Energia fotovoltaikoaren alde txarretako bat da eremu handiak okupatu behar izaten direla, eta ez dutela beste ezertarako erabiltzeko modurik ematen. Urmaeletan eta urtegietan ere antzera gertatzen da, zaila baita ur azalari probetxua ateratzea. Duela hamarkada bat energia berriztagarrien sektoreak ikusi zuen bi arazo horiek uztartuz onura atera zitekeela, eta eguzki plaka parkeak instalatzen hasi ziren ur gainean. Orduz geroztik, hala ekoitzitako energia kantitateak gora egin du izugarri.
Jon Ander Agirrebengoa Emica Solar konpainiako zuzendariak eman ditu datuak: 2015. urtean, munduan soilik hamar megawatt fotovoltaiko zeuden instalatuta uretan; bost urte geroago, bi gigawatten langa gainditu zen. Hau da, berrehun aldiz handitu zen ahalmena.
Gaur egun, lau terawatt daude instalatuta, hasieran baino laurehun aldiz gehiago. Dirutan, 270 milioi dolarreko negozio bolumena aurreikusi dute aurtengo, eta 2033. urterako 1.200 milioi dolar baino gehiagoko bolumena izango duela kalkulatu dute.
Abantailak
- Erosotasuna. «Erraza eta arina» da instalazioak muntatzea eta desegitea.
- Efizientzia. Eguzki plakek energia gehiago xurgatzen dute, hautsak gutxiago erasaten dielako eta ez direlako horrenbeste berotzen.
- Tokia. Ez du beste erabilera batzuetarako izan litekeen lurzorurik okupatzen, nekazaritzarakoak litezkeenak batez ere.
- Ura. Eguzki panelek estalki modura funtzionatzen dute, eta, ondorioz, lurruntzen den ur masa txikiagoa da. «Lehorteetan garrantzi berezia du. Ikerketa batzuek diote 1.250 milioi metro koadro lurruntzea galarazten dela».
- Biodibertsitatea. Animalia espezie batzuk babestu egiten ditu. Eguzki panelek eratzen duten gerizpeari esker, desagertu egiten da urtegi eta lakuetako kutsaduraren arrazoi nagusietako bat: algen hazkunde neurrigabea. Halere, AEBetako Cornell unibertsitateak egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen berotegi efektua azkartzen duten isuriak ugaritu egiten direla estalitako urtegietan, eta urak biltzen duen oxigeno kantitatea txikitu.
Emica Bombas Bizkaiko enpresaren adar bat da Emica Solar, eta ur gaineko parke fotovoltaikoen instalazioetan espezializatua dago. Duela ia bi urte egin zuten lehen instalazioa, Miñaon, Arabako teknologia parkean. Orain arte lortutako emaitzekin gustura agertu da Mikel Lopez de Lacalle Emicako gerentea, eta kontatu du atzerrira esportatu dutela eredua. Bereziki, Espainia hegoaldera. Han, urmaelak Euskal Herrian baino gehiago eta handiagoak dira, eta eguzki orduak ere ugariagoak dira. «Hazteko toki aproposa da, potentzialitate handia duelako eta beharra ere handiagoa delako».
2025. urtean are gehiago hedatzeko itxaropena dute. Lehen aldiz, milioi bat euro fakturatuko dutela aurreikusi dute. Eskariari aurre egiteko, kapitala handitu dute, eta, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hartu dute parte. «Teknologia honen eta Emicaren alde apustu egin dugu gobernuaren balioekin bat datorrelako. Industria gehiago, teknologia hobea, eta emisio gutxiago», arrazoitu du Irantzu Allende Trantsizio energetikoko sailburuordeak. 250.000 euroko ekarpena egin du Eusko Jaurlaritzak.
De Lacallek iragarri du kapital handiagoarekin aukera izango dutela produktuak hobetzeko. «Konpetentzia gero eta handiagoa da, baita basatiagoa ere. Kalitateak gu bereizi egitea lortu behar dugu». Era berean, lan taldea handitu eta bezero gehiagorengana ere iritsi nahi dute.
Presarik ez dute nahi
Orain arte, urmaeletan egin dituzte instalazioak, baina Agirrebengoak ez du baztertu hurrengo urteetan Euskal Herriko urtegiren batean jartzea. «Oso aukera onak izan daitezke. Ikerketak egiten eta lehen pausoak ematen ari dira, baina hasiera fasean daude, eta araudia ere oso berria da. Lehen proiektua aurten ikustea zaila izango da, baina lanean hasi behar dugu». Halere, Agirrebengoak azpimarratu du Emicak ez duela proiekturik diseinatzen, hornitzailea dela.
Presarik ez dela izan behar adierazi du, eta ur sakonetan sartu baino lehenago azalean egin behar dela igeri. «Hemen hamabi megawatteko proiektuak egiteko ahalmena eduki arren, aurrena megawatt bateko proiektuak egin behar dira. Eta megawatt bat ekoizteko, aurrena ehun kilowatt ekoitzi behar dira. Pausoz pauso joan behar da».
Urtegietara jauzi egiteko denbora behar da, eta Agirrebengoak eta De Lacallek ez dute itsasoa aipatu ere egin. Halere, herrialde batzuetan itsasoko kokalekuetan ere saiakuntzak egiten hasi dira. Itsasoko olatuak gainditu beharreko erronka da oraindik, eta inguru lasaietan ari dira egiten lehen probak.
100Kilowatt: horixe ekoizteko ahalmena du Miñaoko instalazio fotovoltaiko flotagarriak. Hau da, 35 etxebizitzaren kontsumoa asebetetzeko ahalmena du, bi multzotan banatutako ia berrehun panelen bidez. Teknologia parkeko eraikin nagusiaren energia eskariaren %30 horrela lortu da.
Ur gaineko eguzki plaken funtzionamendua soroetan edo teilatuen dauden panelen bera da. Panelek xurgatu egiten dute eguzki argia, eta, ondorioz, elektroiak askatzen dira. Haiek mugitzean, elektrizitate korrontea sortzen da. Korronte hori jaso eta sare orokorrera bidaltzen da, erabiltzailearen beharrak asetzeko.