Energia kontsumoak eta emisioek marka hautsi zuten 2023. urtean

Europan eta Ipar Amerikan jaisten ari da energia kontsumoa, baina ez Asiako hazkundea konpentsatzeko adina. Berriztagarrien ekarpena handitzen ari da, baina energia osoaren %15era ez da iristen.

Ikatza erretzen duen zentral termiko bat, Bitolan (Ipar Mazedonia). GEORGI LICOVSKI / EFE
Ikatza erretzen duen zentral termiko bat, Bitolan (Ipar Mazedonia). GEORGI LICOVSKI / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 20a
16:07
Entzun

Karbono dioxido isurien emisioen beherakada ikusi nahi dutenek beste urtebetez itxaron beharko dute. Energia kontsumoa da gas kutsagarrien sortzaile nagusia, eta, 2022. urtearekin alderatuta, haren kontsumoa %2 handitu zen iaz, Energy Instituteren urteroko txostenaren arabera. Maila horretan handitu ziren CO2 emisioak ere (%2,1), nahiz eta energia berriztagarrien pisua inoizko handiena den: energia kontsumoaren %14,6 ere izan zen iaz, 2022an baino lau hamarren gehiago. Maila horretan jaitsi da erregai fosilen kuota, %81,5eraino.

Laburbilduz, berriztagarrien hedapena ez dela nahikoa izaten ari behingoz eteteko planetaren berotzea eragiten ari diren gas kutsagarrien emisioen gorakada. «Energia trantsiziorako urratsak motelak dira», aitortu du Nick Wayth Energy Instituteko buruak, baina ohar bat ere egin du: «Argazki orokorrak istorio oso desberdinak ezkutatzen ditu». Horien arabera, Europan energia kontsumoak eta emisioek goia jo dute, eta, motelago bada ere, prozesu horretan dago Ipar Amerika ere. Egoera oso bestelakoa Asian, energia gehiago kontsumitzen eta gehiago kutsatzen ari baitira. 

Hauek dira txostenaren emaitzetako batzuk:

Energia kontsumoa

Munduak 620 exajoule energia primario kontsumitu zituen 2023an, aurreko urtean baino %2 gehiago. Inoizko kopururik handiena da, eta 2013an baino %15,4 gehiago. Urte hori izan zen herrialde aberatsek kontsumoaren erdia baino gehiago egin zuten azkena. Orduz geroztik, Hegoalde Globalaren kontsumoa areagotu da gehien, bereziki Txinarena eta Indiarena, eta 2023an kontsumoaren %56 egin zuten. Aldi berean, kontsumoa behera egiten ari da herrialde aberatsetan. Europan, 78 exajoule kontsumitu ziren iaz, 2022an baino %2,2 gutxiago; 2013az geroztik, %10 jaitsi da. Ipar Amerikan, 2018an jo zuen goia (119 exajoule), baina, orduz geroztik, %2,1 jaitsi da. 

Kontrako aldean daude Txina (122 exajouletik 171ra igaro da), India (26tik 39ra) eta Ekialde Hurbila (30etik 40ra). Hazkunde apalak daude Hego Amerikan eta Afrikan.

Karbono emisioak

Energiak, industriak eta gas ihesak eragindako CO2 emisioak %2,1 handitu ziren iaz, 40 gigatoiraino —horietatik 35 gigatoi energia sorkuntza hutsari dagozkio—. Inoizko kopururik handiena da, eta horren erdia baino gehiago Asian egiten da. Europan, %18,9 txikitu dira 2013az geroztik, eta %7,5 Ipar Amerikan. Txinak kutsatzen du gehien (12,6 gigatoi), baina han ere emisioen hazkundea moteltzen ari da, berriztagarrietan egiten ari den inbertsioarengatik.

Petrolioa

2022an, lehen aldiz, egunean 100 milioi petrolio upel baino gehiago kontsumitu ziren munduan, eta 2023an are gehiago handitu da kontsumoa, 103,4 milioiraino. Europan %1 txikitu zen, baina gora egin zuen Ipar Amerikan (+%0,8) eta Asia-Pazifikoan (+%5). AEBak dira ekoizle nagusia (12,9 milioi upel), eta haren ekoizpenaren hazkundeak (+%8,5) konpentsatu du Saudi Arabiaren (-%8,6), Irak (-%3,9) eta Arabiar Emirerri Batuen (-%3,4) apaltzea.

Gasa

Gas kontsumoa nahiko egonkorra izan zen 2022arekin alderatuz gero (lau bilioi metro kubiko), baina aldaketak izan ziren merkatuan. Prezioa %30 eta %60 artean txikitu zen, eta, Errusia eta EB lotzen dituen gasbideak praktikoki itxita daudenez, GNL gas natural likidotuaren pisua handitu zen hodiz garraiatzen denaren kaltetan. EBk oraindik GNL asko inportatzen du Errusiatik, baina 2023an soilik bere gas beharraren %15 betetzen zuen hangoarekin —%45 ziren 2021ean—.

gasa
Errusiako gas likidotua garraiatzen zuen itsasontzi bat, Bilboko portuan. LUIS TEJIDO / EFE

Ikatza

Planetaren berotzea moteltzeko funtsezkoa da ikatz kontsumoa jaistea, hura baita CO2 isurlerik handiena. Bada, Energy Instituteren txostenak berri txarrak ditu: 179 exajoule ikatz erre ziren iaz, inoizko gehien, eta 2022an baino 2,5 exajoule gehiago. Txina (+4) eta India (+2) dira erantzule nagusiak, kontsumoak behera egin baitu Europan (-1,6) eta Ipar Amerikan (-1,7). Berez, lehen aldiz, azken bi horiek baino ikatz gehiago erre du Indiak, eta haren kontsumoa handitzeko asmoa du New Delhiko gobernuak, industrializazioa bultzatzeko.

Argindarra eta berriztagarriak

Energia berriztagarrien hedapena bizkortu egin zen 2023an: 276 GWeko potentzia instalatu zen, eta txiki utzi zuten 2022ko marka (186 GW). Horietatik hiru laurden energia fotovoltaikoari dagozkio, eta Txina da hor jaun eta jabe (hirutik bat).  Eolikoan ere Asiako erraldoiaren pisua oso handia da: instalatutako 116 GWetatik %66 han jarri ziren, eta jada Ipar Amerikak eta Europak adina argindar ekoitz dezake haize erroten bitartez.

Energia berriztagarriek argindarraren sorkuntzan duten zatia puntu bat hazi da, %30eraino. Hego Amerikan %72 da, zentral hidroelektriko handiei esker. Argindar iturri nagusia, ordea, ikatza da (%35), baina haren pisua asko jaisten ari da herrialde aberatsenetan —Europan, %17tik behera dago dagoeneko—. Beste erregai fosilek laurden bat ekartzen dute: %22,5 gas naturalak, eta %2,3 petrolioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.