Energia kontsumoa jaitsi egin zen iaz Hego Euskal Herrian

Gas naturalaren erabilera apaldu zen gehien (-%23), batez ere ziklo konbinatuen eskaria txikiagoa izan zelako. Argindarraren kontsumoa %3,3 jaitsi zen, eta erregaiena, %4,9.

CASTEJONGO ZENTRALA
Castejon 2 ziklo konbinatuko zentrala, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 29a
05:00
Entzun

Lotuta egon ohi dira energia kontsumoaren hazkundea eta barne produktu gordinarena, baina lotura hori hausten ari da, Mendebaldean behinik behin. Parte bat egotzi dakioke energia kontsumo handiko industriaren zati bat Asiara joan izanari eta ekonomian zerbitzuak nagusi izateari, baina beste bat energiaren erabilera eraginkorragoaren ondorio da. Horri batu behar zaio energia berriztagarrien hedapenak gutxitu egin duela energia hori sortzeak atmosferara isurtzen duen CO2-a. Europako Batasunean, ekonomia 1990ean baino %66 handiagoa den arren, CO2 isuriak %30 txikiagoak dira.

Hego Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen da. Energiaren kontsumoari buruzko datu osatuak ez dira aurrerago arte kaleratuko —EEE Energiaren Euskal Erakundeak, esaterako, uda hasieran argitaratu ohi du aurreko urteko txostena—,  baina energia iturri nagusien kontsumoari buruz aurreratu dituzten lehen datuek erakusten dute haien guztien erabilera apaldu egin zela 2023. urtean; BPGa, berriz, %1,8 handitu zen.

Gasa: zentralen eragina

Beherakadarik handiena gasaren kontsumoan gertatu da. Cores Espainiako Petrolio Produktuen Erreserba Estrategikoen Korporazioak astelehenean argitaratutako datuen arabera, 36.550 gigawatt-ordu gas kontsumitu zituzten iaz Hego Euskal Herriko herritarrek eta enpresek, 2022an baino %23,7 gutxiago.

Berriztagarrien ekoizpen handiagoak azaltzen du jaitsieraren parte bat —ziklo konbinatuko zentralek heren bat gutxiago ekoitzi dute gutxi gorabehera—, baina negu eta udazken epelek ere eragin dute etxeko kontsumoa apaltzea.

Gas naturalaren kontsumoak goranzko joera izan du azken hamarkadan. 2014tik 2022ra, %33 handitu zen haren erabilera, eta 2022an jo zuen goia. Hego Euskal Herrian, 47.781 milioi gigawatt-ordu.

Gas naturala batez ere argindarra sortzeko baliatzen da (%60), eta Euskal Herrian horretan aritzen diren sei zentral daude: hiru Bizkaian —Santurtzin, Zierbenan eta Boroan— eta beste hiru Nafarroan —Castejonen—. Heren bat inguru gastatzen du industriak, eta %10 baliatzen da etxebizitzak berotzeko edo etxe horietan ur beroa izateko.

Petrolioa: gasolioa behera, gasolina gora

Apalago bada ere, txikitu egin da beste erregai fosilaren kontsumoa, petrolioaren eratorriena. Coresen behin-behineko datuen arabera, 2.889.470 erregai tona salerosi ziren iaz Hegoaldean, aurreko urtean baino %4,9 gutxiago. Kontsumitu agian gutxiago kontsumitu da, jakina baita Hegoaldeko gasolindegietako bezero asko Frantzia zeharkatu duten edo zeharkatzera doazen garraiolariak edo turistak direla, eta Lapurdiko herritar askok ere muga zeharkatzen dutela gasolina eta gasolio merkeagoa erosteko. 

Edonola ere, bi erregai nagusien artean bada alderik. Gasolina salmentak %9,4 handitu dira, azken hamar urteotan bederen ikusi ez diren kopuru batzuetaraino (314.697 tona). Hazkunde horren arrazoia izan daiteke azken urteotan saldu diren autoen artean gasolinazkoak izan direla jaun eta jabe, etagasolioa erretzen dutenak ordezkatu dituztela hein batean.

gasolindegia
Gasolindegi bat.

Baina aintzat hartu behar da saltzen den gasolina litro bakoitzeko bederatzi edo hamar litro gasolio saltzen direla, erregai hori baliatzen baitute gehien kontsumitzen duten ibilgailuek —kamioiek, autobusek, furgonetek—. Gasolioaren salerosketak 2018an jo zuen goia, 2,84 milioi tonarekin, baina iaz 2,57 milioi tona izan ziren, %9,4 gutxiago.

Argindarra: beheranzko joera

Petrolioaren eratorriak batez ere garraioan erabiltzen dira (hamarretik zazpi edo), baina arlo horretan espero da argindarrak garrantzia hartzea hurrengo urteotan, ibilgailuak elektrifikatu ahala. Oraindik, ordea, ezin da esan haren eragina asko antzematen denik. Iaz Hego Euskal Herrian saldu ziren autoen %7,4 baizik ez ziren elektrikoak izan, eta kopuru horiek apalagoak dira ibilgailu handietan.

Elektrifikazioak bizkortu ahala argindar kontsumoak gora egitea espero dute energia merkatuaren analistek, baina oraindik ez da halakorik ikusi. Are gehiago, iaz jaitsi egin zen argindar kontsumoa Hego Euskal Herrian. Eustaten eta Nastaten behin-behineko datuen arabera, 19.027 gigawatt-ordu kontsumitu ziren, 2022an baino %3,3 gutxiago.

2015era joan behar da argindar kontsumoaren marka ikusteko (20.642). Gorabehera batzuk izan ditu orduz gero, baina 2018az geroztik beheranzko joera garbia ikusten da —2020ko salbuespenarekin, noski—. Industria da argindar kontsumitzailerik handiena.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.