Energy Intelligence Center (EIC) 2022ko udazkenerako martxan egotea espero du Eusko Jaurlaritzak. Ezkerraldea-Meatzaldea parke teknologikoan (Bizkaia)altxatuko den lehen eraikina izango da, eta 39,7 milioi euroko aurrekontua du. Hidroge- noaren erabilerarako ikerketa eta garapen zentro bat hartuko du barnean, eta dagoeneko jakina da Petronor, Ampo, Vicinay, Tubacex eta Tubos Reunidos enpresek eraikin berria erabiliko dutela.
EIC akronimoa zeresan handia emateko iritsi da euskal ekonomiara. Atzo jarri zuten eraikinaren lehen harria, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ekitaldi sinbolikoan nabarmendu zuen «nazio egitasmo» bat dela, inguruko ekonomiaren «bultzatzaile» izatea asmo duena. Energia sektorea eta harentzako osagaiak egiteko industria etorkizuneko apustuetako bat da Jaurlaritzarentzat, eta EICen ezarri nahi du apustu horren erpina. «Munduan ematen ari den trantsizio energetikoa aukera bihurtu behar dugu, aldaketa teknologikoan sakonduz», iradoki zuen.
Egitasmoa aurrera eramateko,Europaren laguntza eskatu dute Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak. Alde horretatik, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak mezu argia bidali zion Espainiako Gobernuari, hark baitauka azken hitza Hurrengo Belaunaldia funtsen banaketan: «EIC Europako funtsak lortzeko hautagai argietako bat da. Haiek lortzeko ezarrita dauden irizpide guztiak zehazki betetzen ditu. Europan erreferente bihurtu nahi du hidrogeno berdearen sektorean, eta gure enpresak liderrak izan daitezela».
Baina zer egongo da zehazki EICn? 18.932 metro koadro eta lau solairuko eraikina izango da. Besteak beste, bulegoak, teknologia campusa eta laborategiak izango ditu. Energiaren sektorearen ikerketarekin zerikusia izango duten jarduerak hartuko ditu. Petronorrek, esaterako, hara eramango ditu bulego nagusiak, baita Edinor bere filialak ere. Bien artean eraikinaren 2.000 metro koadro inguru erabiliko dituzte.
Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura sailburuak nabarmendu zuen trantsizio energetikoarekin harremana duten ikerketa eta garapeneko lau lan lerro ezarriko dituztela bertan: «Ibilgailu elektrikoa, hidrogenoa, energia berriztagarriak eta petrolioa eta gasa». 39,7 milioi euroko inbertsioaren erdia eraikina bera altxatzeko erabiliko dute, eta beste erdia hura barnetik hornitzeko, eta parkeko sarbideak bukatzeko. Lanak iazko abenduaren 15ean hasi ziren, eta, ondo bidean, 2022ko abuzturako amaituak egon beharko lukete.
Energia garbiaren erronka
Tapiak azaldu zuenez, energiaren sektoreak «argiak eta ilunak» ditu, eta «aukerak eta mehatxuak» dauzka bere barnean, baina oinarrizko sektorea da euskal industrian, eta haren eraldaketaren erronka onartu beharra dauka, «ingurumenarekiko konpromisoan oinarrituta». Energia iturri garbien bilaketan, hidrogeno berdea da etorkizuneko lehengaia, eta, haren eskutik, EIC «energia klasikoen eta berrien arteko zubia» izatea espero du Rementeriak.
Hidrogenoaren garapen zentroan, osagai kimiko horrek sektore ezberdinetan zer erabilera izan ditzakeen aztertuko dute. Rementeriak hainbat izendatu zituen azalpenean: ibilbide luzeko merkantzien garraioa, hegazkingintza eta tamaina ezberdineko eraikinen beharrak betetzeko beroa, besteak beste.
Energy Intelligence Centerren lehen harria jarri dute, Europako funtsei begira
Europako hegoaldeko hidrogeno polo nagusia izatea espero du Jaurlaritzak, eta 2022ko udazkenerako martxan egotea. 39,7 milioi euroko aurrekontua du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu