Energia konpainien gaineko zerga berezia ez berritzea adostu zuen atzo Espainiako Gobernuak Juntsen eta EAJren babesarekin, eta «erabakia positiboa» dela esan du gaur Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak.
«Bukatu da arazoa», azaldu die analistei Imazek, Repsolen irailera arteko emaitzen berri ematerakoan. «Orain arreta etorkizunean eta datozen aukeretan jartzeko ordua da. Atzo ikusi genuen erabaki positibo horrek modua ematen digu Espainian aurreikusitako industria inbertsioekin aurrera egiteko».
Repsolek denbora batez izoztuta eduki ditu Espainiako inbertsioak, hain zuzen zerga bereziarekin konforme ez zegoelako. Gainera, erabakia hasieratik eraman zuen auzitara. Imazek berak artikulu gogorra idatzi zuen orain pare bat aste, zerga luzatzeko Espainiako Gobernuaren asmoen kontra.
Erlazionatuta
EAJk eta Juntsek ia berehala agertu zuten ez zutela asmoa babestuko, eta jarrera hori berretsi zen atzo, proposamena jasotzen zuen zuzenketa bertan behera utzi zutenean.
Repsolek 1.792 milioi euro irabazi ditu urtarriletik irailera, iaz baino %36 gutxiago, petrolioaren prezio jaitsieren eta findegietako marjina txikiagoen eraginez. Akzioko 0,475 euroko dibidendua emango du urtarrilean.
Bankuak, haserre
Aldiz, bankuen irabazien gaineko zergak aurrera jarraituko du, eta entitateak ez daude gustura.
Caixabankek erakutsi du haserre handiena zergaren inguruan. «Caixabank tasa deitu beharko genioke», esan du Gonzalo Gortazar Caixabankeko kontseilari ordezkariak. Bere bankuak ordainduko du gehien zergarekin, tamainaren araberako zerga baita.
Sektoreko bi patronal nagusiek, AEBk eta CECAk, ez dute baztertu neurria auzitara eramatea.