatea ateratzen zen errematean. «Eskaintzak kapazitate eskariaren mugara iristen zirenean ixten zen prezioa. Hortik beherako eskaintzei ere prezio hori ematen zitzaien; megawatta hemezortzi euroan eskaini zuenak ere 30 euro jasotzen zituen, enkantea prezio horretan itxi bazen. Orain, aldatu egingo da hori. Bakoitzak bere eskaintzari dagokion prezioa jasoko du. Beraz, megawatt-ordua hemezortzi euroan eskaini duenak hemezortzi euro jasoko ditu. Pay as bid sistema horrekin, bi helburu lortu nahi izaten dira: lehia bultzatzea, eta horren ondorioz prezioak jaistea». Eskaintzentzat gutxieneko prezio bat ere ezarriko du sistema berriak, ekoizpen kostuen azpitik egindako eskaintzarik izan ez dadin, besteak beste ekoizle handien mesedetan.
Beraz, enkante horretan ezarri zaion prezio hori ziurtatua izango du ekoizleak, epe jakin batean. Ziurgabetasuna baita berriztagarrien instalaziorako eragozpen handienetakoa. Parke eoliko bat edo ortu fotovoltaiko bat instalatzea aztertzen ari denak agian pentsa dezake inbertsioak ez duela merezi, besteak beste, etorkizunerako argindarrarentzat aurreikusten diren prezioak merkeegiak direlako.
Berriztagarrien ezarpen ordenatua
Enkante sistema berriarekin, Espainiako Gobernuak ziurtasuna eskainiko die ekoizleei, berriztagarrien kapazitate instalatua gero eta handiagoa izatea nahi duelako; eta, ez hori bakarrik, baita berriztagarrien mix ahalik askotarikoena eta eraginkorrena nahi duelako ere. Eguzki energia izateko haizerik ez dagoenean, edo biomasa, edo dena delakoa...
Horregatik, enkante berriak kapazitatearen araberakoak izango dira, baina baita teknologien araberakoak ere. Gobernuak uste badu fotovoltaikoen, biomasaren edo beste teknologia baten instalazioa sustatu behar dela, teknologia horretako kapazitateen enkantea egingo du.
Modu horretan, teknologia berriei ere aukera eman ahalko die, beharbada oraindik heldutasunera iritsi ez diren baina etorkizunean oso baliagarriak izan daitezkeen berriztagarrietako inbertsioa sustatuz.
Gainera, teknologiaka egindako enkanteen bidez merkatuan muturra sartzea errazagoa izango dute lehiakide berriek eta ekoizle txikiagoek.
Handiak, muturtuta
Orain arteko enkanteetan, ez zen desberdintzen berriztagarrien artean, eta horrek botere gehiago ematen zien ekoizle handiei, Muniainen ustez. «Handiak teknologia merkeenarekin sartzen ziren enkantera. Adibidez, energia eolikoarekin. Haize errotak instalatzea nahiko garestia da, baina gero mantentzea ez da horren garestia, eta eolikoekin enpresa handiek enkante asko irabazi dituzte». Txikien kaltetan da hori, eta oraindik horren merkeak ez diren teknologien garapena oztopatu du.
Hain zuzen, argindar konpainia handiak ez dira oso gustura agertu enkante berriekin. Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanek zalantzan jarri du baliagarriak izango direnik berriztagarriak sustatzeko. Sanchez Galanek ez du ulertzen zergatik gobernuak hartu behar duen ardura hori, «interesa duten inbertsiogileak» baldin badaude. Ez du argitu Iberdrola aurkeztuko den gobernuak deitutako enkanteetara; «baldintzen arabera erabakiko dugu», esan du. Hori bai, Iberdrolak parte hartu du orain gutxi Portugalen antzeko baldintzetan egin diren enkanteetan, eta gogoan izan behar da Portugalek eta Espainiak argindar merkatu bateratua dutela.
Adierazpen horiek analistekin egindako bilera batean egin zituen Iberdrolako presidenteak, eta une hori baliatu zuen PPA akordioak goraipatzeko ere. Aldebiko kontratu horiekin, epe laburrerako prezio bat ziurtatzen da berriztagarrientzat. Iberdrolak halakoak hitzartu ditu, esaterako, Googlerekin eta Amazonekin.
Baina egia da akordio horiek gehienetan ekoizle eta kontsumitzaile handien artekoak direla ere, eta ez direla horren baliagarriak berriztagarrien ekoizpenean hasi nahi duten enpresa eta kooperatiba txikiagoentzat. «Enkante berriekin, erraztu egiten da agente gehiago, ekoizle gehiago sartzea merkatuetan. Argi dago handiek ez dutela gustuko hori, baina oraindik ere botere handia izango dute», uste du Muniainek.
Prezioak
Enkante berrietako prezio hori nola joango da merkatura? «Ez dago guztiz argi. Eta ez dago argi, era berean, erregimen berriko berriztagarri ekoizleek enkanteetatik aparteko eskaintzak egin ahalko dituzten». Muniainek esplikatu du orain arteko funtziona- mendua: «Gaur egun, berriztagarrien ekoizleek zuzenean pool-ean [argindarra salerosten den merkatuetan] eskain dezakete euren ekoizpena prezio mugarik gabe, merkatuko beste edozein agentek bezala, eta hango prezioa lortu. Pool horretako prezio hori eskaintza eta eskaria gurutzatzen diren unean ezarritakoa da, eta azpitik gelditu diren eskaintza guztiei ordaintzen zaie».
«Guk ulertutakoaren arabera, erregimen berri honetan, dekretu berri honen barruan bazaude eta eskaintza librea egiten baduzu, zure ziurtatutako prezio finkoa jasoko duzu, enkantekoa; berdin dio merkatuak ezarritako prezioa handiagoa edo txikiagoa izan. Goranzko edo beheranzko tartea komertzializatzaileak bete beharko du. Argindar berriztagarri hori merkatukoa baino garestiago ordaindu behar badu, pentsa daiteke galera hori kontsumitzaileen fakturara iritsiko dela. Teorian gauza bera gertatu beharko luke kontrako kasuan ere, berriztagarriaren prezio finko hori merkatukoa baino merkeagoa denean, komertzializatzailearen mesederako». Azkenean, horrela, ziurgabetasuna ekoizleengandik komertzializatzaileengana pasatuko da. Eta, jakina, komertzializatzaileak ez daude oso pozik.
Fakturan
Baina, orduan, ikusiko al da enkante berrien aztarnarik kontsumitzaileen fakturetan? Izan ere, gauza bat dira merkatuko prezioak, eta bestea faktura. «Kontsumitzaileak beste kostu finko batzuk ere ordaindu behar ditu, gutxi gorabehera fakturaren %50-60. Horiek ez dira aldatzen; hor doa sarearen erabilera, 2014 aurretik datorren defizita....».
Edonola ere, Muniainek dio honekin guztiarekin espero dela merkatuko prezioa jaistea. «Berriztagarriekin egia da hasieran inbertsio handia egin behar dela, eta hain zuzen horregatik ziurtatuko zaie prezio bat, inbertsio hori berreskuratzeko. Baina, gerora, berriztagarrien kostuak oso txikiak dira, ezin dira alderatu ikatzarekin edo ziklo konbinatu batekin, nuklearrekin... Langile guztiak, segurtasun neurriak... Kostu handiagoak dituzte».
Horrela, merkatuetara berriztagarri gehiago sartuz badoaz, espero daiteke argindarraren prezioa merkatuz joatea. Espainiako Gobernuaren kalkuluen arabera, megawatt-orduaren prezioa 35 euro inguruan kokatzen bada, 500 milioi euroko kostu murrizketa izango litzateke. Hamabost euroko prezioarekin —salneurri horretan itxi zen enkante bat Portugalen—, berriz, jaitsiera 2.000 milioi eurokoa litzateke, eta kontsumitzaileentzako aurrezpena, berriz, 200 milioi eurokoa.
Burbuilak
Hori bai, burbuilak eragoztea ere garrantzitsua izango da, berriztagarrien instalazioa ziurtatzeko. 2014ko enkanteen ereduak bazuen akats hori, Muniainek azaldu duen moduan: «2016ko urtarrilean, 700 megawatteko ahalmena atera zen enkantera, eta 2017 uztailean egin zen beste bat, 2.000 megawattekoa. Horrek esan nahi du guztira berriztagarrien 2.700 megawatteko kapazitatea egon beharko litzatekeela instalatuta, baina zati handi bat ez da ezarri. Berriz gauza bera ez gertatzeko, enkante berri hauetan epe motzagoak ematen dira baimenak eskatu, lortu eta konpromisoak betetzeko».
Argindar sarerako sarbide eta konexio baimenen burbuila ere hasia da desegiten, Espainiako Gobernuak epeak zorroztu dizkienean baimenen jabeei euren instalazioak eraikitzen hasteko. Hainbatek uko egin diete orain baimen horiei, eta agerian geratu da baimenekin espekulatzea zela haien asmoa, berriztagarrien instalazioak eraikitzea bainoago.