Espainiako Gobernuak energia konpainiei ezohiko irabaziengatik ezarritako zerga iraunkor bilakatzea eragotziko duen lege zuzenketa bat onartu dute. Era berean, asko leunduko du bankuen irabazitakoei ezarritakoa. Azken asteetan, zerga horiek iraunkor bilakatzeko aukera eztabaida iturri izan da Espainiako Gobernuaren eta inbestidurari bide eman zioten alderdien artean, eta EAJ eta Juntsek jendaurrean esana zuten neurria ez zutela gustuko. Ezkerreko bazkideei dagokienez, EH Bilduk, ERCk eta Sumarrek horren aurka doazen zuzenketak aurkeztu dituzte.
Noiz-eta enpresa multinazional handiei —750 milioi eurotik gorako negozio bolumena dutenei— gutxieneko zerga bat ezartzeko lege aurreproiektuari zuzenketak ezartzeko azken egunean iritsi dira aldaketak. Espainiako Gobernuak legezko bide hori erabili zuen iraunkor bilakatzeko energia enpresa eta bankuen ezohiko irabaziei ezarritako zerga. Azken egunetan Espainiako energia enpresa handiek presio handia egin dute, eta zerga indargabetu ezean inbertsio estrategikoak arriskuan egon zitezkeela esan. Repsol petrolio konpainiak, esaterako, Katalunian egin asmo dituenak aipatu zituen.
EAJk argitu du haien jardunarekin zerikusirik ez duten faktoreengatik «indargabetu» duela Espainiako Gobernuak energia enpresen tributua
Presio horiek eragina izan dutela dirudi, baita EAJ eta Juntsen jardun politikoak ere. EAJ izan da hain zuzen energia enpresen zerga «indargabetzeko» zuzenketa onartua izan dela zabaldu duena. Hori bai, alderdi jeltzaleak ohar bidez argitu du haien jardunarekin zerikusirik ez duten faktoreengatik indargabetu duela Espainiako Gobernuak tributu hori. Are gehiago, zehaztu dute, euskal ogasunen esku utziz gero, prest leudekeela energia enpresen irabazien gaineko zerga hori iraunkor bilakatzeko.
Ohar berean alderdi jeltzaleak nabarmendu du bankuen eta multinazional handien irabaziei erantsiko zaizkien zerga berriak Hego Euskal Herriko ogasunen menpe geldituko direla, eta haiek arautu ahal izango dituztela. «Erabaki garrantzitsu honek euskal autogobernua indartu egiten du», goratu du Aitor Esteban diputatu jeltzaleak. Zerga horiekin Eusko Jaurlaritzak 119 milioi euro jasotzea espero zuen hurrengo urtean; hori bai, aldaketen aurretik eginikoa da kalkulua.
Bankuena, 2028ra arte
Lege aurreproiektuari eginiko zuzenketen inguruko xehetasun guztiak oraindik plazaratu ez diren arren, Madrilgo hedabide batzuek zabaldu dute bankuen irabazien inguruko zerga leunduko dela, eta hura gutxitzeko eskema mailakatu bat ageri dela zuzenketetan. Gainera zerga ez da betierekoa izango, oraingoz hiru urtez mantenduko baita, 2028ra arte. Aldaketa horiekin batera tabakoaren —bapeatzeko gailuen likidoen gaineko zerga igo dute—, hidrokarburoen eta kapitalaren errentei eragiten dieten hainbat aldaketa adostu dituzte.
Espainiako Gobernuari dagokio orain azalpenak ematea eta aldaketaren zergatia argitzea. Ziurtzat jo daiteke inbestidurari bide eman zioten ezkerreko alderdiek txartzat jotzea. Sumar oso irmoa izan da haren aurka, eta EH Bilduk eta ERCk zerga horiek iraunkor bilakatzeko zuzenketak erregistratu dituzte. Aldaketa guztiak Espainiako Kongresuan bozkatu beharko dira.
Dieselaren gaineko zerga
Adostutako zuzenketetan dago ere ere dieselaren zerga igotzea litroko 0,47269 eurotaraino. Horrela, apirilaren lehenetik aurrera, gasolioaren zergapetzea parekatuta geratuko da gasolinarenarekin.
Hori bai, neurria ez zaie ezarriko garraioko profesionalei. Eta beste salbuespen bat ere aurreikusi da: Zerga litroko 0,35 eurora apalduko da gasolio litroak bi euroak gainditzen baditu hilabetetan jarraian, eta bigarren hilabete horretan Brent upelaren salneurria aurreko hilabetekoa baino handiagoa bada.