Energia aurrezteko plana

Energiaren 'tabula rasa'

Bihar sartuko dira indarrean neurriak, baina hainbat eraikin publikotan hasiak dira argiak itzaltzen. Udan aire girotua 27 gradutik gora egokitu beharrak kritika gehiago eragin ditu

Iruñean, atzo, Bigarren Zabalguneko denda bat, irekita. IÑIGO URIZ / FOKU.
Joxerra Senar -Javi West - Isabel Jaurena
Iruñea, Bilbo, Donostia
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Ikusi gehiago:Jaurlaritzak Madrili eskatu dio dekretua «malgutasunez» ezartzeko

Energia aurrezteko Espainiako Gobernuak ezarritako neurriak bihar sartuko dira indarrean Hego Euskal Herrian, baina jada antzeman da iluntasun apur bat kalean. Asteburuan, hirietako eta herrietako zenbait eraikin publikotan eta toki adierazgarritan argiak itzali dituzte 22:00etan. Bilbon, diputazioan eta Arriaga antzokian argiak itzali dituzte; Iruñean, Nafarroako Jauregian, parlamentuan eta Espainiako Gobernu ordezkaritzan. Argiztapenaz harago, aire girotua gutxienez 27 gradutan izateko neurriek buruko min handiagoa eragiten diete dendei eta negozioei, oro har. Nahiz eta farmaziak, gimnasioak, ile apaindegiak eta garraio publikoak salbuetsita izan, gainerako sektoreek begi txarrez ikusten dute energiaren tabula rasa.

«Ez digu batere graziarik egin. Sektoreak aintzat hartu gabe egin da». Carlos Albillo Iruñeko Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko gerentearen arabera, konbentzimenduz hartu behar litzateke eraginkortasun energetikoa, «eta ez horrela». Gaineratu du zentzu handiagoz jokatu beharko litzatekeela. «Benetan edozein establezimendutan ezar daiteke tenperatura bera? Ez, eta ezin da ere ez neurri bera ezarri leku hotzetan eta beroetan».

Ate irekia, «gonbidapena»

Iruñeko Bigarren Zabalgunean, urtebete inguru darama irekita Damisela en Apuros arropa dendak. Sara Bellido jabearen arabera, nahikoa lan badu irauten. Beherapenekin gertatzen den moduan, uste du horrelako neurriak ezartzean kate handiek abantaila handiagoa dutela. Urritik aurrera, saltokietako ateak itxi egin beharko dira, eta, Bellidorentzat, «oso garrantzitsua» da atea irekirik izatea: «Sartzera animatzen du, eta, bero handia egiten ez duen bitartean, irekirik izaten dugu. Bestela, itxi eta aire girotuaren makina pizten dugu momentu batez».

Alderantziz, Jesus Martinezek, Tierra boutique dendako arduradunak, nahiago du ateak ixtea, «jendea eroso sentitzeko». Izerdiak ez die bezeroei arropa probatzen uzten. Argiztapenari dagokionez, itxi ostean denbora batez piztuta izaten dute: «Erakusleihoak saldu egiten du, baina ez du zentzurik 22:00etatik aurrera piztuta izateak. Beti egin dugu horrela; ez digu gobernuak esan behar zer egin behar dugun».

Maite Garcia Nuñez loradendako ordezkariaren arabera, giroa fresko izan ezean «beroak loreen prozesua azkartu egiten du». Horregatik, uste du kaltegarri izan litekeela denda gutxienez 27 gradutan izatea, eta espero du neurria malgutzea. Barruan, termometro elektriko bat izaten du tenperatura neurtzeko, baina Iruñeko Ermitagaña auzoan duen beste dendan, ez du halakorik. Horregatik ez dago kontent, «beste inbertsio bat egitera» behartzen baitu.

Denda gehienetan, lana amaituta erakusleihoetan argia izateko sistema automatikoa izaten dute. Adibidez, Miriam Ibarrolak hala egiten du Miriam liburu dendan. «Denbora batez piztuta izaten dut, baina gauean edo asteburuan itzali egiten dut». Izan ere, badira neurriak eragiten ez dien negozioak ere. «Guk ez dugu nabarituko. Ez dugu ez aire giroturik, ez berogailurik. Neguan hotza pasatzen dugu, baina zer egingo dugu!», dio Celia Lopez El Dormitorio Decoracion dendako saltzaileak. Egunero, ateak ixterakoan argiak itzali ohi dituzte.

Iruñeko autobus geltokian, 11:30ean ez da kanpoko beroa nabaritzen. Bidaiariek itxaroteko duten areto handiko termometroaren arabera, 26 gradu egiten ditu. Udan, goizetan, zaintzaileek ateak ireki, eta geltoki osoa aireztatzen dute, baina, egunak aurrera egin ahala, igo egin ohi da tenperatura. «Udan, geltokia beroa da, eta neguan, berriz, hotza. Autobusaren zain egon behar baduzu, hobe berokia izatea, hamalau gradu ikusi baititut hemen», aipatu du Cesar de Luisek, La Vieja Estacion dendako saltzaileak.

Geltokia Iruñeko Udalarena da, baina Vectalia enpresak kudeatzen du, eta inguruko negozioak haren sistemaz baliatzen dira, tenperatura kontrolatzeko. Dena den, De Luisek sistema propioa du. «Ez da gauza bera geltokian tiketak saltzen ibiltzea edo denda baten elikagaiak izatea». Izan ere, edariak fresko izateko, hozkailuak ditu La Vieja Estacionen; eta, barruko tenperaturari eusteko, hozkailua etengabe dabil airea hozten eta denda barruan beroa kanporatzen. «Kontrajarria dirudi, baina denda fresko izanez gero, gutxiago kontsumitzen dut, hozkailuak ez duelako lan bikoitza egiten», azaldu du. Horregatik, malgutasuna eskatu du. «Bi urteotako pandemia kolpe latza izan da guretzat. Ari gara apurka gorantz, baina, pandemia aurreko egoerarekin alderatuta, %60an gaude».

Museoak, salbuetsita

Dena den, badira salbuetsita dauden alorrak. Adibidez, museoak. Bilboko Arte Ederren Museoko bozeramaile batek BERRIAri azaldu dionez, margolanen kalteberatasuna da arrazoi nagusia. Batez ere tenperatura aldaketa bortitzek eragiten diete. Nazioarteko estandarrak ezarrita daude: 22 gradu inguru dira egokienak haientzat, eta tenperatura horretan mantenduko dute museoa.

Argiztapenean egingo dituzte moldaketak. Kanpoko fokuak lehenago amatatuko dituzte: lehen, 00:00etan egiten zuten neguan, eta 01:00ean udan; orain, 22:00etako egingo dute. Hala ere, zenbait leku isiotuta izango dituzte, segurtasun arrazoiengatik, «gune ilunak ez sortzeko».

Guggenheim museoan ere antzera jokatuko dute. Bozeramaile batek azaldu duenez, beharrezkoa da arte lanen baldintzak finko mantentzeko. Argiztapenari helduko diote eurek ere. Esan dute kanpoko argiak ahulak direla, eta jendea ez tronpatzea dela helburu bakarra.

Donostiako (Gipuzkoa) tabernariek ezer gutxi dakite neurriez. Gehienen erranetan, inork ez die abisatu, eta adierazi dute egoera aldatu ezean berdin jarraituko dutela. Gainera, esan dute aldaketak egin behar badira ohitzeko denbora beharko dutela. Hedabideen bidez neurrien berri jakin duten zenbait tabernariri ez zaizkie neurriak gustatzen. Orain arte ostalaritzak gainditu behar izan dituen oztopoei aurre egin eta gero, «nekatuta» daudelako. «Gu kontuz ibiliko gara guztiarekin, aurrezten saiatzeko», aipatu du Garagar tabernako langile batek.

Hala ere, badira neurriak begi onez ikusi dituztenak ere. «Guk ez dugu ez aire hotzik, ezta berogailurik ere; haizagailuak soilik erabiltzen ditugu. Lehenago bezala funtzionatzen dugu», adierazi dute Ambrosio tabernan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.