Repsoleko eta Petronorreko presidenteek esandakoak «erabat» babestu ditu Iñigo Ansolak EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak: Espainiako Gobernuak energia konpainiei ezarritako zerga berezia kritikatu du, eta azpimarratu enpresek erregulazio edo arau esparru egonkor bat behar dutela. «Enpresentzat egonkortasuna beharrezkoa da inbertsioak egiteko. Hainbat urte daramatzagu erregulazioa aldatzen, eta ezin dugu horrela jokatu».
Ansolak ohartarazi du Repsol eta Petronor enpresek nekez inbertituko dutela deskarbonizazioan egonkortasunik ez badago. «Ez gara ari 100.000 euroz, ezta 200.000 euroz ere, ehunka milioi euroz ari gara». Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, EEEko burua kezkatuta agertu da, Bizkaian egin asmo dituzten zenbait inbertsio eteteko asmoa agertu duelako Petronorrek.
Ansolaren arabera, «asko dago jokoan»; gogorarazi du Petronorrek Bizkaian duela egoitza soziala —Repsolen filiala da Petronor—, eta foru ogasunak «milaka milioi euro» jasotzen dituela horregatik. «Diru sarrera horiei esker, ditugun kalitatezko zerbitzuak ditugu». EEEko zuzendariaren esanetan, «pozgarria» da enpresak batek irabaziak izatea, «horrek esan nahi duelako inbertsio berriak egiteko gai izango dela eta aberastasuna eta lanpostu asko sortzeko gaitasuna izango duela».
Espainiako Gobernuak energia konpainiei zerga berezia ezarri zien iaz, behin-behinean, Ukrainako gerraren eraginez izaten ari diren ezohiko irabaziak ikusita, eta inflazio handiari aurre egiteko neurriak finantzatzeko. Pedro Sanchezen inbestidurari begira, PSOEk eta Sumarrek eginiko gobernu akordioan zerga horrekin jarraitzeko konpromisoa agertu dute.
Ansolaren iritzian, EAJk Sanchezen gobernua babestea «baldintzatu» beharko luke. Zerga ezarri zenean, jeltzaleak abstenitu egin ziren; inbestidurarako aldeko botoa beharko luke Sanchezek.
EEEko buruaren ustez, halaber, egoera ekonomikoa ere aldatu da. «Aztertu beharko litzateke aparteko mozkinen aldian gauden ala ez, eta nolako zergak ezarri nahi dizkiegun sektore batzuei. Galdera hau egiten diot neure buruari: zergatik bankuei eta energia konpainiei, eta ez irabaziak izaten ari diren beste sektore batzuei?».
«Mehatxua», LABentzat
LABek «mehatxutzat» jo ditu energia enpresa handietako buruzagien adierazpenak, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du, haien alde agertu delako. «[Ekonomiaren Garapenerako sailburu] Arantxa Tapia buru, Iñigo Urkulluren gobernuaren eta patronalaren arteko aliantza bat dago; biek langileen aurkako estrategia berari erantzuten diote».
Sindikatuaren ustez, azken egunotan esandakoek erakusten dute Jaurlaritzaren trantsizio energetikorako estrategiak porrot egin duela. Azpimarratu du hori «lobby fosilak» nahi duen bezala jokatzera mugatzen dela, enpresa handiek nahi dituzten baldintza legal eta fiskalak sortuz eta haien proiektuetan diru publikoa inbertituz.
LABen iritzian, «sakoneko erreforma fiskal bat» behar da, «modu progresiboan inoizko etekin handienak izan dituzten kapitalek inoiz baino ekarpen handiagoa egin dezaten eta aberastasuna modu orekatuagoan banatu dadin».