Bigarrenez, KPI kontsumo prezioen indizea bi zifrara iristeko atarian geratu da Hego Euskal Herrian. Martxoan %9,6ra heldu zen, eta ekainean, berriz, %9,7ra. %10eko mugara ez iritsi arren, azken hiru hamarkadetako inflazio handiena dago egun, eta arazo handia da, batez ere maila ekonomiko apala duten herritarrentzat.
Lan itunen eguneratzean ere arazo iturri da prezioen halako garestitzea, eta horrek azaltzen du azken hilabeteetan lan gatazkak handitu izana. Patronalek argudiatu ohi dute soldata igoera handiek enpresak arriskuan jartzen dituztela; sindikatuentzat, berriz, lehentasuna da langileen erosahalmena defendatzea.
Espainian inflazioaren datu aurreratua %10,2ra iritsi izanak pentsarazten zuen ekainean Hego Euskal Herrian ere bi zifrako inflazioa izango zela, eta hori gertatu da Nafarroan (%10,2) eta Bizkaian (%10). Baina behetik izan da Araban (%9,8) eta, batez ere, Gipuzkoan (%8,9), eta horrek jaitsi du batez bestekoa. Lurralde horrek izan du prezio igoerarik apalena ere maiatzetik ekainera: %1,7koa. Hegoalde osokoa, berriz, %1,9koa izan da.
Erregaiak izan dira azken hilabetean KPIak izandako jauziaren eragile nagusiak. Ekainean, batez beste 2,048 euroan ordaindu zen gasolio litroa Hego Euskal Herriko gasolindegietan, maiatzean baino 15,6 zentimo garestiago. Gasolina, berriz, 2,148raino igo zen, 20,4 zentimo gehiago. Prezio horiei kendu behar zaie Espainiako Gobernuak eta petrolio konpainiek ematen dituzten deskontuak, hogei eta 25 zentimorainokoak.
Uztailean pixka bat merkatzen ari dira erregaiak, atzeraldiaren beldur behera doalako petrolio upelaren prezioa.
Azken urtean %39,7 garestitu dira erregaiak Hego Euskal Herrian, eta antzera beste gastu energetikoa, argindarrarena eta gasarena. INEk Berokuntza, argiztapena eta ura atalean biltzen ditu kontsumo horiek, eta, haren datuen arabera, %36,1 garestitu dira azken hamabi hilabeteetan. Maiatzean pixka bat apaldu zen igoera hori (%32,9ra), baina argindarraren prezioak berriro gora egin du ekainean, egun batzuetan izandako bero zakarrak aire egokituaren kontsumoa handitu zuelako, eta, haize eskasiaren ondorioz, eolikoak ekoitzi ez zuena gas garestiaren bidez ekoitzi zutelako.
Igoera are handiagoa zatekeen baldin eta argindarra sortzeko gasari gehienezko prezio bat eman izan ez baliote —40 euro, orain—. Neurri hori ekainaren 15ean jarri zen indarrean, eta lehen egunetan ez zuen eragin handirik izan, beroaldiaren eraginez —gasa erretzen duten konpainiei konpentsatu egin behar zaielako eta gas asko erre zutelako hilabete horretan—.
Horrela, ekainean, 215 euroan ordaindu dute argindar megawatt-ordua tarifa arautuan daudenek, kopuru handienetan hirugarren, abenduaren (239 euro) eta martxoaren (283 euro) ondoren. Efe agentziak bildutako datuen arabera, argindarra merkatzeko tresna izan ez balitz, 274 eurora iritsiko zatekeen megawatt-ordua, hau da, %15,6 garestiago.
Kontuan hartu behar da INEk merkatu arautuan dauden fakturak soilik hartzen dituela kontuan KPIa neurtzean, nahiz eta gaur egun familien %40 baino gutxiago diren tarifa horretan daudenak. Egoera zuzentzeko agindua du estatistika erakundeak, baina kexatu izan da argindar konpainiek ez dizkiotela datuak helarazten.
Elikagaiak, %12 garestiago
Ekaineko datuak erakusten du beste sektoreetara hedatzen ari dela energiak eragindako inflazioa. Enpresak beren produktu eta zerbitzuen prezioetara eramaten ari dira garraio eta ekoizpen kostuen igoera, eta hori elikagaietan ikusten da argien. INEk dioenez, azken urtean %12 igo da haien prezioa. Agustin Markaide Eroskiko buruak atzo aitortu zuenez, produktu merkeagoetara eta marka zurietara bideratzen ari da orain herritarren gastua.
Olioa da azken urtean prezio igoerarik handiena izan duen produktua (+%33), Ukraina da ekilore olioaren esportatzaile nagusia, eta haren esportazioak gutxitzeak eskasia eragin du une batzuetan, baina baita eskasi horri etekina atera nahi diotenen erabakiek ere.
Asko garestitu dira arrautzak (%29,5), fruta (%17,5), zerealak eta esnea (%17), patatak (%12,5), eta ogia ere bai (%10,1).
Haragien artean, behikiaren (%12,4) eta oilaskoaren prezioa igo da gehien (%11,7). Txerrikia duela urtebete baino %9,2 garestiago dago, eta ardikia, berriz, %4,9 garestiago.
Azpiko inflazioan ikusten da prezioen goititzea zabaltzen ari dela. Ekainean, %5,2ra heldu da azpiko inflazioa, hau da, atalik gorabeheratsuenak —elikagai freskoak eta energia— kontuan hartzen ez dituena.
Energiak eta elikagaiek %9,7raino igo dute inflazioa Hego Euskal Herrian
Ekaineko beroaldiak berriro garestitu du argindarra. Erregaiak inoizko prezio handiena izan du, eta deskontuen efektua indargabetu du. Elikagaien garestitzea ez da eten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu