Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak jarraitzen du orekari jardunean, nahiz eta gero eta zailago zaion sokan irautea. Kongresuan behin eta berriz derrigorrezko du PPrenak eta Voxenak ez beste talde guztien botoak bereganatzea, eta, orain arte oztopo handienak gainditu baditu ere, badirudi mugarri bat iritsi dela energia konpainien gaineko zergapetzearekin.
Gai hori izango ote da soka tenkatu eta Sanchezi sostengua kenduko diona? Giroa nahastu du, behintzat.
Gaur arratsaldean, bilera egin dute Espainiako Ogasuneko ordezkari sozialistek, Sumarreko gobernukideek eta Sanchezen ezkerreko beste bazkideek: Podemosek, ERCk eta EH Bilduk. Han adostu dute, berriz ere, lege dekretu bidez luzatu egingo dutela energia konpainien gaineko tributu bereziaren indarraldia, zeina 2024. urtearekin iraungiko den.
Hori bai, gauzak asko aldatzen ez badira, lege dekretuak ez du behar besteko babesik izango Kongresuan haren berrespena bozkatu behar denean, dagoeneko jakina baita EAJk eta Juntsek ezetz bozkatuko dutela. Bi alderdiak ez dira bileran izan.
El PNV nunca dijo que iría a esa 'comisión'. Esto dijo el PNV el 21-N. Pueden dar fe más de 170 periodistas que recibieron este mensaje a las 13:36 de ese día. Que digan ellos y ellas si miente @AITOR_ESTEBAN o si quien falta a la verdad (y al respeto) es @ionebelarra. https://t.co/9JJhWPHDEPpic.twitter.com/xg4rrHOjre
— Grupo Vasco (EAJ-PNV) Congreso (@EAJPNV_Congreso) December 11, 2024
Bileraren aurretik, Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak adierazpenak egin ditu, Aitor Esteban jeltzaleari leporatuz Repsoleko Josu Jon Imazek ez diola utzi bilerara joaten, «horretarako konpromisoa hartu bazuen ere». EAJk gogor erantzun dio alderdiak inoiz ez duela esan negoziazio horretara joango zenik, eta gaineratu du Belarra ez zela egia esaten ari. Lehenago, Aitor Estebanek adierazi du bilera hori «plantak egiteko» zela, «batez ere Podemosek plantak egiteko».
Kongresuko ika-mika puntualak gorabehera, gobernuak ia ezinezkoa izango du EAJ lege dekretuaren alde jartzea, besteak beste, lege dekretuaren bide horrek eragotzi egiten duelako zergaren kudeaketa hiru aldundietara eta Nafarroako Gobernura ekartzea.
Eta bileran izan ez den beste alderdia, Junts, gero eta gogorrago ageri da gobernuaren aurka. Energia konpainien gaineko zergari buruz, lehen eta orain esan du ez duela onartuko enpresa horiek Katalunian egin asmo dituzten inbertsioak arriskuan jarriko dituen zergarik. Repsolek, adibidez, inbertsio handiak aurreikusi ditu Tarragonako portuan.
Akordio bateraezinak
Azaroan, Ogasun Ministerioak Juntsekin akordio bat egin zuen, non adosten zen zergapetzetik kanpo geratuko zirela energia enpresek deskarbonizazioan egiten zituzten inbertsioak —ERC, Bildu eta BNGrekin zergaren luzapena adostu ostean, eta Podemosekin negoziazio mahai bat osatzea hitzartu eta gero—. Deskarbonizazioaren baldintza hori izan daiteke Sanchezi gai honetan irtenbidea topatzeko geratzen zaion giltza.
Eta bitartean, gobernuaren argudioa da tramitatzeko denbora gehiago eskatzen duen lege batean jaso asmo duela energia konpainien gaineko beste zerga bat, orain arteko tributua ordezkatzera etorriko litzatekeena.
Edonola ere, eskuinetara eta ezkerretara gobernuaren sokari eusten dioten bazkideak gero eta urrunago ditu Pedro Sanchez orekariak.