Energia biltegiratzeko ahala sei halakotzera deitu du IEAk, 2030erako helburu klimatikoak betetzeko

Baterien ekarpena «erabakigarria» izango da berriztagarrien hedapenerako eta energia segurtasuna bermatzeko, erakundeak gaur argitaratu duen txostenaren arabera.

Eguzki energia biltegiratzeko bateria bat. YAHYA ARHAB / EFE
Eguzki energia biltegiratzeko bateria bat. YAHYA ARHAB / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko apirilaren 25a
12:55
Entzun

Energia berriztagarriekin lotutako teknologiek hazkunde nabarmena izan dute azken urteetan, baina guztietan garapen azkarrena izan duena bateriena izan da, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak gaur kaleratu duen txostenaren arabera. Eskariaren gorakadak hauspotu du baterien hazkundea. IEAren ustez, horretan eragin zuzena izan dute ekoizpen kostuen merkatzeak, teknologia berrikuntzek eta industria politikek. Energia biltegiratzeko ahalmena areagotzen jarraitzera deitu du, COP28an 2030erako ezarritako helburuak bete ahal izateko. Txostenaren esanetan, ezinbestekoa izango da biltegiratze bolumena sei halakotzea xede horiek lortzeko.

IEAko zuzendari Faith Birolek adierazi du bateriek bultzada handia emango diotela energia berriztagarriei epe motzean. «Eguzki energia fotovoltaikoaren eta baterien arteko konbinazioa lehiakorra da Indiako ikatz planta berriekin. Eta urte gutxiren buruan, Txinako ikatz planta berriak baino merkeagoa izango da, eta gas errekuntza bidezko AEBetako energia baino merkeagoa. Bateriak jokoa aldatzen ari dira gure begien aurrean».

IEAren iritziz, erabakigarria da bateriek zer rol jokatzen duten trantsizio energetiko seguru baterako . «Ekarpen erabakigarria» izan dezakete, batez ere, bi arlotan: batetik, energia berriztagarrien garapenean, horiek erregai fosilen alternatiba izan daitezen argindar ekoizpenerako; bestetik, errepideko garraioaren deskarbonizazioan.

%130

Energia sektorean bateriek izan duten hedapenak bikoiztu egin du 2022an zutena. Horrenbestez, 42 gigawatteko biltegiratze ahalmena gehitu zuen iaz munduko gaitasun osoak, eta 268 gigawattera iritsi zen.

Argindarraren sektoreari dagokionez, bateriek aukera ematen dute kontsumitzen den baino energia gehiago ekoizten denean hura alferrik ez galtzea, eta ekoizpenak kontsumoa asetzen ez duenean hura erabili ahal izatea. Modu horretara, eguzki nahiz haize energiaren ekoizpen gorabehera handiak lausotzen dituzte. Horrez gain, energia sarean argindarraren tentsioa eta frekuentzia kontrolatzen dute.

Garraioaren esparruan, baterien garapenak ekarri du auto elektrikoen salmentak azkar ugaritzea. 2020an hiru milioi auto elektriko saldu ziren munduan, eta hamalau milioi auto izan ziren iaz —4,7 bider gehiago—. IEAk uste du salmentak %20 handituko direla aurten.

Gaur egun, energia sektorearena da bateria eskaeraren zatirik handiena: eskari osoaren %90. Iaz, %130 handitu zen baterien hedapena esparru horretan, eta 42 gigawatteko (GW) biltegiratze ahalmena gehitu zion. Hala, munduko biltegiratze gaitasun osoa 268 GW-era iritsi zen. IEAk ohartarazi du 1.500 GW-eko ahalmena beharko dela 2030ean, COP28an zehaztutako helburuak bete ahal izateko. Helburu horien artean daude energia berriztagarrien ekoizpena hirukoiztea eta energia eraginkortasuna bikoiztea hamarkada amaierarako, eta energia trantsizio bat bultzatzea erregai fosilak alboratuta. Agentziaren arabera, trantsizio hori arriskuan izango da baterien hedatzea behar bestekoa ez bada.

Horniduran, «dibertsitatea»

Hazkunde hori posible izan dadin, baterien ekoizpen kostuak gehiago merkatu beharko dira, «kalitatea eta teknologia apaldu gabe». Bestalde, «dibertsitate handiagoa» beharko da hornikuntza kateetan. Besteak beste, baterietan erabiltzen diren «mineral kritikoen erauzketan eta prozesamenduan». IEAk adierazi du herrialde batzuk ari direla baterien tokiko ekoizpena sustatzeko politikak ezartzen. Gaur egun, Txina da bateria ekoizlerik eta hornitzailerik handiena, baina, IEAren esanetan, AEBek eta Europako Batasunak onartu dituzten industria planak betetzen badituzte, beren ekoizpen propioarekin ase ahal izango dute 2030erako helburuen arabera beharko duten bateria kopuru ia osoa.

Bateriak egiteko behar diren mineral kritikoen egoeraren berri emateko, beste txosten bat ari da prestatzen IEA, eta maiatzaren erdialdean argitaratuko du.

Agentziak nabarmendu du bateriek egiteko garrantzitsua dutela 2030. urterako «energia sarbide unibertsala» bermatzeko munduan. Txostenaren arabera, etxeko eguzki-energia sistemen edo bateria bidezko sare txikien moduko irtenbide deszentralizatuek argindarrerako sarbidea eskaintzen diete 400 milioi laguni garabidean diren herrialdeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.