Enargia kooperatibako barne krisiaren berri zabaldu ondotik, Patxi Bergara zuzendari nagusi ohiak bere kontra «gezurrezko akusazioak» egin dituztela salatu du zazpi orrialdeko agiri batean, eta langile taldearen babesa jaso du. Iban Lizarralde Enargiako lehendakariak aste hasieran jakinarazi zuen Bergara kargutik kentzea erabaki zutela, eta horren ondorioz kooperatiba osatzen duten lau langileek greba mugagabea hasi dutela. «Interes pertsonalak kooperatibaren balioen eta printzipioen gainetik» jartzea leporatu diote Bergarari.
Ikusi gehiago
Bergarak puntuz puntu erantzun ditu bere kontrako akusazioak, eta erran du «aitzakiak» baizik ez direla, bera «zigortzeko». Administrazio kontseilua abisatu gabe langileen lansariak emendatzea leporatzen zioten; Bergararen hitzetan, «inflazioari begiratuz langileen erosahalmena atxikitzea» adostu zuten, Inseeren prezio indizea oinarri hartuta. Horrez gain, 7.000 euroko lansaria eskatu izana leporatu zion Enargiako lehendakariak; Bergararen hitzetan, hori da «sektoreko hitzarmen kolektiboak ezartzen duen gutxieneko lansaria». Hein horretako kooperatiba batean «gehiegizkoa» delakoan, koefiziente «xumeagoa» adosteko proposamena egin zuen, agirian adierazi duenez.
Enargiako langileek babesa adierazi dioten Bergarari, eta adierazi dute azken urteetan kooperatibak lortu dituen emaitza onak bere gidaritzapean eramandako lanari esker izan direla.