Energia berriztagarrietako beste enpresa baten lema galduko du Euskal Herriak

Suediako EQT Infraestructurek Getxoko Solarpack erosiko du, eta enpresa fotovoltaikoaren bazkide fundatzaileek 445 milioi lortuko dituzte

Solarparck burtsara atera zen eguna, 2018ko abenduan. Pablo Burgos eta Jose Galindo buruak. MIGUEL TOÑA / EFE.
Xabier Martin - Iker Aranburu
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Trantsizio ekologikoa gero eta garbiago uzten ari denean energia berriztagarriak direla industriaren oraina eta geroa, iritsi da estrategikotzat jo daitekeen beste euskal enpresa baten lemaren galera. Getxoko Solarpack salduko diote haren bazkide fundatzaileek, Jose Galindez eta Pablo Burgos buru direla, Suediako EQT Infraestructure inbertsio taldeari, Idealista Espainiako higiezinen merkatuko liderretako baten jabeari. Eguzki energiako konpainiaren %100 lortzeko Erosketa Eskaintza Publiko bat egin du EQT Infraestructurek, 881 milioi euro guztira, eta Solarpackeko bazkide fundatzaileek 445 milio patrikaratuko dituzte operazio horri esker. Euskal Herriak, berriz, energia berriztagarrien alorreko beste konpainia baten erabakigunea galduko du, atzerriko kapitalaren menpe geratuko baita.

Solarpackek Algortan du egoitza (Getxo, Bizkaia), eta parke fotovoltaikoak instalatzen eta kudeatzen ditu Espainian, Indian, Uruguain, Txilen eta Perun. 2007an sortu zuten enpresa Galindez eta Ibarra Kareaga familiek, Neguriko burgesiako kideak biak. Gaur egun, akzioen erdia baino gehiago dituzte Galindeztarren hiru funtsek (Beraunberri, Landa eta Burgess 2007), eta beren zatia EQTri saltzea adostu dute. Trukean, hiru funtsek dirua jarriko dute EQTk operaziorako baliatuko duen adarrean, Veleta VidCon.

Ministro Kontseiluaren zain

EQTk 26,5 euro eskaini ditu Solarpacken akzioen truke, asteartean enpresaren akzioak burtsan balio zuena baino %45 gehiago (18,28). Berehala, Solarpacken tituluek maila horretara eman dute salto burtsan. Operazioak aurrera egiteko, gutxienez akzioen %75 kontrolatu beharko ditu EQTk.

Suediako inbertsio taldea 1994an sortu zuten Wallenberg familiak eta AEBetako funts batzuek. Lehenik Eskandinavian hedatu ziren, baina gaur egun inbertsioak ditu Europako beste herrialde askotan; Asian eta AEBetan ere bai. Bere enpresek 29.000 milioi euroren salmentak egin zituzten iaz, eta 175.000 langile aritzen dira funtsaren agindupeko enpresetan. Horien artean daude Idealista etxebizitzak erosteko eta alokatze bilatzailea, Parques Reunidos eta Nest etxebizitzen sustatzaile frantziarra. EQT erraldoi bat da, 26 funtsekin eta 67.000 milioi euroko balioa duten aktiboekin.

Espainiako Gobernuaren baimena beharko luke Solarpacken erosketa operazioak, Madrilek luzatuko balu hilaren amaieran bukatuko den arau berezi baten indarraldia. Dekretu horrek dio Europako Batasunekoak ez beste inbertitzaileek ezin dituztela bereganatu Espainiako enpresa estrategikoak, pandemiak eragindako krisiaren gordinean, gobernuaren oniritzia lortzen ez badute. Esaterako, Australiako IFM funtsa Madrilgo exekutiboaren oniritziaren zain dago martxan jartzeko Naturgy konpainiaren %17aren jabe egingo lukeen operazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.